Malen Morandeira Bera Berako eskubaloi jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 17a, 01:00

Urnietarrak Bera Bera eskubaloi taldearekin egin du debuta, 16 urte eskasekin. Oinak lurrean, ikasketak ditu lehentasun, baina oso argi du elitera iristen ahaleginduko dela.

Elkarrizketa:

16 urteko neskato lotsatia da Malen Morandeira. Argazki bat, bestea, ‘Uy, hau ez e? Ile horiekin ez!’, dio, aitak kargu hartu dion arte. Izan ere, elkarrizketa Patxi aita ondoan duela egitea erabaki du eskubaloi jokalari gazteak. Aita, eta bide batez, Bera Berako senior mailako entrenatzailea. Aste pare bat pasa dira Malenek Bera Berako lehen taldearekin debuta egin zuenetik, Kopan. 

Alcobendasen aurka izan zen, eta dozena bat minutu egon zen kantxan. Donostiako taldearekin debuta egiten duen hamalaugarren jokalari gipuzkoarra da Malen, eta debuta egin aurretik hilabete pare bat egin ditu Imanol Alvarez entrenatzaileak gidatzen duen taldearekin entrenatzen, bi egunez astero. Ikasten, trebatzen, zailtzen, eta amesten… baina oinak lurrean. Erizaintza ikasi nahi du, eta ikasketak eskubaloiaren aurretik jartzen ditu. “Oso gustura ari naiz lehen taldearekin, baina oso zaila da bidea osatu eta lehen taldera iristea, maila asko gainditu behar ditut oraindik”. 

Nolatan iritsi zinen Urnietatik Bera Bera taldera?

Infantil mailan Euskadiko selekzioarekin hasi nintzen jokatzen, eta bertako arduradunei hobetzen jarraitzeko pauso egokiena zein zen aholkua eskatu genien. Bera Bera aukera ona zela esan ziguten, eta etxean aitarekin eta amarekin aztertu ondoren ba Bidebieta auzoko taldean hastea erabaki genuen. Bera Berako jokalari batzuk ezagutzen nituen, selekzioan elkarrekin arituta, eta ondo egokitu nintzen. Entrenamenduak Urnietan baino askoz zorrotzagoak ziren, eta horretara ohitzea nekezagoa egin zitzaidan. Konpromisoa ere ezberdina da. Bera Beran lehiaketa kutsua askoz nabariagoa da, Urnietan baino. Euskal Liga jokatzea zen helburua, eta lortu genuen, baino lan handia egin eta gero. Nolabait esateko, han presioa sentitzen da, Urnietan ez hainbeste. 14 urterekin gogorra da hori kudeatzea, irabazteko presio hori existitzen delako.

Eta nola kudeatu zenuen zuretzat ezezaguna zen presio hori?

Gustuko dudan kirol jarduera da, eta horrek gauzak ondo egiten saiatzera narama. Buelta asko ematen dizkiot nire partiduei, oso zorrotza naiz nire buruarekin. Partiden atarikoak ere ez dira samurrak izaten niretzat, urduri jartzen naiz, ahal dudan guztia erakusten saiatu zalea naizelako. Beti neurri ona ematea gustatzen zait.

Kadete mailan bi urte egin eta jubeniletan hasi zinen irailean, Bera Beran. Eta azaroan, ezustekoa. Ohorezko Mailako taldearekin entrenatzeko deia. Nola izan zen?

Iazko azaro aldera edo abisatu ninduten. Ohorezko Mailako jokalari asko Espainiako Selekzioarekin zeuden, eta alboko falta zeudela esan zidaten, haiekin entrenatzen hasiko nintzela. Egun batetik bestera esan zidan nire taldeko entrenatzaileak. Lehen taldearekin astebete inguru aritu ostean, Imanol Alvarez entrenatzaileak galdetu zidan ea plangintzaren berri ba ote nuen. Ezetz erantzun nion, eta ‘Marseillan txapelketa bat jokatzen dugu, eta gurekin zatoz’, bota zidan. Handik bueltatu ondotik, astelehen eta ostegunetan lehen taldearekin aritzen naiz, bi lan saio astero.

Eta, aldaketa handia izan al da?

Itzela. Taldea osatua zegoen, iritsi nintzenean, eta kosta egin zitzaidan sartzea. Bere alde ona ere badu, nire taldera bueltatuta, asko nabaritzen baita diferentzia. Maila hobeagoko jokalariekin entrenatzen baduzu, koska bat jaisten zarenean nabaritu egiten da. 

Oraingoz ezin dut Ohorezko Mailako taldekideen erritmoan jardun, oso azkarrak direlako. Lehen astetan ez nuen apenas jaurtiketarik egiten, eta pase txar asko ematen nituen, baina orain, pixkanaka, neurria hartzen hasi naiz, erosoago sentitzen naiz.

Eta lehen taldearekin entrenatzeko deiaren ostean, debuta egiteko aukera, Kopan.

Ezustean harrapatu ninduen. Lehen taldearen partida baten atarian nire entrenatzaileak fitxa batzuk bidaltzeko esan zidan. Lehen partidan ezin izan nuen jokatu, fitxarekin-eta arazoren bat izan zelako, baina bigarrenean aulkian eseri ahal izan nintzen. Partida parekatua izan zen, eta horretan ez nuen jokatu.

Hurrengoa Alcobendasen aurka izan zen, eta Bera Bera aise irabazten ari zen. Aukera eman zidan entrenatzaileak, eta 10-15 minutu jokatu nituen.

Nola izan zen bizitzan behin bakarrik ematen den momentu hori? Zer oroitzen duzu?

Taldekideen animo asko jaso nituen, gozatzeko esanez, eta lasai egoteko. Oso gustura aritu nintzen, animo asko eman zizkidaten harmailetatik. Polita izan zen, eta entrenatzaileak berak hitz batzuk esan zizkidan, partida bukaerako agurra egin ondoren: ‘gaur bai, gaur debutatu duzu’, esan zidan. Gero sakelakoan dozenaka mezu jaso nituen, debutatu izanagatik zoriontzen. 

Maila gorenen bidea egiteko aukerarik baduzula uste duzu?

Gustatuko litzaidake, noski, inguruan dagoen maila goreneko aukerarik onena baita. Haiekin entrenatzen eta ikasten ari naiz, gustura. Baina oso zaila da. Batez ere nibel asko gainditu beharko nituzkeelako. Nahi dut, eta espero dut lortzea, baina oso gaztea naiz. Izatekotan, ez da azkar izango, ze lehen taldeko maila oso oso ona da. Denak dira jokalari apartak.

Nolakoak dira Bera Berako jokalariak?

Taldekideak neska arruntak dira, kaleko edozein emakume bezala, naturalak.

Profesionalak al dira?

Jokalari batzuk ikasi eta jokatu egiten dute, eta beste batzuk lana eta jokatu. Ez da erabat profesionala, oraindik.

Norekin moldatzen zara ondoen?

Estitxu Berasategi eta Nora Azurmendirekin, gazteenekin. Beste jokalari batzuk 28 urte dituzte, dagoeneko, eta nik 16 baino ez. Jauzi handia dago.

Eta zer moduz Imanol Alvarez entrenatzailearekin?

Ez dut asko ezagutzen, baina oso serioa da bere lanean. Bere entrenamenduak gustuko ditut. Marsellan geundenean hainbat ariketa egin zituen jokalariok elkarren artean hobeto ezagutzeko, eta oso ariketa polita izan zen.

Nolakoa da zure egun normal bat?

06.30ean jaiki, gosaldu eta 08:00tarako Hernaniko Institutura joaten naiz. 15.15ak arte. Etxera buelta, bazkaldu, eta lan saioa 19:00an badaukat, etxeko lanak egin eta gero entrenatzera. 21.30ean buelta etxera, afaldu eta lo. Batxilergoa 1 ikasten ari naiz, eta erizaintza ikasi nahi nuke Donostian, beharrezkoa den nota lortzen badut.

Ikasketak edo eskubaloia, zer lehenetsiko zenuke, bietako bat aukeratu behar izango bazenu?

Ikasketak, noski. Garbi daukat. Ez dut uste bat edo bestea hautatzeko beharrean egongo naizenik, baina hala balitz, ikasketak hautatuko nituzke.

Nor da zure idoloa?

Nora Mork norvegiarra, eta Bera Beran Karsten Elke, albokoak biak.

Zer esaten dizute lagunek?

Batzuetan ez naute ulertzen, larunbat gauez etxean geratu behar izaten naizelako. Gero animatzen naute, eta badakite zertan ari naizen. Ez dut uste sakrifizio handirik egiten dudanik, ez baitut profesionala izateko prestatzen ari naizenik sentitzen. Nire bizimodua nire adineko beste gazteen antzekoa da. Gauza txiki batzuk aldatu dira, baina denak bezala egiten dut parranda, lagunekin ibili…

Errieta egiten al dizu aitak?

Ez, eta egingo balit ere ez nioke kasurik egingo. Eskubaloian nire entrenatzailea da niretzat aholku baliagarri bakarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!