"Herritarrak gogo onez datoz gugana, informazio eske"

Eneko Aizpitarte eta Ander Lopez Andoaingo edukiontzi grisaren ezarpenerako argibideak eskaintzen ari dira, auzoz auzo.

Elkarrizketa:

Erefusa bereiztu eta biltzeko sistema berria Andoaingo herrigune guztira zabaltzen ari da. Hondakinak ondo bereizteko eta birziklapen tasa igotzeko asmoz, bi hezitzaile kalez kale dabiltza. Aste honetan eta datorrenean, argibide guztiak emateko prest izango dira. Astearte arratsaldean Doktor Huitzin ipini zuten informazio gunean topatu genituen Eneko Aizpitarte eta Ander Lopez hezitzaileak.

Kalez kale ipini duzuen informazio gunean zein da zuen eginkizuna?

Bereziki, bi. Errefusa bereizteko Andoaingo Udalak ezarriko duen sistema berriaren inguruko xehetasunak ematea eta zalantzak argitzea. Bestalde, txartela etxean jaso duten herritarrei organikoaren kuboa eskura ematen diegu.

Jendea hurbiltzen ari al zaizue?

Ez gehiegi. Egia da Kaletxiki, Bazkardo edota Doktor Huitzi ez direla populazio handiko auzoak. Udaletxera bertara jende gehiago hurbiltzen ari da. Eguraldiak ere ez digu batere lagundu. Euria, haizea, hotza..., gatorren asterako iragarpenak ez dira hobeak, baina hitzorduei eutsiko diegu.

Zeintzu dira kontsulta ohikoenak?

Udalak orain arte organikoa erabiltzen ez duten herritarrei txartel bana bidali die, eta batez ere horiek dira informazio gunera hurbiltzen ari direnak. Txartela eskuan dutela datoz. Organikoa eta errefusa nola bereizi behar diren azaltzen diegu. Bestalde, lehendik organikoa bereizten ari den bat edo beste azaldu zaigu ere. Galdera ohikoena da ea txartel berarekin edukiontzi grisa eta marroia ireki ahal izango diren.

Batzuek zein besteek sistema berriari zer moduzko harrera egin diotela uste duzue?

Gogo onez datozela esango genuke. Herritarrek badaukate kontzientzia hori, ohiturak aldatu beharrean gaudela guztiok ere. Jakina, beti azalduko da baten bat kexaka, baina erreparo horiek normatzat hartu behar dira egunorokotasunean aldaketak planteatzen diren bakoitzean.

Zer esango zenieke txartela etxean jaso eta oraindik ez udaletxera ez zuengana bertaratu ez direnei?

Auzoz auzo gabiltzala, eta etortzeko lasai, kuboa eskura jartzeaz gain behar diren azalpenak eman eta zalantzak argituko dizkiegula. Sistema berriak ez duela misterio handiegirik, horixe azalduko diogu. Ohitura txiki berri batzuk hartu behar dira, besterik ez. Helburua denon artean hondakinak ondo sailkatzea eta birziklatze maila igotzea da. Merezi du ahaleginak.


Udalaren oharra, datozen egunei begira

"Azken astean aldaketak egin dira herriko hainbat guneetan eta informazio gunea ere martxan egon da. Gogorarazi beharrean gaude, orain ezartzen ari diren edukiontziak irekita egongo direla, eta otsailaren 4an, astelehenarekin, itxiko direla. Ordurako denak txartela izatea garrantzitsua izango da. Beraz, txartelik jaso ez duten herritarrak hurbildu daitezela udaletxera.

Datorren astean orain arte aldatu ez diren edukiontzi guztiak aldatuko dira. Eta informazio gunea herriko hainbat puntutan egongo da:

Asteartea 29:

16:00-19:30: Manuel Lekuona parkea

Asteazkena 30:

16:00-19:30: Leizaran institutuaren ondoan.

Osteguna 31:

16:00-19:30: Extremadura (udaltzaingoaren ondoan)

Ostirala 1:

16:00-19:30: Etxeberrieta plaza

Larunbata 2:

10:30-14:00: Merkatua".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!