Jabekuntza eskolako ikastaroak aurkeztu dituzte

Batukada feminista, sendabelarrak, denboraren kudeaketa, menopausiaren argiak eta itzalak, mendi orientazioa, teoria feminista, ekonomia feminista eta autodefentsa tailerra. Horietxek dira hurrengo aste eta hilabeteetan abian jarriko diren ikastaroak, Jabekuntza Eskolak antolatuta. Horiei jatorri anitzetako emakumeen elkargune multikultura erantsi behar zaie.

[Bideoa]

 

Esti Mujika Andoaingo Udaleko Berdintasun zinegotziak eta Sandra Barrenetxea Berdintasun teknikariak aurkeztu zuten ikastaro sorta. Mujikak adierazi zuenez, “emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzeko asmoz antolatzen dira ikastaro horiek. Emakumeek euren izaeraren autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, gaitasun propioak ezagutzea eta eurei dagokien espazioa berreskuratzea da ikastaro horiek bultzatzen dituzten helburuak, azken batean”.

Hurrengo egunetan banatuko diren esku orrietan ikastaroei buruzko xehetasunak eskaintzen dira; beraien ezaugarriak, iraupena, ordutegiak…

Doan dira ikastaro guztiak ere, eta haurtzaindegi zerbitzua jarriko da ikastoroek irauten duten bitartean.

Hiru modutara eman liteke izena: Berdintasun sailaren egoitzan (Urigain etxea), 943300830 telefonora hots eginez, edo eta berdintasuna@andoain.eus korreora idatziz.

Iaz ehindik gora emakumek hartu zuten parte ikastaro ezberdinetan, eta aurten kopurua gehitzea espero da.

Ikastaro ugari

Era guztietako ikastaroak antolatu dira, beraz, udaberri honetarako.

- Batukada feminista ikastaroa: talde osatuz, musikara gerturatu, beste emakume batzuekin elkarrekin aritu, ondo pasa, irudimena landu, espazio publikoa okupatuko dira… Arantza Vicedo eta Ainara Sarasketa izango dira dinamizatzaileak.

- Emakumeen esku, sendabelarrak: iraganeko emakumeek sendatzaile eta ezagutzaile moduan erakutsitako gaitasunetara hurbildu eta teoria eta praktika uztartuko dira. Kris Lizarragaren eskutik.

- Denboraren kudeaketa. Beti presaka ibiltzearen sentsazioaren inguruan hausnartu eta irtenbideak bilatzeko aukerak eskainiko dira. Nerea Redondoren gidaritzapean.

- Menopausiaren argiak eta itzalak: aldaketa nabarien edo arinak ekar ditzakeen garaia izanik, autoezagutza eta gorputzaren kontzientzia hartuko da. Sexune elkarteko Elene Jimenezen eskutik.

- Mendi orientazioa: besteen gidaritzapean ibiltzeko joera horri aurre eginez, autonomia lortzeko ikastaroa, orientaziozko oinarrizko ezagutza teoriko eta praktikoak jasoko dira. Patri Espinarren eskutik.

-Teoria feminista. Ertzetik erdigunera bidean: gogoeta feministak. Emakumeen identitateak izendatzerakoan modu jarraituan edo tarteka sortzen diren marjinalitate guztien inguruko gogoeta partekatua egingo da. Emagin elkarteko kideek eskutik.

- Ekonomia feminista: generoak duen dimentsio sozioekonomikoan sakonduz, feminitatea eta maskulinitatea ekonomian nola eraikitzen den ikusiko da. Emagin elkarteko kideek eskutik.

- Autodefentsa tailerra. Erasoak identifikatu eta horiek nola eraikitzen diren aztertuko da. Emagin elkarteko kideek eskutik.

Azkenik, jatorri anitzeko emakumeen elkargune multikulturala eratuko da otsailetik aurrera. Besteak beste espazio horretan, osasun fisikoa, emozionala eta gure herriarekiko errotzea hobetzea landuko dira, Sorburu elkarteko kideek dinamizatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!