Zubiko birmoldaketa lanak atzeratu egin dira, konkurtso publikoko eskaintza aurkezpenak hutsik gelditu baitziren. Errepideen saiarekin harremanetan dago udala. Instituzio arteko kolaborazioa eraginkorra izaten ari dela dio udalak eta uda hasierarako Sacem moduan ezaguna den Legarretako zubi zaharrak itxura berria izango du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren obra da Sacem izenez ezaguna den Legarreta zubiko birmoldaketa.
Egungo zubia 1930eko hamarkadako lehenengo urteetan eraiki zen. Sei pilaretan sostengatzen da, zazpi baoz osatuta dago eta 100 metroko luzera du. 5,6 metroko zabaleran ibilgailuek eta oinezkoek galtzada partekatzen dute. Udaletik adierazi dutenez, "galtzada horrek egoera arriskutsuak sortzen ditu, batez ere ibilgailu astunak igarotzen direnean".