Santa Ageda bezpera ate joka dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 28a, 01:00

Beterri-Aiztondon ohitura zaharra biziberritzeko prest daude. Herrian zehar edota baserriz baserri kantari arituko dira.

Otsailaren 4a, Santa Ageda bezpera, iristear da. Hauxe herriz herriko egitaraua: 

Asteasu

Usarrabi abesbatzako kideak herriko plazan bilduko dira 16:00etan, eta bertan lehen saioa egingo dute. Hortik, inguruko baserrietara abiatuko dira. 18:00-18:30ak inguruan Elizmendira iritsiko dira, eta bertan Juan Tapia trikitilariarekin eta eskolako ikasleekin eta gurasoekin elkartuko dira. Ondoren, berriro herrira jaitsiko dira kaleetan barrena, eta tabernatan abestuz, eta Aiztondo elkartean afaltzen amaituko dute eguna.

Aduna

Guraso Elkarteak antolatzen du Adunan Santa Ageda bezperako erronda. 16:00etan entsegua egingo dute haur eta gurasoek, eta ordu erdi beranduago plazan bilduko dira  gainerako herritarrekin baserriz baserri kantari joateko. Indarrak hartzeko afari ederra egingo dute guztiek, Zabala sagardotegian.

Zizurkil

Buztin bailarako baserrietan barrena arituko dira kantari San Millan eskolako ikasleak eta gurasoak. 16:30ean abiatuko dira plazatik, eta kantu erronda amaitzean ogitartekoa jango dute Iriarte Jatetxean.

Pedro Mari OtaÒoko LHko ikasleek 12:00ak aldera ekingo diote ibilbideari. Herrian zehar kantu errondan aritu ostean berriro ere eskolara itzuli, eta txikienekin gurasoen aurrean abestuko dute.

Andoain

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatzen duen erronda 18:00etan abiatuko da Dr. Huitzitik, ikurriÒa lau haizeetara zabaldu ostean. Aurtengo ibilbidean aldaketak eman dira, eta Olagain auzunera itzuliko dira. Entsegua hilaren 30ean izango da Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian, 20:00etan. Elkarrekin Ontza elkartean afaltzen amaituko dute eguna. Entseguko egunean bertan eman behar da afarirako izena. Otsailaren 4an ezingo da izenik eman.

Amasa-Villabona

Trikitixa eta panderoarekin aterako dira kantari Villabonan Eresargi abesbatzako kideak. Bertsolariren bat ere izango da tartean. Kultur Etxetik abiatuko dira 19:00etan, eta herrian barrena ibiliko dira kantuan, giroa alaitzen. Aurrez, entsegu bat egingo dute, otsailaren 2an Kultur Etxean bertan, 10:00etan hasita.

Herriko ikastetxeetako ikasleek ez dute ohiko eskola eguna edukiko. Fleming Herri Eskolako HHko lau eta bost urtekoek eta LHko ikasleek betiko orduan joan beharko dute eskolara. 10:30ak inguruan Arroako ikasleekin bilduko dira, eta handik abiatuko dira kantari, honako ibilbidean: Arroa, zaharren egoitza, Errebote plaza, anbulategi pareko plaza eta Malkar plaza. 4 eta 5 urteko haurrak eskolara itzuliko dira Errebote plazan egon ostean.

Zubimusu ikastolatik LHko seigarren mailako eta DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleak aterako dira kantari, Zentrotik zaharren egoitzara, 11:30ean. Handik Errota Txikira joango dira eta pixkanaka Txerminera gerturatuko dira, Txistulari plazatik igarota, 12:15ak inguruan. 12:30ean Txerminetik Errebote plazara joango dira eta Zentron amaituko dute 13:15etan. Musikari lanetan Xabier Zubeldia, Kristina Solano eta bere ikasleak jardungo dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!