Jan eta edan, bete Arte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 1a, 01:00

Denboraldia hasi berritan baserria, sagastia, sagardoa eta sagardotegia modu berezi, ezberdin batean erakutsi nahi duen bideari ekin diote Astigarragako Astarbe sagardotegian. SagarArte proiektua sustatu dute, eta Zizurkilen ikusgai dago.

SagarArte ekimena da, sagardotegiak hainbat kultura arloren bilgune bilakatzea helburu duen asmoa. Artista gazteen lana sustatu, eta haien lanak erakutsi nahi dituzte Euskal Herrian, eta sagardotegiak gastronomia gune soil baino askoz gehiago zirela ezagutarazi jendeari, bisita gidatuekin. Zizurkilen dago, ikusgai, egunotan, SagarArte proiektuko Sagardoaren Kondaira erakusketa.

Joseba Astarbe izen bereko sagardotegiko sendiko kidea da, 15. belaunaldia, dagoeneko. Sagar Arte pixkanaka esne mamitzen joan den proiektua izan omen da. “Sagasti baten berraldaketa egin behar izan genuen baserrian, arbolak kendu, eta arbol haiekin zerbait ezberdina zergatik ez genuen egiten pentsatu genuen”. Ezagun bat bazuten, artista bat, “zizelkatzen-eta ona zena, eta hala egin zuen sagardotegian daukagun arbol batekin”. Astarbe sagardotegian arreta ematen duen zuhaitz dotorea dute, eskultura aparta, brontzezko pieza eta guzti, Astarbe sendiaren azken mendeetako jarduna azaltzen duena.

Han eta hemen begiratzen, sagardotegia hainbat arlo kulturalen elkargunea zela jabetu ziren. “Izan bertsolaritza, toka edo bola jokoa, dantza… Hurrengo galdera erraza izan zen. ‘Zergatik ez ohitura horiek berreskuratu, eta sagardotegia kultura arte espresio horien bilgune bilakatu? Koadroak, ikatzezko marrazkiak… horrelako lantxoak erakusten hasi ginen, eta pixkanaka forma ematen”, dio Astarbek.

Gorka Arizkorreta dauka Josebak lagun bidai honetan. Lagun edo makulu! “Astarbe sagardotegiko mendez mendeko historia jasoa dago, eta garai batean sagardotegia ez zen etorri, jan, muturra berotu eta kito, askoz gehiago zen. Garrantzi kultural handia zeukan”. Astarbek hartu dio txanda: “Iraganean sagardotegia ere baserria ere bazen, ukuilua zegoen. Orain profesionalizatu egin da asko. Garai hartan sagardoa eguneroko edaria zen, egun dagoen edari aberastasunik ez zeukatelako. Ura, noski, eta akaso ardo pixka bat, baina gehiegi ere ez. Mundu guztiak edaten zuen sagardoa eta jendea baserrira joaten zen sagardoa dastatzera. Gazta mutur bat, bakailao zaharren bat, oiloarekin egindako tortillaren bat eskainiko zioten sagardoa laguntzeko, eta halaxe hasi zen”. 

Bertsolaritza non jaio zen galdera botatzen du Arizkorretak, erantzunaren jakitun: “Sagardotegiak dira gure unibertsitateak. Euskararen zenbait hitz ere, lexikologia, sagardotegietan gorde da, eta SagarArte ekimenak hori berreskuratu nahi du, gaurko kultur adierazpide garaikidearekin uztartuta”. Nola egiten da, bada, hori? “Egurra zizelkatuz, ilustrazio grafikoekin, laburmetraiak sortuz. Adierazpide berri horiek sagardotegi tradizionalarekin uztartzea da gure erronka, zubi lana egitea. Sinergiak erabili nahi genituzke, eta sagardotegia gaur egungo kultura adierazpideen babesleku bilakatu”. Ideiak, garbi.

SagarArte ekimenak mende batzuk atzera du jatorria. Eta Euskal Herrian bezala, Ternuan (Terranova gisa ere ezagutua). Arizkorreta, solasean: “2002an topatutako dokumentuengatik dakigu Tomas de Tafalla Mendiola Astarbe sagardotegiko nagusia Ternuara joan izan zela, bale ehizara, 1596an. 2017an Ternuara joan ginen bidaian, ‘euskal balea zaleen aztarnen atzetik’ izeneko proiektu kulturalaren baitan. Hango parte izan ginen, eta hara joan baino lehen antolatu zen festa moduko batean sagardotegian daukagun zuhaitz berezi hau erakutsi genuen, halako performance berezi batean, Anna Roca eta Iñaki Villanueva artisten eskutik, eta Kalakan musika taldearen doinupean. Helburua Astarbe familiak Ternuarekin zuen lotura erakustea zen, bertakoak Ternuara joan zirenean etxean geratzen zirenak egoera hura nola bizitzen zuten jakitea”.

Joseba Astarbek ñabardura: “Nabarmentzekoa da Ternuara joan zirenak gizonak zirela, eta sagardotegian erantzukizuna bizkar gain hartu zutenak emakumeak izan ziren. Astarbek 15 belaunaldi izan baditu, 7 jaraunsle emakumeak izan dira. Horrek erakusten digu emakumeak ze inportanteak izan diren, ze gurean beti esan izan da ‘gizonak joan ziren arrantzara’ ‘gizonek hau edo beste egin zuten’, baina emakumeak ziren etxea aurrera eramaten zutenak, negozioak kudeatu eta beste. Hori ere balorean jartzen dugu”. 

Erakusketa ibiltaria

Galeria 2018ko ekainaren 2an ireki bazuten ere, lehen erakusketa ibiltaria joan zen abuztuan Mundakan (Bizkaia) egin zuten. Ibiltaria da eta sagardoa eta kultura garaikidearen arteko zubi lana egiteaz gain, “inguruko artista edo kultura ekoizle gaztenei aukera bat ematea da lehentasuna, euren ibilbide profesionalean aurrera egin dezaten”. Artista eremu horretan denetarik sartzen dute Astarbek eta Arizkorretak: liburu bat, gidoi bat, eskultura bat… Muga bakarra espresiobide kultural guztiek sagarra edo sagardoarekin zerikusia edukitzea omen, eta ibiltaria izateko arrazoia, honatx: “Artea sortzeaz gain zabaltzea ere derrigorrezkotzat ikusten dugu. Alegia, beste galeria batzuen funtzionamendua-eta aztertu genuen, eta han eta hemen erakusten saiatzea lehenetsi genuen, sagardotegian bertan utzi ordez. Paul Lataburu artistari, adibidez, sorkuntza lan osoan lagundu genion, finantzatu, eta bere obrak ezagutzeko bide eraginkorrena toki ezberdinetan erakustea dela erabaki genuen. Sare bat sortzen saiatzen ari gara, SagarArte sarea, eta horren bitartez hainbat kultur lokal gure sareko kide izan daitezen lan egiten dugu. Batzuk guk bilatzen ditugu, besteak Aldundien bitartez…”

Egun bost artistekin ari dira elkarlanean: Xebas Larrañaga, Iñaki Villanueva, Anna Roca Barbarà, Paula Lataburu eta Aitor Zarzuelo. “Xebas-ek izan ezik, besteek guretzat derrigorrezkoa den baldintza betetzen dute, gazteak direla. Alegia, susperraldian dauden artistak izan behar dute”, Arizkorretaren ahotan. “Lana behar duen jendea da, arteaz edo kulturaz bizi den oso jende gutxi baitago. Guk bilatu, edo guregana etorri diren artisten zerrenda bat osatzen dugu, eta horiei gure gaia proposatu. Aurtengo gaia ‘bigarren bizitza’ izango da, ziurrenik. Hor, artistek, euren hausnarketa egiten dute, eta urtarrila bukaerarako euren proposamena eta horren kostua helarazi behar digute. Guk hautaketa bat egiten dugu, eta bi artistekin hasi lanean”.

Sagardotegi munduan halako inmersio bat egiten omen dute artistek, “Astarbe sendiarekin egon, bizi…”. Artistek bertakoak izan behar dute, edo bertan izan proiektua, “guk Euskal Herria bezala ulertzen dugun eremuan. Roca Barbera Kataluniakoa da, baina Euskal Herrian inmersio prozesu batean dago. Aitor Zarzuelo ere Madrilen bizi da, baina Donostiakoa da…  Aukeratutako bi artistek maiatza bitarteko epea izango dute lana bukatzeko, eta maiatzaren 18tik aurrera sagardotegian izango da ikusgai”. Ondoren, berriro erakusketa ibiltaria antolatuko dute, artisten lanak gure txokotik kanpo ere ezagutu ditzaten. Lanen jabetza intelektuala SagarArte ekimeneko sortzaileena da, “baina obra saltzen bada, portzentaje handiena, noski, artistek beraiek eramaten dute. Lehen urtean Suediako pertsona batek erosi ditu obrak”.

Harrera bikaina

Erakusketa bisitatu dutenen harrera bikaina izan omen da. Mundakan egon ginenean oso aberasgarria izan zen, “hara hurbiltzen zirenei behar adina azalpen ematen genizkielako: izan kondairak, izan datu historikoak… jendeak gogotsu entzun gintuen. Mundakan afari baten bueltan egin genuen erakusketa, eta orain garaiko pintxo berezi dastatze batek lagunduta egingo dugu hiru kondairen azalpena, hiru sagardo basorekin, hiru ekitaldi ezberdinetan (Mesopotamiatik txotx garaira arte, hainbat kondaira kontatuz), Zizurkilen, Pasus, Egarri eta Atxulondo tabernetan. Mundakako arrakasta bera eduki nahi genuke, eta horregatik deia bertakoei azal daitezen”. Zizurkilgoa Aldundiaren bitartez lotu zuten, eta bertan Plazida Otaño gunean izango da erakusketa. 

Eta pintxoak zergatik? “Jakina, jendeak artea kontsumitzeko biderik eraginkorrenetakoa, delako. Jatea eta edatea. Proposamen gastronomiko bati kondaira bat gehitzen diogu, eta pintxoak kondaira horrekin zerikusia izan dezan saiatzen gara. Gu biok erakusketan eta ekitaldietan egoten gara, beti, eta artistek, ahal badute ere bai”. Mundakako aho zapore ona errepikatu nahi lukete Zizurkilen: “Ikaragarria izan zen. Sagardoa baloratzeko beste modu bat. Bost minutu isilik denak entzuten, sagardoa nondik zetorren, pintxoa, istorio guztia, artea baloratu…”. Zizurkildik Ezkio-Itsasora mugitu aurretik, hobe gertuko aukerari kosk egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!