Matilde gogoan

Matilde Arribillaga Olasagasti 1994ko otsailaren 18an istripuz hil zen, Gasteizera euskal presoen aldeko elkarretaratze batera zihoala. Larunbat honetan gogoan hartuko dute Espigoian, eguerdiko 12:00etatik aurrera

 

Duela 25 urte izan zen. Egun hartan euskal presoek euren zigorrak etxetik gertu betetzearen aldeko proposamena aztergai zen Eusko Legebiltzarrean. Senideak elkarteak elkarretaratzea antolatu zuen, eta andoaindarrak hara joateko asmoa zuen. Goizean goiz, haruntza zihoan autobusa Bazkardon geratzekoa zen. N1 errepidea alderik alde zeharkatzea otu zitzaion, eta kamioi batek aurretik eraman zuen. 

Biharamunean, hileta-elizkizuna amaituta, Goikoplazako omenaldia sakabanaketaren aurkako ekitaldi jendetsuan bilakatu zen. Amnistiaren Aldeko Batzordeen izenean hitza hartu zuen Julen Zelarainek “euskal preso politiko guztiei ama hil zaie” adierazi zuen. Joxe Fermin Argiñarena urnietarrak ere bertso saio laburra eskaini zuen. “Negarrez jaio, sufritzen bizi/burrukan hil da Matilde” izan zen bere azken puntua. Matilderen senarra Pedro Jauregi oholtzara igo, eta Espainiako justiziak preso batzuekin eta besteekin zeukan jokaera zeharo kontrajarria aipatu zuen, Galindo guardia zibila gogoan hartuta: “Gure ibilera sinisterik ez dago. 72 urteko aitonak ibili egin behar du semea ikusteagatik milaka kilometro egiten, beste batzuk 108 urteko zigorra izan arren kalean dabiltzan bitartean”. Izan ere, Pedrok eta Matildek milaka kilometro egin behar izaten zituzten Xabier preso zeukaten semea 20 edo 40 minutuz ikusi ahal izateko. Xabier Huelvako espetxean zegoen amak istripua eduki zuen unean, eta eskatu arren, ez zioten baimenik eman Andoainera etorri eta amari azken agurra egin ziezaion.

Kaletxikin jaioa

Matilde Arribillaga Kaletxikin jaio zen, 1924an. Errepublika garaian Batzokiko dantzari taldeko poxpolina izan zen. Gaztetatik lanean aritzea egokitu zitzaion. Neskame gisa lehenbizi, mediku baten etxean; Laborde lantegian ondoren. Pedro Jauregirekin ezkondu eta lau seme alaba eduki zituzten: Izaskun, Ramon, Xabier eta Peio. Haurrak koskortu ahala, Kale Nagusian arraindegi batean lanean aritu zen. Eta, ondoren, sukaldeko tresneria denda Kaleberrian. 

Emakume borrokalaria

Peio 'Tuti' eta Xabier 'Xifi' bere semeen iritziz, bere ideologiari tinko eutsi zion beti: “Grinatsua eta nekaezina izan zen", Peioren hitzetan. “Edozer egiteko eta edonori laguntzeko beti prest agertu izan zen: kapaz zen egun berean, goizean ez dakit zein ekitaldiko jendearentzat ogitartekoak edo bazkaria prestatzen aritzeko, eta arratsaldean Bilbora presoen aldeko enkartelada batera joateko”. Xabierrek gaineratu duenez, “Poliziaren aurrean kokiltzen ez zen horietakoa zen. GALen jardueraren urterik bortitzenetan ere izurik gabe joaten zen Iparraldera, niri bixita egitera”.

Euskara, presoak, independentzia, intsumisioa... Andoaingo Leontxi Alustiza eta Dominika Urreta eta beste zenbait emakume izaten zituen bidelagun. Euskal Herria osoan famatuak egin ziren beren ibilerekin; “Komando zaharra” osatzen zuten.

“Gorputz sendokoa zen eta adinaren eraginez errenka egiten zuen, baina horrek ez zion bidean jarraitzeko eragozpenik sortzen. Egoskorra zen gogotik”.

Irribarrea sekula galtzen ez zuen emakumea izan zen, hiztuna, jendartekoa, Peiok ziurtatu duenez: “Etxetik kalera abiatu, eta honekin eta harekin kalean hizketan geratzeko erreparorik sekula ez zuen izaten”.

“Kalean, berdin zion zein ideologia zeukan jendeak, denekin mintzatzen zen. Baina politikara iristerakoan, ez zegoen inor isilik egotera behartuko zuenik, eta baziren saiatzen zirenak”, gogoan du Xabierrek. Injustiziak su bizian jartzen zuen Matilde: “Bere burua baino gehiago besteena zaintzen zuen maiz, eta gehienbat presoekin, errefuxiatuekin eta atxilotuekin arduratzen zen. Asko sufrizen zuen, esate batera, poliziak atxiloketak burutzen zituenean, nahiz eta atxilotuak ezagutu ez".

Jendeak, agian pankarta edo kartelaren atzeko emakume baten irudia eduki dezake gogoan, baina asko zuen samurtasunetik, eta hori batik bat Arkaitz, Zuhaitz, Gaizka, Igantzi, Kristian, Loren, Amaia edo Alaine bilobekin agertu ohi zuen, semeek ziurtatzen dutenez.

Presoekiko urruntze politika

Urruntze politika salatzera zihoala hil zen istripuz, eta 25 urteren ostean, bere horretan dirau presoekiko politikak. Halaxe adierazi dute larunbateko omenaldia prestatu duten Andoaingo senide, lagun eta herritarrek. Hiru  senidek bizi dute egoera hori Andoainen, egun. Preso baten neska-lagunak eta 23 hilabeteko euren semeak, biak andoaindarrak, urtarrilaren hasieran auto istripua eduki zuten. Ia 700 kilometrora dagoen Arleseko espetxetik zetozen.

Urruntze politikak senideen artean eragiten duen kaltea (auto istripuak, dirua xehutxea, bidai luzeak...) salatzeko mozioa atzergai izango da otsaileko plenoan. Bertan, besteak beste, espetxe politika berria eskatzen da, hainbat neurri zuzentzaile proposatuz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!