Gogotsu, kementsu, indartsu dago Andoaingo Asanblada Feminista. Lan taldea ez da txikia, eta datorren martxoaren 8ra bitarte ekimen betean aritzeko prest daude. Dagoeneko kaleetan greba iragartzen duten hainbat pankarta ikus daitezke. Hurrengo egunetan merkatu plazan edota Zumea plazan informazio puntuak jartzeko asmoa dute. Bertan eskuorriak eta grebaren pinak eta besoko moreak banatzeko asmoa dute.
Otsailaren 11n bilera berria deitu dute, arratsaldeko 17:30ean hasita Urigainen.
Grebaren ardatz nagusiak Ikasleak, enplegua, pentsiodunak, kontsumoa eta zaintza. Horiexek dira greba deitzaileen ardatzak. Andoainen asanbladak deitu zuen lehen bileran, alor bakoitzaren inguruko hausnarketa egin zuten. Taldeka lehenik, eta guztiak batera ondoren.
Hilabete geratzen da, eta hainbat sektoretan grebaren aldeko dinamika indartuz doa. Ikustear dago zein izango den grebaren eragina, baina handia izango dela aurrikusten da. Iaz, esaterako, Andoaingo martxoaren 8ko deialdiak erantzun zabala eta jendetsua lortu zuen.