Antzerkia, Basteroko neguko kultur eskaintza nagusia

Bost antzezlanen programazioa iragarri dute Andoaingo kulturgunean, asteburu honetan bertan hasita.

Bastero Kulturgunea zabaldu zenetik, Madrilgo Yllana konpainiaren agerpena finkoa izan da. 25 urteko ibilbide oparoan ia-ia antzezlan guztiak Andoainen aurkeztu izan dituzte. Urteurren borobilera iritsita, madrildarrek "Lo mejor de Yllana" antzezlana eskainiko dute ostiral honetan. Umorea, hitzik erabili gabe.

Andoaingo kulturguneak erdarazko eta euskarazko antzezlanak tartekatzeko joera du, eta datorren otsailaren 1erako "Ghero: azken euskalduna" antzezlana iragarri dute. Euskararen amaierari buruzko hausnarketa da, antolatzaileen hitzetan, "antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta". Oholtza gainera igoko dira, besteak beste, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktore ezagunak.

Haurrei zuzendutako eskaintzarik ere ez da faltako Andoainen. Larunbat honetan, Porrotx eta Marimotots pailazoek "Musua" ikuskizun berriena eskainiko dute. Azken sarrerak salgai daude.

Otsailaren 24an, berriz, Dejavu konpainiak "Linbo planeta" taularatuko du. Haur ikuskizun harrigarria da, berritzailea, Numa izeneko neskatila baten ikuspegitik azalduta.

Martxoan, beste bi antzezlanez gozatzeko aukera izango da Basteron. Lehena, martxoaren 15ean, helduei zuzendurikoa da. Clara Sanchis aktoreak  Virginia Wolfen "Una habitacion propia" liburua eramango du taula gainera. Wolf feminismoaren ikurretakoa da, eta liburu horretan aurki daiteke egun indar handia izaten jarraitzen duen esaldia: "Ez dago nire pentsamendu askatasunari jarriko diozun hesi, sarraila edo kandadurik".

Antzezlanen eskaintza adin tarte guztietara zabaltzeko asmoz, Pausokaren 'Go!Azen 5.0' antzezlanaren bi saio iragarri dituzte martxoaren 30erako. Aurten ere, telesailak ikusmin handia piztu du.

Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Basteroko leihatilan, eta baita Kutxabanken salmenta atalean ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!