Garraioarekin arazo ugari sortzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 31a, 01:00

Sagardotegi garaian hotelean, pentsioan edo nekazal turismoan asteburu pasa geratzen diren bezeroentzat garraioa ziurtatzea garrantzia handikoa da. Baina ez da batere erraza izaten ari, eta asteburuetan benetako buruhauste bilakatzen da.

Elkarrizketa batean galdetu gabe ateratzen diren kontuak aintzat hartzeko modukoak dira. Garraioaren egoeraz luze mintzatu da Urnietako K10 hoteleko Maite Alkain. Eta oso kritiko, gainera, honako esaldia botatzeraino: “Zerbitzua eman behar da, baina ez dakigu zer egin”. Urnietan bi taxi baino ez daude, eta garraio publikoa ere oso urria da. “Urnietako ostalariok ezin dugu Donostiako taxi bat erabili edo eskatu, zona ezberdinean gaudelako, eta bezeroak haserretu egiten dira gurekin. Askok autobusa hartzen dute, batez ere eguerdian bazkaltzera doazenek, baina gauean, gautxori zerbitzuak ez du ezer konpontzen”. 

Guria pentsioko Amaia Martin eta Altzibar-berri nekazalturismoko Eli Etxezarreta bat datoz diagnosiarekin. Amaia Martinentzat benetako arazoa da, txotx garaia iristen denean: “Arazo handia dugu. Urnietan bi taxi bakarrik ditugu, eta Hernanin, pentsiora bueltatzeko garaian eta, bezeroek esan izan digute bi ordu egon izan dutela zain. Gau txori autobusa ez da erabilgarria bertakoa ez den bezeroarentzat, ez baititu ordutegiak eta geltokiak ezagutzen”. 

Egoera are okerragoa da herri gunean ez dauden ostatuentzat. Landagunean daudenean, esaterako. Altzibar-berri nekazal turismoaren kasua, adibidez: “Herrian bertan bazaude, hainbestean, baina gu alde horretatik salduta gaude. Autobusa gutxienez Irurain gainera iritsiko balitz… Honaino etorri egin behar da, eta garraio faltak kaltea eragiten digu”. 

Irtenbidearen bila, HK10 hoteleko gerentea Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin ere aritu izan da solasean, “eta arazoa egon badagoela onartzen digute. Ez dakigu zer egin, benetan. Donostiako taxiekin halako adostasunen bat lortu, zerbitzua eman dezaten, agian, baina arazo hori konpondu egin behar da”. Alkainek irtenbide bat proposatzen du, baina konbentzimendu handirik gabe: “Txar-txarrean halako zerbitzu pribatua jarriko genuke, bezeroak sagardotegietara eraman, eta ordu jakin batean, haien bila joan, baina horrek autoa edo furgoneta edukitzea eskatzen du, eta gidari bat kontratatu beharra. Ez da irtenbide erraza”. Martinek ere ez dio soluzio errazik ikusten: “Bezeroak sagardotegi askotara joaten dira, eta halako antolakuntza berezia prestatu beharko genuke. Pentsiora bueltatzeko orduak jarri behar hori ere, ez dakit zentzu handirik duen”. Eta Eli Etxezarretak, azken hausnarketa: “Garraio pribatua eskaintzea ez da erraza, baina agian planteatzeko moduko kontua da. Beste zerbitzu bat eskaini bezeroari, ze eduki izan ditugu irtenbiderik gabe geratu izan diren bezeroak. Bezeroa kontent uzteko beste aukera bat izan liteke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!