Mikel Iturria: "Anbizio gehiago eduki nahi dut"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ots. 6a, 01:00

Denboraldia hastear da Mikel Iturria Euskadi-Murias taldeko txirrindulari urnietarrarentzat: “Iaz lesioak mugatu egin ninduen, aurten ez; anbizio gehiago eduki nahi dut”.

Euskal Herritik urrun dago Mikel Iturria, Benidorm aldean (Alacant). Gure neguarekin beste bizpahiru hilabete beharko lituzke sasoia fintzeko, eta Mediterraneo Itsasoaren epelean prestatuko da hurrengo astean debutatzeko (Valentziako Itzulia, otsailak 6-10). Grinatsu ikusten zaio, 2017ko udan izterrezurra hautsi eta 2018ko lehen erdian majo sufrituta. Euskal Herriko Itzulia eta Vuelta ditu begiz jota, baina bietan postua irabazi behar duela jakitun.

Zer moduz joan da negua? Zer egin duzu?
Vuelta eta gero beste hiru lasterketa korritu genituen: Paris-Tours, Paris-Bourges eta Tour de Vendee. Urriaren 8an, azken proba. Ondoren atsedena hartu nuen, eta azaroaren 5ean hasi nintzen 2019ko denboraldia prestatzen.

2017ko udan lesio larria izan zenuen izterrezurrean, eta burdin dezente daukazu oraindik gorputzean. Nola daukazu hanka?
Beno, hezurra finkatzeko jarritako gailuak kendu edo ez kendu aztertu genuen prestakuntza hasi aurretik, baina kentzeko erabakiak ebakuntza berri bat suposatzen zuen, ondorengo osatze epearekin, eta sor daitezkeen ezustekoekin. Ebakuntzarik ez egitea erabaki genuen, ez zuelako hobekuntzarik ziurtatzen.

Burdinak burdin, denboraldi hau arazo fisikorik gabe hasi ahal izan duzu, ezta?
Bai, hala da. Aurreko bi urteetan lesio bat ez bazen, bestea zen, eta negu honetan osasun arazorik ez dut eduki. Prestaketa saioen plangintza ondo doa. Lasai, gehiegi azkartu gabe ondo ari naiz, etenik gabe.

Zenbateraino aldatu da zure motibazioa, dagoeneko izterrezurra ondo daukazula jakinda?
Dena aldatzen da. Iazko urrian ez nekien bizikletan ibiltzeko gai izango nintzen edo ez. Pausotxoak ematen dituzu, baina halako lesio larri baten ondoren ez dakizu berriro bizikletan ibili ahalko zaren, eta zer esanik ez goi mailan ibiliko ote zaren. Oso urrun ikusten nuen aukera zen. Iaz, garai honetan eskuin hankarekin %43ko indarra egiten nuen. Jakina, ezkerrekoak %57, horrek ekar dezakeen gain karga eta lesio arriskuarekin. Orain %49an eragiten diot eskuin hankarekin, parean, eta ahuldade, molestia txiki batzuk noizbehinka azaltzen badira ere, gustura nago.

Pentsatzen dut buruak ere bere lana egingo duela, gorputza hobeto dagoenean.
Aurten anbizio pixka bat gehiago eduki behar dudala uste dut. Esan nahi dut; pasa den neguko prestakuntzan eta denboraldian izterrezurreko hausturaren handicap-a eduki nuen, eta halere Espainiako Vuelta bukatu eta lan txukuna egiteko gai izan nintzen. Iaz onartua neukan etortzen zena bere horretan hartu beharko nuela lesio larri haren erruz. Aurten lesioa osatu da, eta gauzak
hobeto joan behar dutela sinetsita nago. Inork ez dio nire buruari nik baino gehiago exijitzen.

Jendea konsziente ote da, pasa zenuen kalbarioarekin?
Antzeko egoeran egon denak, bai, dudarik ez. Badakit zer pasa dudan. Bi hilabete oina lurrean jarri gabe. Eta buelta eman eta duintasunez lehiatu naiz. Erregularra izan naiz betidanik, eta izan nintzen iazko Vueltan, eroriko batek egun batzuetan jokoz kanpo utzi arren.

Eta zer lortu nahi zenuke 2019an?
Emaitza hobeagoak, noski. Niretzat eta taldearentzat.

Ze egutegi egingo duzun ba al dakizu?
Gutxi-asko bai. Valentzia eta Andaluziako Itzulia korrituko ditut otsailean, gero altuerako prestakuntza, normalean Sierra Nevadan (Granada, Espainia), eta ondoren Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzulia, merezimenduak egin eta taldean postu bat lortzen badut.

Proba kuttunen bat ba al duzu?
Ez nau asko arduratzen horrek. Lasterketa guztiak dira politak, eta ez dut uste hau edo beste aukeratzeko erabakimena daukadanik… 3-4 urte daramatzat kolpea hemen, kolpea han, egun batean ondo, hurrengoan gaizki… nahiago dut bidea egunez egun egin. Gainera, nik Vuelta korritu nahi dudala esan dezaket, baina gero, agian, arrazoi bategatik edo besteagatik, zortzi taldekide ni baino sasoi puntu hobean daude, eta haiek korritzea merezi dute, nik baino gehiago.

Zer ikasi zenuen zure lehen itzuli handian?
Zure gorputzaren limitea, muga, uste baino urrunago dagoela. Bestelakoan karrera normala da, hiru itzuli handietan lasaiena, nahiz eta egun batzuetan oso azkar ibili.

Disfrutatu al zenuen?
Bai, beti dago tarteren bat. Adibidez, bigarren astean jausi eta egun batzuk grupetta-n edo azken multzoan hiruzpalau egin nituen sufritzen, baina beti daude disfrutatzeko momentuak.

Pasa den asteazkenean egin zen Euskadi-Murias taldearen aurkezpen ofiziala. Bi txirrindulari garrantzitsuk egin dute martxa, Aberasturik eta Pradesek, talde apalagoa al daukazue denboraldi honetan?
Ez dut uste haiek joan direlako talde txarragoa dugunik. Kazetarien esanak dira horiek. Emaitzak hor daude, taldeko txirrindulari asko ondo ibili dira, eta urtebeteko eskarmentu gehiago dugu elitean… Ez dut talde kaskarragoa ikusten. Beñat Intxausti etorri da, eta eman duen mailaren erdia ematen badu, taldearentzat oso txirrindulari inportantea izango da.

Zer moduz berarekin?
Ondo. Mutil ona da, eta saiatzen ari da.

Fleche Wallone egun bateko klasiko entzutetsua korritzeko gonbidapena jaso duzue, garbi dago taldea hazten doala. Pixkanaka, baina etenik gabe.
Taldeak beti izan du oso egutegi ona, ez sinesteko modukoa, daukagun maila ikusita. Francis Lafargue ari da azpi lanean, eta gu, gonbidatzen gaituzten tokietan neurria ematen ari garela esango nuke. Orain Fleche Wallone eta Omango Tourrean ondo aritzea tokatzen zaigu.

World Tour kategoriako taldeekin batera aritzea garrantzitsua da taldearentzat.
Bai, baina horretarako ez dugu World Tour probetako gonbidapenaren zain egon behar. Valentzian eta Andaluzian munduko talde on asko elkartzen dira, Europa erdi eta iparreko negu gordinetik ihesi. Bi itzuli horiek ez dute World Tour kategoriarik, baina World Tour-a korritzen duten txirrindulari sorta aberatsa aritzen da lehiatzen.

Otsailak 6, debuta, Valentzian. Berehala.
Bai. Arrankatzea kosta egiten zait, eta proba bat edo beste izan, ez da hain garrantzitsua. Erritmoa hartu nahi nuke lehen bi itzulietan, eta gero altuerako prestakuntzan, sasoia findu. Gero esandakoa, Volta, Itzulia eta Tour des Alps triptikoa. Baina hori, orain, teoria da.

Iaz Euskal Herriko Itzulia korritzeko hautagai multzotik at geratu zinen, zuk zeuk garaizegi zela ikusita. Aurten etxean korritu nahi zenuke.
Bai, iaz arazo fisiko txikiak nituen etengabe, eta uko egin nion. Aurten, gauzak ondo badoaz, korritu nahi nuke. Niretzat etxeko lasterketa korritzea txikitatik daukaten ametsa da, ea aurten posible den. Klasikoa ere korritu nuen iaz, eta oso sentipen politak bizitzen dira. Murgilko igoera pikoan, Igeldon, jota gindoazen, ia-ia geratuta, eta halere denboraldiko oroitzapen ederrenetakoa izan zen hura. Dozenaka zale, ezagun han ondoan, sekulako animoak ematen… Pentsa apirilean, sei egun jarraian. Eguraldi txarra egiten du, baina moldatuko gara. Tunel batean sartzea bezalakoa da, sekulako bultzada ematen dizu jendeak. Jota zoaz, baina aldi berean hegan, momentuan ez zara jabetzen. Gero, gainera iristen zarenean, eta zaleak falta direnean, orduan bai, sekulako oinazeak sentitzen dituzu hanka zuztarretan.

Ekaina bitarte egurrean, eta gero, Espainiako Vuelta, berriro.
Bai, abuztu-irailean korritzen denez, denboraldiko lehen erdian bete-betean ahalegindu gaitezke, eta gero uztaila eta abuztuko lehen erdian pilak kargatu berriro. Itzulia eta Vuelta dira gure taldearentzat egutegiko proba garrantzitsuenak, eta biak korritu ahal izatea gauza polita litzateke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!