Agustin Urretabizkaia, ipar martxako kirolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 29a, 01:00

Egun gutxi geratzen dira Salesiar Ikastetxeko herri krosa lehiatzeko. Korrika aritzeaz gain, Nordic Walking edo ipar martxa diziplina eginez ere osatu ahal izango da 7 kilometroko proba. Agustin Urretabizkaia irakaslea iazko irabazlea da.

Iaz egin zuten lehen aldiz, eta izandako arrakasta lagun, errepikatzea erabaki dute. 2018koan Agustin Urretabizkaia Magaleko irakaslea izan zen irabazlea.

Otsailaren 3an egingo den herri krosean, korrika egiteko aukeraz gain ipar martxa edo nordic walking delako diziplinan ere osatu ahal izango da saioa. Nolatan?

Salesiar ikastetxeko ikasle ez ziren herritarrentzat duela bost urte zabaldu zen lasterketan parte hartzeko aukera. Eskualdean ipar martxan dabiltzan kirolari sorta polita badela ikusita, iaz lasterketa bikoitza antolatzea erabaki genuen.

Hiru urte atzera ipar martxako arauak, epaileak eta beste osatu zirela baliatuz, kirol ofiziala bilakatu zela ikusita, ipar martxa proba ere antolatzea erabaki genuen. Ikastetxean bagara batzuk kirol jarduera hori egiten dugunak, eta pausoa eman genuen. Iaz lehen aldia izan zen, eta 70 bat lagunek eman zuten izena.

Zer da Ipar Martxa?

Oinez ibiltzea, baina bastoiekin lagunduta. Oso kirol konpletoa da, hankekin ibiltzeaz gain, besoekin eta gerritik gorako gorputz atalekin ere indar handia egiten delako. Finlandian sortu zen, elurretan ibiltzeko, noski, baina udan, elur faltan, iraupen eskiko kirolariek jarri zuten martxan. Bastoiei esker pausoa handitu egiten duzu, eta azkarrago joaten zara. Euskal Herrian paseatzen dutenak bezalaxe, asko daude ipar martxa egiten dutenak, baina zenbaitzuk lehiaketetan-eta parte hartzen dugu. Zaletasun gisa, baina lehiatuz, federatuta eta guzti.

Zerk egiten du berezi ipar martxa?

Oso exigentea da fisikoki, baina ez du artikulaziorik kaltetzen, korrika gerta daitekeen bezala. Ikasterraza da, ez da zaila, eta oso osasuntsua da. 

Ohiko martxaren antzekoa da, baino azkarxeago ibiliz. Bihotz taupada erritmoak oso gora eramaten dira. Fisiologoek diotenez, gorputzaren %90 jartzen da mugimenduan.

2018an lehen aldiz lasterketa antolatu eta 70 laguneko parte hartzea lortzea… Harritzekoa, ezta?

Euskal Herrian gabeziaren bat baldin badago, lehiaketa falta da. Iaz urte osoan lasterketa bakarra egon zen Gipuzkoan. Antolatzen diren apurretan, jende askok ematen du izena.

Eta zein aurreikuspen egiten duzue aurtengo probarako?

Gasteizko, Palentziako jendea espero dugu. Espainiako txapelketetan podiumera igo diren atleta batzuk etorriko dira, eta hori garrantzitsua da guretzat. Kopuruari dagokionez, 70-80 ipar martxalari espero dugu. Herrikrosa.eus atarian izena emateko aukera dago. Ea jendea animatzen den.

Zuen artean, lehia dela eta, saltsa sortzen al da?

Bai, bai. Korrika dabiltzan parekoak. Irabazleentzat sariak daude, eta horrek kirolarien arteko lehiakortasuna areagotzen du.

Antolaketa lanak zailak al dira?

Ez, korrikarako prestatzen den azpiegitura bera ipar martxako probarako erabil daitekeelako. Kros arrunt bat bezala antolatzea da kontua, baina gure kasuan bi kirol jarduera ezberdinekin.

Eguraldi gaiztoa omen dator, datozen egunetarako. Prest al zaudete?

Otsaila hasieran, Euskal Herrian, zaila da eguraldi eguzkitsu eta epela ziurtatzea. Beraz, negu girora ohituta gaude.

Lehiaketa batean parte hartu aurretik komenigarria da ikastaroren bat egitea. Aukerarik ba al dago?

Gipuzkoako Mendi federazioan ikastaroen inguruko informazio osatua ematen da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!