"Dantzari ibiltaria" Adunara etorri da ekainera arte

Ekainera arte iraungo dute saioek. Asteazkenetan izango dira 18:00etatik 19:30ak arte, Elordi plazako lokalean.

Txotisa, pasodoblea, polka, balsa, fandangoa, arin-arina... Gure aiton-amonek  herriko plazetan dantzatzen zituzten dantzak dira. Horiek erakustera etorri da Irune Arrizubieta Aiko dantza taldeko kidea, Adunara.

Zein helbururekin antolatzen dituzue dantzaldiak?

Leku askotan gabiltza “Dantzaldi ibiltaria” izeneko programaren barruan. Bizkaian hasi ginen, eta ondoren Gipuzkoara etorri ginen, Donostiara orain dela 6-7 urte. Jendea ezagutu ahala, Adunan antolatzeko proposamena iritsi zen.

Dantza tradizionalak irakasten ditugu, betiko dantzak. Gure aiton-amonek herriko plazetan dantzatzen zituzten dantzak berreskuratzea da helburua.

Nola erantzun dute herritarrek?

Inguruko herrietatik etorri dira gehienbat, Donostialdetik. Urtarrileko klaseak dohainik izango direnez, herritarrek gure dantza sistema ezagutzea nahi dugu. Saioetara etorri, eta ikus dezatela egiten ditugun dantzak nolakoak diren.

Zein adinetako jendea hurbiltzen da?

Helduei zuzendutako saioak dira, baina umeak ere etortzen dira. Aurrekoan nahiko ume talde handia etorri zen, eta oso ondo egon ziren. Hala ere, herritar gehiago animatzea nahiko genuke.

Gustukoen duten dantza mota?

Guztiekin disfrutatzen dute. Oinarrizkotik hasten gara: pasadoblea, balsa, polka, txotis, jauziak, fandangoa, arin-arina... Gustukoen bikote dantzak dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!