Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokorra deitu du, datorren martxoaren 8rako. Eta asanblada ezberdinetan eskuartean dituzten irizpideen artean, bada nabarmendu beharreko bat: deitzailea mugimendu feminista dela. Ez beste inor.
Boteretzea modu askotara erakutsi daiteke. Gizarte eta lan bizitza geldiarazteko ekimenean, emakumeek bere gain hartu nahi dute erantzukizun osoa. Eta asmo hori garbi azaldu dute: "Hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte-hartzea bultzatzea eskatzen dugu eta ez beste eragile batzuk deitu ditzaketen ekimenetan. Modu berean, greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitzen dugu, sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa saihestuz. Ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inork xurgatzerik onartuko, ez eta honen erabilpen partidista edo korporatibista interesaturik ere".
Andoainen ekimenak erantzun handia izango duela aurreikusten da. Urrutira joan gabe, azaroaren 25ean, 50 emakumek parte hartu zuten Goikoplazako performancean.