Urte zaila izan da landare eta basogintza alorretan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 1a, 01:00

ENBA Euskal Nekazarien Batasuna nekazal sindikatuak bere XXVII. batzarra ospatu zuen igandean, Salesiar ikastetxean. Sektoreko eragile ezberdinekin batera, herri agintariak hurbildu ziren hitzordura. Lagunarteko bazkariarekin amaitu zen eguna.

ENBA nekazal sindikatuak bere XXVII. batzarra ospatu zuen igandean, Salesiar ikastetxean. Sektoreko eragile ezberdinekin batera, herri agintariak hurbildu ziren hitzordura. Hots, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea. 

ENBAk batzarraren kronika argitara eman du bere webgunean, eta bertan Iñaki Goenaga lehendakariaren azalpenak bildu dituzte. Goenagak sektorearen garrantzia azpimarratu zuen, bere adierazpenean: “Gizarteak ezer aitortu baino lehen, baserritarrok argi izan behar dugu, gure lanak garrantzia duela, eta gure ogibideak etorkizuna. Are gehiago, elikadura osasuntsuari eta ingurumenari ematen dion gizarte batean. Baserritarraz Harro lema aukeratzeak garrantzi handia du. Baserritarron lana aldarrikatzeaz gain, ekoizpenarekin batera doazen onurak ere aldarrikatu nahi dugulako –paisaia, ura, basoak, mendiko larreak–. Gizartearen aitortza eta babesa izanez gero, askoz xamurragoa izango da gazteak baserrira erakartzea".

Urte konplikatua nekazarientzat

Sektorea oro har hartuta, iazkoa urte zaila izan zela adierazi zuten. Bereziki, Gipuzkoan: "Landaredian, klimatologiaren eraginez, ekoizpena jaitsi egin da: baratzagintzan %13,7a, mahastian %8,2a eta fruitaren ekoizpenean %33,2an. Abeltzaintzaren alorrean, aldiz, ekoizpenaren bolumenean eta prezioetan egoera egonkorra bizi dugu. Basogintzaren alorrean, oso urte kaskarra izan da, pinuaren banda marroiaren erabateko leherketa eta zabalkuntzaren eraginez. Pinu mozketa %15ean jaitsi da. Ekoizpenerako beharrezko ditugun kostuak dexente igo dira: pentsua %4,8a, argindarra eta erregaia %4a eta ongarriak %4,4a”.

Kontuak aditzera emateaz gain, batzarkideek ospakizuna egiteko aukera baliatu zuten. Lehenik bertsolariak aritu ziren kantuan. Aurtengoan Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Javier Ziarda aritu dira bertsotan. Ondoren, bazkideen arteko bazkaria egin zuten Eula sagardotegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!