“Postu onak lor ditzakedan lasterketetan saiatuko naiz”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 25a, 01:00

Ez du nabarmentzeko osasun arazorik izan neguan, eta egoera soil hori abantaila da berarentzat, iaz nahi eta ezin ibili baitzen neguan. Mikel Alonso Euskadi Fundazioko txirrindulariak datorren astean egingo du debuta.

Mikel Alonsori distira berezia sumatzen zaio begietan (Urnieta, 22 urte). Konfiantza eman dio Azanza kirol zuzendariak, esprintetan saiatzeko askatasuna. Postu onak nahi ditu, garaipena oraindik urrun ikusten baitu. Astebete barru egingo du debuta, Mallorcan.

Bigarren denboraldia dagoeneko Kontinental mailan. Zer moduz joan da negu hasiera?

Iazkoa baino askoz hobe. Iazkoan bi gripe pasa nituen, eta ezin izan nuen prestakuntza nahi beste findu ahal izan. Negu honetan hobeto nabil, eta entrenamenduetan ere hobeto ari naiz. Aldaketa txiki bat egin dugu prestaketan. Jorge Azanza kirol zuzendaria ari zait laguntzen nire punturik onena esprint edo bukaera azkarretara bideratu asmoz. Gauza pare bat aldatu ditugu, eta kontent nago.

Ze aldaketa, jakin badaiteke?

Pisua jaisteko ahaleginari dagokionez, potentzia irabazteko asmoz. Gimnasioan gehiago ari naiz, esprintak lantzen, mendateetan ez hainbeste. 

Bigarren denboraldia duzu Kontinental Mailan. Zer aldatzen da lehen denboraldiarekin alderatuta?

Iaz urduri sentitu nintzen sarri. Gauzak ahalik eta ondoen egiteko grina horrek urduritu egiten zaitu. Gauzak lasaiago hartzen ikasi dut, lasterketek gidoi jakin bat dutela, eta gidoi horretara moldatzen asmatu behar dudala. Kokapenean, edo une jakin batean estutzeak postu on bat lortzeko aukera oro harrika bota dezake, eta egoera horiek kontrolatzen ikasi behar dut.

Benetakoa al da afizionatuen mailatik Kontinental Mailara dagoen jauzia?

Bai, ikaragarri nabaritzen da. Batez ere ihesaldia egin aurreko kilometro horietan, erritmoa oso azkarra da.

Taldeak konfiantza du zugan. Postu onak lortzeko Fundazioaren aukera onenetakoa zarela diote.

Taldeko azkarrenetakoa naiz, eta oso eskertua nago Azanzak emandako erraztasunei, mendian gora hain ondo ibiltzen ez naizela jakitun.

Ezaugarri jakin batzuetako lasterketak korrituko dituzu, beraz.

Bai, lasterketa gehienak itzuli lauak edo igoera zailik ez dutenak izango dira, ahalik eta zuku handiena lortzeko asmoz. Nire abiadura baliatzen saiatu behar naiz, ibilbide lauan, eta etapa gorabeheratsuetan taldearen mesedean aritu lanean, ur potoak igoz edo eskatzen didaten lana eginez. 

Aurkezpenaren egunean nabaritu zen giroa oso ona zela. 11 laguneko taldea. Motz samarra al da?

Beno, ez dugu egutegirik bikoiztuko, eta zentzu horretan, ez da kopuru eskasa.

Polemika ere sortu da Fundazioak Kolonbiako txirrindulari gazte bat fitxatu duelako. Zer diozu?

Txirrindulariok, gure artean, ez dugu horretaz hitz egiten. World Tour mailako talde batekin dauka kontratua Higuitak (Education First), eta haiekin fitxatu badu, zerbaitegatik izango da. Guretzat lagungarria izan daitekeela uste dut.

Zein egutegi osatuko duzu?

Hasiera batean bi etapa Mallorcako Challenge-an (urtarrileko azken egunean korrituko da lehen etapa). Han bi etapa korrituko ditut, bat, ziur, azkenekoa (otsailak 3). Bestea ikusiko dugu. Ondoren, Valentzia edo Andaluziako itzulia, ibilbidearen arabera. Gero Portugalera joango naiz, Alenteixoko Itzulira, nahiko ondo moldatzen bainaiz han. Errioxa eta Gaztela-Leon itzulien ondoren ikusiko dugu zein egutegi osatu.

Non daukazu jarrita begia?

Mallorcan, Valentzian eta Andaluzian postuak lortzea zaila izango da, World Tourreko txirrindulariak bertan direlako. Portugalen postu onak lortzeko aukera handiagoa dut, txirrindularien maila apalagoa baita.

Garaipenak lortzeko beharrean ikusten al duzu zeure burua?

Inola ere ez. Iaz 3., 4. eta 6. postuak lortu nituen, baina esprintak oso bereziak dira. Mundu bat. Xomorroa izan beharra dago, eta zenbaitetan gaiztoa, nondik sartu, nondik joan, noren gurpila hartu edo noiz hasi erabakitzeko. Ukabilak sartzeko jokoa hasten denean kontuz ibili beharra dago. Iaz 3. izan nintzenean urrutitik egin nuen esprinta, eta azken unean gainditu ninduten. Balazta ez ukitzea da gakoa. Ukitzen baduzu, jokoz kanpo geratzen zara, baina 60-65 kilometro orduko abiaduran ez da erraza burua hotz mantentzea. Balaztari eragiteko tentazioa oso handia da.

Eta tropelean zer? Nabaritzen al duzue hirugarren mailako ziklistak zaretela? Errespeturik ba al dute zuekin talde handiek?

Nola jokatzen duzun… esan nahi dut, Movistar taldea tiraka badoa, eta zuk haien gurpilean sartu nahi izatea, Kontinental mailakoa izanda, ba ez da erraza… Galoiak irabazi behar dira. Esprint batean, ordea, askatasuna dago.

Mailaz igotzeko presiorik sentitzen al duzu?

Oraintxe bertan halakorik ez daukat buruan. Ilusioa egingo lidakeela? Ziur. Eta Fundazioarekin balitz, ba hobe, baina ez nau arduratzen. Babestua sentitzen naiz: Mikel Landa bera, Azanza, Urbycolan, Orbea, Etxe Ondo, Laboral Kutxa babesleen laguntza…

Eta kontrako norabidean? Alegia, zure maila ez eman eta ziklista izateko atea ixteko arriskurik sumatzen duzu?

Ez. 22 urte ditut, eta pasa den denboraldian gauzak espero bezala ez zirela joan ikusteak indarra ematen dit hastear den honetan gehiago ahalegintzeko. Bizitza osoa daukat aurretik, eta 2020an zer, nola, non egon naitekeen ez nau arduratzen.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!