Preso dauden Kataluniako politikoekin elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 12a, 01:00

Gipuzkoako hainbat herrietan elkarretaratzeak egin dira, Gure Esku Dago ekimenak antolatuta. Zumea plazan 50 lagun elkartu dira, iluntzeko 19:30ean hasita.

Irakurri duten adierazpena:

Bi Jordiek 485 egun daramatzate espetxean, Oriol Junqueras eta Joaquim Fornek 467, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull eta Raül Romevak 358, eta Carme Forcadellek 329. Urriaren 1eko erreferendumetik ia urte eta erdi pasa ondoren, gaur hasi da Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Epaiketa hori denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du.

Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere.

Horretan ari gara. Astelehenean gizarteko hainbat alorretako erreferentziazko 68 lagunek manifestu bat plazaratu zuten. Konponbide politiko baten alde agertu ziren, eta presoak askatzeko eta auzia eteteko eskatu. Bestalde, orain eta hemen bezala, Euskal Herriko 60 bat herritan atera dira herritarrak kalera, konponbidea, demokrazia eta askatasuna aldarri.

Eta mobilizazio garrantzitsuena igandean egingo dugu, Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da.

Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea; horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasiera eta amaieran. Gaur, berriro ere, deia egiten dugu horiz jantzi eta konplementu edota xingola horiak soinean eramateko, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan baita epaiketak irauten duen artean ere.

Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan. Hiru dira oinarrizko aldarriak; atera ditzagun kalera: Konponbidea, demokrazia eta askatasuna. Solució, democràcia i llibertat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!