Asier Martinez: "Gustuko dut herriko lasterketetan aritzea"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 1a, 01:00

Asier Martinez urnietarra ez dago bere onenean, eta gero eta gehiago kostatzen ari zaio errepidera irten eta zangoak astintzea. Baina korrika behar du, bizitza ematen dio. Igandean On Bosko Herri Krosean lehiatuko da.

Urnietarrek ezagutzen duten lasterkariren bat bada, Asier Martinez da hori (36 urte). Herrian antolatu izan diren lasterketa guztietan parte hartu ohi du.

Igandean da proba. Garaipena lortzeko borrokan izango al zara?
Ez, ez, ez nago ondo. Top 10 egiten badut konforme. Entrenamendu on bat egin eta pixkanaka martxa hartzeko erronka dut.

Ze asmo duzu, bada, aurten?
Ez daukat helburu finkorik. Sasoi puntu ona lortzen saiatzen ari naiz, martxoa eta apirilera begira. 36 urte ditut dagoeneko, eta geroz eta gehiago kostatzen zait entrenatzera irtetea.

Nola antolatzen duzu astea?
Bi egunetan serieak egiten ditut kiroldegiko futbol zelaian, errepidean ordubeteko saio pare bat, eta asteburuetan tarte luzeagoak, ordu eta erdi edo.

Lesioekin-eta, nahikoa komeri, ezta?
Bai. Diafragmarekin arazoak izan ditut. Bizkarrean kurbatura antzekoa daukat, eta alde batean tentsio handia eragiten dit horrek, halako gain karga. Barearen antzeko zerbait jartzen zait ahalegin handiak egiten ditudanean, eta geratu egin behar izaten naiz. Azkenekoz Donostiako maratoia prestatzen ari nintzela gertatu zitzaidan, arazo horregatik zuntz haustura bat izan nuen, eta prestakuntza osoa bertan behera utzi behar izan nuen. Lesioak izatea ohikoa da, baina nik, nonbait, lesionatzeko joera errazagoa daukat. Aintzat hartu behar da maratoia prestatzeko 100 kilometrotik gora egin behar direla astero, eta hori kilometro kopuru handia da.

Zergatik duzu gogoko korrika egitea?
Sasoi puntu ona azkar lortzen dudalako, entrenamendu batzuk astean, ordubete baino gutxiago aldiro, eta kito.

Urnietan antolatu izan diren proba guztietan parte hartu zalea zara.
Bai. San Silbestrean eta On Bosko lasterketan parte hartu ohi dut. Mendiko maratoia, Herri Bira eta beste ere bai, antolatzen zirenean. Gustuko dut herrian korritzea. Mendiko maratoia eta Herri Bira desagertu ziren, eta uste dut denok dugula horren erantzukizun zati bat, ez dugulako gehiegi lagundu.

Eguraldi hotz eta petrala iragarri dute iganderako. Ze eguraldirekin moldatzen zara ondoen?
Eguraldi freskoarekin. Hotz-hotza ere ez, 64 kilorekin hotzak zigortu egiten duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!