Punta-puntako instalakuntza eta bertaratu zirenen iritziak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 7a, 01:00

“Erabiltzaileen beharrei erantzungo dien punta-puntako kiroldegia” izango dela ziurtatu zuten Mikel Pagola alkateak eta Jorge Segurado zinegotziak, joan zen  urtarrilaren 31n Lekaion egin zuten aurkezpen ekitaldian. Kostua 8 milio eurokoa da.

Pagolak eta Seguradok Urnietako kiroldegi berriak izango dituen ezaugarriak eta eskainiko dituen zerbitzuen berri eman zieten Lekaiora bertaratu ziren herritarrei.


Banakako erabiltzaileei, kirol federatuan dabiltzanei eta Eskola Kirola eskolarteko egitasmoan arituko direnen beharrei erantzungo dien instalakuntza izango dela adierazi zuten. Aldi berean, aisialdi, musika eta kultur alorrean lan egiten duten elkarte eta eragileek ere erabili ahal izango dutela erantsi zuten, horretarako egokitutako espazioaren erabilera baliatuz.


Ikuspegia etorkizunean jarrita jokatu dute, hamarkada batzuetarako urnietarrentzat baligarria izango den kirol instalakuntza landuz.
Eraikin berriak hiru solairu edukiko ditu. Behekoan, aldagelak eta gela desberdinak (muskulazioa, spinning, arte martzilaka, balianiztuna...) kokatuko dira. Lehenengoan, kirol pistak, eta padel eta teniseko pistak. Bigarrengoan, ikusleen eremura bideratuko da, kirol pisten harmailetara eta futbol zelaira. Igerilekua estalia ez dela jasangarria adierazi zuten, agerraldi berean: “Mantenu gastua 400.000 euro handituko litzateke, urtero”.


Pausoz pauso
Sabai Arkitektuak S.L.k irabazi zuen erreformaren proiektua idazteko lehiaketa publikoa. Eta 2016tik hona herriko klub ezberdinekin, udal teknikariekin eta udal alderdi politikoekin kontsultak egin izan dituzte. 2018ko azaroko udalbatzan 8 milio euroko kreditu aldaketa onartu zuten. Eta abenduko batzarraldian, berriz, proiektua gauzatzea erabaki zen.   


Otsailaren 19ra arte eraikuntzan interesa duten enpresek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Eraberritze lanekin uda ostean hasiko dira. Obrak sei bat hilabeteren buruan amaitzea espero dute. Obrak iraun bitartean, ikastaroak eta ohiko jarduerak mantentzen saiatuko da Udala, teniseko pista salbu.

Aurkezpenera hurbildu zirenen iritzia

Pagolak eta Seguradok Udal ordezkariek eraikuntza berriari buruzko hainbat xehetasun azaldu ostean, galderak egiteko eta iritzia azaltzeko tartea ireki zuten.

Aurkezpen ekitaldira azaldu ziren hogeita hamar bat urnietarrak iritzia emateko gogoz heldu ziren Lekaiora, eta eztabaida bizia eta aberatsa piztu zen. Hitza hartu zuten gehienek igerilekua hizpide izan zuten, eta desadostasuna agertu zuten kiroldegi berrian igerilekua orain bezala agertzen delako. Estali gabe, alegia.


Hona zenbait iritzi, laburtuta:
•    “Jende ugari eskualdeko beste igerilekuetara joaten da egunero, Urnietan ez dugulako igerileku estalirik”.
•    “Ez dira kontuan hartu egunero Urnietatik beste herrietara joaten direnek zer nolako gastua egin behar izaten duten”.
•    "Beste batzuk ez dira kanpora irteten, baina bertan edukiz gero abonatuko lirateke”.
•    “Zergatik Usurbilen bai, eta hemen ez?”.
•    “Belardiak zaintzen dirutza ari gara xahutzen; zenbaiti politak direla irudituko zaie, baina nik nahigo dut dirua igerileku estalira bideratzea”.
•    “Ikuspuntu ekonomizista alde batera utzi beharko litzateke, eta gehiago begiratu estaltzeak osasun publikoari eragingo liokeen mesedea”.
• “Urnietako biztanleria ziurrenik haziz joango da etorkizunean, eta eskaera ere handitu egingo da”.
Pagola eta Segurado parte hartzaileen argudioei erantzuten saiatu ziren. Arrazoi nagusia bakarra da: Mantenimenduaren kostuagatik baztertu da estaltzearen aukera. 2015ean egin ziren aurreikuspenen arabera, 400.000 euro beharko lirateke urtean; lau urte beranduago gastu hori zertxobait igoko zen. Pagolaren hitzetan, “Urnietako urteko aurrekontu osotik milioi bat euro mantenimenduko inbertsioetara bideratzen dira; beraz, igerileku estalia jarriz gero, Udala inbertsioetarako ahalmenik gabe geratuko litzateke. Usurbilgo kasuak baditu ezberdintasunak; izan ere, industria ugari dauka eta horrek eragiten dio Urnietak baino 2,5 milioi euro gehiagoko aurrekontua maneiatzea”.


Seguradok gaineratu zuenez, “Aldundiak egin duen ikerketaren arabera, Urnietaren biztanleri kopuru berbera duten herrientzat (6.000 gutxi gora behera), igerileku estalia ez da bideragarria”.
Nolanahi ere, udal ordezkariek ez zuten baztertu etorkizunean igerilekua estaltzea. Hori bai, horretarako, ziurrenik, Urnietako biztanleriaren zein kiroldegiko abonatuen kopurua boikoiztu egin beharko litzateke, eta horrelakorik gertatzea zail ikusten dute.


Igerilekuaz gain, beste zenbait gai ere izan zituzten mintzagai. Horien artean parte hartzaile batek padel pista auzitan jarri zuen. Mikel Pagolak erantzun zion moda kontuak izaten direla, eta egun, erabiltzaile asko dituela. "Biharko egunean, moda beste nonbaitetik badoa, oraingo pista beste jardueraren bat egiteko nahiko erraz egokitu ahal izango da".


Beste parte hartzaile batek kiroldegi berrian saskibaloiak, boleibolak edota mahai-tenisak ez duela tokirik izango ondorioztatu zuen. Erantzun ziotenez, Urnietako Udala herrian lan egiten duten kirol taldeen eta kirolarien beharrei erantzuten saiatu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!