Herriko ostatuak betetzen dituen zukua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 30a, 01:00

Aspaldi hasi zen gorakadari eusten diote, eta aurtengoan ere betekada latza hartzekotan dira sagar zukua eskaintzen duten sagardogileak. Mantso hasi da urtarrilean, hazten joango da otsailean, eta goia joko du martxoan, apirilean itzaltzen hasteko.

Beterri-Buruntza sagardoaren triangeluko ertzetakoa da, eta gure herriko ostatuek ederki nabaritzen dute hona etortzen den bisitarien kopuru handia. Eskualdeko lau ostaturekin mintzatu da Aiurri astekaria, urtero neguan errepikatzen ari den fenomenoa hobeto ezagutzeko asmoarekin: HK10 hotela, Guria pentsioa eta Altzibar-Berri landetxea. Denei galdera berberak egin dizkie, honatx emaitza.

Maite Alkain HK10 hotela

  1. Otsaila eta martxoa oso indartsua izaten da, urtarrila ez hainbeste. Aurten sagardotegi garaia luzatu egingo da, Aste Santua ere berandu delako. Asteburuko bezeroa izaten da, larunbatekoa batez ere. Kirol taldeez aparte, sagardotegietako bezeroa da garrantzitsuena hilabete hauetan. Hotela bete egiten da.
  2. Batez ere bizkaitarrak etortzen dira, euren autoan, ezkongabe despedidak-eta. Familia batzuk ere etortzen dira,Madrildik edo, urtero etortzen dena. 25-35 urteko bezeroa da, ondo pasa nahi duena, baina afaldu, parranda egin eta gero halako konfort edo erosotasuna nahi duena, gela on batekin, edo gosari on batekin. Normalean bezeroa lasaia, jatorra da. Gertatu izan zaigu, atzerritarrak sagardotegira bidali, italiar batzuk, sekulakoa bildu, eta hotelean goizean buelta eman ezinik ibili. Zenbaitzuk esan izan digute, hotelean halako diskoteka edo barra bat jartzeko, azken tragoa edateko, baina ezin dugu. Hemen ondoko biribilgunean ia astebururo alkoholemia kontrola jartzen du Ertzaintzak, eta inor ez da hona autoan etortzen.
  3. Gehienak sagardotegia lotuta dutela etortzen dira. Atzerritarrekin, edo kirolariren batekin, Urnieta ezagutzen ez badu, laguntzen diegu, baina ez da erraza, ze otsaila eta martxoan larunbat batean sagardotegian tokia bilatzea oso zaila da. Galdetzen digutenei Urnietako sagardotegietara bidaltzen saiatzen gara: Altuna, Eula, Setien… Oinez joan daitezkeenak, batez ere.
  4. Urtetik urtera errepikatzen duen jendea da, eta hemen lo egin ondoren Donostiara joaten dira, bisitan. Ohikoa da asteburua han pintxo batzuk hartuz bukatzea. 

Amaia Martin, Guria Pentsioa

  1. Asteburuko bezeroa izaten da, larunbatekoa batez ere. Larunbat goizetan poteo handia egoten da tabernan, gero sagardotegira joaten dena, eta asko gaueko afaria egiteko bueltatzen dira ostatura. Otsaila eta martxoan gelarik gabe geratzen gara (10 dituzte, denera), eta gu bezala, Lasarte, Astigarraga eta Hernanin ere antzera gertatzen da.
  2. Normalean koadrilak eta familiak izaten dira, bezero lasaia. Koadrilak badira, gauetan joaten dira sagardotegira. Familiak izaten direnean, asteburu pasa egiten dute. Errepikatzen duen jendea izaten da normalean, eta hala egiten dutenei, urtarrila hasieran tokia gordetzeko aholkua ematen diegu, pentsioa  bestela segituan betetzen baita. Bizkaitarrak eta nafarrak dira gehiengo. 
  3. Orokorrean sagardotegia lotuta dutela etortzen dira, eta ez dute gauza askorik galdetzen. Ikasita etortzen dira. Gurean hilabete asko egoten diren langile batzuek ere eskatzen digute aholkua, nora joan edo nora ez.
  4. Larunbateko bezeroak sagardotegira joan-etorria egiteko ohitura du, eta igandean ere geratzen direnek Donostiara joateko baliatzen dute eguna.

Eli Etxezarreta, Altzibar-Berri landetxea

  1. Aurten mantsoago gabiltza, baina bai, nabaritzen da. Sagardotegi garaiko larunbat guztiak beteta izaten ditugu, eta asteburu batzuk ere bai. Gehienak larunbat eguerditan joaten dira bazkaltzera. Urte batzuk atzera gauez joaten ziren, orain aldatu da joera. Bazkaltzen dute, eta gau aldera etxera bueltatzen dira. Sagardotegi garaian bezero ugari hurbiltzen zaigu eta urte osoko negozioan aldagai garrantzitsua da. Demagun astean zehar langileekin irauten badugu, asteburuetan sagardotegietako jendeak laguntzen digula urteko lehen hiruhilekoan.
  2. 35-40 urtetik gorako pertsonak etortzen dira, eta bikoteak ere bai. Ikasketa despedidak egiteko zaletasuna duten gazte taldeak ere etortzen dira. Orain dela hiru bat urte sukalde librea erabiltzeko aukera jarri nuen landetxean, eta hori gustuko du bezeroak, bere kabuz sukaldean aritzea. Igande goizean jaiki eta mahai gainean gosari oparo bat topatzea ere bezeroak gustura hartzen duen zerbitzua dela esango nuke. Zaragozakoak, bizkaitarrak, Araba… nahiko gertukoak etortzen dira.
  3. Askok sagardotegia hartzen dute aurrena, eta gero lo tokia bilatu. Baina guregana etorri eta aholkua eskatzen dutenak ere badira.
  4. Guregana etortzen diren gehienak Donostiatik buelta egin zale dira, asteburu pasa etortzen badira, baina gau baterako etortzen dena, sagardotegira joan, biharamuneko buruko mina pasa, eta martxa egiten du.

JOSEBA JAUREGI, TXERTOTA

Turismoari begira, Andoain herriak ez du Urnietak adina logelarik eskaintzen. Goiburun dagoen Txertota jatetxeak ostalaritza mailan ondo merezitako fama izateaz gain, bisitarientzat hainbat logela eskaintzen ditu. Nagusiki, urteko sasoi honetan, koadrilak edo talde handiak hurbiltzen dira gaua igarotzera. 

Bezeroa gertukoa izaten da, Joseba Jauregi Txertotako jabeetakoak adierazi digunez. Arabarrak, nafarrak, gipuzkoarrak... ingurukoak izaten dira negu aldera hurbiltzen zaizkienak. Guztiak ez badira ere, ia gehienak sagardotegiak eta txotx garaiak erakarrita hurbiltzen dira. Udan gehiago izaten da kanpoko bisitaria, eta horien artetik gehien-gehien hurbiltzen direnak Katalunia aldeko bisitariak dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!