"Sorginak sutara" antzezlana, Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 26a, 01:00

Larunbat honetan, arratsaldeko 18:00tan hasita, Urnietako Egape antzerki taldeko kideek "Sorginak sutara" antzezlana taularatuko dute. Aurreko astean AEK euskaltegian aurrerapentxoa eskaini eta gero, Saroben talde osoa batera arituko da.

Joxe Mari Berasategi antzerki zuzendariak gidatuta, Egape antzerki taldeko hiru talde taulatatuko dira, eta nork bere zatia antzeztuko du. Bost lagunez osatutako guraso talderen txanda izango da lehenbizi. Ondoren, 4., 5. eta 6. mailako ikasleak helduko dira. Obraren azken zatian, azkenik, 1., 2. eta 3. mailakoek hartuko dute parte. Ordubeteko ikuskizuna izango da, eta Berasategi zuzendariak adierazi duenez “ikuskizun bizia eta alaia izango da, hori ziurta dezakegu. Azken asteetan antzezle guztiak gogoz aritu dira entseguak egiten, eta jendaurrean dena emango dute”. Aurten, estrainekoz, zenbait guraso antzerkian murgiltzera animatu dira, eta hori ere azpimarratu nahi izan du Berasategik: “Hasi berriak dira, baina eskarmentu handikoen pare aritzeko gai direla erakutsi dute".

Antzerkiaren egoera Urnietan

Eskolaz kanpoko jarduera osagarri gisa lanean ari da Egape ikastolako antzerki taldea. Bestalde, Berasategik Egape ikastolak eta Magale ikastetxeak Urnietako Udalarekin batera abian jarri zuten "Antzerkia eskolara" egitasmoa gidatzen jarraitzen du, eskola orduetan.

Antzerkigintzan dena ez da albiste ona, hala ere. Berasategik baieztatu duenez, Denda Berri jubilatuen antzerki taldea desegin egin da: "Tristura sortzen du berriak, oso antzezlan politak prestatu izan ditugulako; jarraitzaile sutsuak genituen, Sarobe betetzeraino. Baina ez dago beste erremediorik. Zenbait kidek jada ezin izan dute jarraitu, duintasunez egindako antzerkiak exijentzia handia dakarrelako berarekin. Gainera, kide berririk ez bada hurbiltzen, zaila da talde egonkor bati eustea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!