Azken asteetan iragarri bezala, Udalak errefusa bereizteko edukiontzia itxi egingo du. Zehazki, otsailaren 11n. Zaborren bilketan aro berri bati ekingo diote Andoainen, modu horretan. Astean lau aldiz erabili ahal izango da, txartela erabilita. Txartel bakarra da eta berdin-berdin erabili daiteke edukiontzi marroia edota grisa zabaltzeko. Azken egunetan bi lagun informazio osoa zabaltzen ari dira, auzoz auzo. Udalak bere aldetik informazio kanpaina egin du etxez etxe eskuorriak banatuz, eta kalean eta hedabideetan sentsibilizazio kanpainak burutuz. Informazioaren premian dagoenak Ataria arreta bulegoan aurkituko du informazio osoa. Baita, datozen egunetan auzoz auzo zabalik izango den informazio gune ibiltarian ere. Hauexek azken hitzorduak:
- Urtarrilak 31, osteguna: 16:00-19:30. Galardi ondoan.
- Otsailak 1, ostirala: 16:00-19:30. Etxeberrieta.
- Otsailak 2, larunbata: 10:30-14:00. Merkatua.
Bandoa
Bere garaian organikoari dagokion ontzia eta txartela hartu ez zuten bizilagunei, Udalak gutun bidez txartel bana helarazi zien. Antza denez, gutun horiek guztiak ez dira hartzaileengana iritsi. Hori dela eta, Udala portal guztietara bandoa zabaltzen ari da. Txartela ez dutenei zuzenduta dago: "Aurreko asteetan txartelak bidali ditugu etxeetara, baina posible da etxeren batera iritsi ez izana. Zure kasua hori bada, mesedez pasa zaitez udaletxetik eta zuzenean eskuratuko duzu".