Mikel Berraondo Arrateko zaindariari esker ona

Andoainen zesta-puntaren alde lan nekaezina burutu zuen Mikel Berraondo Lamarain asteazkenean hil zen Donostian, 93 urte zituela. Juana Garmendiarekin ezkonduta zegoen, eta bi semeren aita zen: Iñaki eta Nestor.

Arrate pilotalekua bere bigarren etxea izan zela esan daiteke, 80ko hamarkadaz geroztik Gaztelekuko zesta-puntako jokalarien prestatzailea izan baitzen. Elkartearen administrazio lanak egiten zituen, eta batik bat, zesta-puntako saila eraman zuen. Bere semeak balira bezala ikusten zituen zesta puntarekin ilusioz beterik Arratera prestatzera azaltzen ziren gazteak. Aiurri 2010eko ekainean eskaini zion elkarrizketan aitortu zuenez, “ni oso gustura ibiltzen naiz eurekin, eta eurek ere nirekin halaxe ibiltzen direla pentsatzen dut. Belarritik tira egin behar zaienean, tira egiten zaie, baina eskuzabal jokatzen saiatzen naiz batez ere”. 

Gazteen irakasle izateaz gain, Gazteleku elkartearen bestelako eginkizunetan ere gogoz iaiotu zen gizona. Esate batera, jokorako materiala prestatzen aritzen zen. “Zesta-punta kirola garestia da eta materialaren gastua aurrezteko zenbait lan egin behar izaten ditut: pilotak josi, saskiak konpondu...”.

Bi omenaldi jaso zituen,
bizirik zegoenean

Esker oneko bi omenaldi eskaini zizkioten Andoainen, urtetan zesta puntari eta gazteen kirol formakuntzan erakutsi zuen eskuzabaltasuna zela eta. San Juan jaietan biak. Lehena, 2008an izan zen, Jai Alive enpresak eta Andoaingo Udaleko Allurralde Kirol patronatuak antolatuta. Hunkigarria izan zen ekitaldia, pilotari gazte eta ez hain gazteen (Gaztelekuko eta Gipuzkoako hainbat pilota eskoletako kideak, udal ordezkariak, lagunak eta zaletuak) txalo zaparrada jaso baitzuen. Afizionatu eta profesional mailako pilotariekin osatutako jaialdiarekin biribildu egin zen ekitaldia. Dena esatera, eguna ez zen horren zoriontsua gertatu Mikel Berraondorentzat, izan ere egun batzuk lehenago tronbosi txiki bat izan zuen, eta omenaldira ezin izan zuen berak nahiko lukeen bezain indartsu agertu.

Handik bi urtera, Gazteleku pilota eskolaren eskutik heldu zen merezitako omenaldia, San Juan torneoko finalarekin batera. Arraten jendaurrean esker oneko ekitaldia egin ostean, eguna amaitzeko, Ontza elkartean  Gazteleku osatzen zuten kide guztiekin afari eder batean parte hartu zuen.

Soraluzen sorterria; Andoainen pilotalekua; Donostian bizitokia

Soraluzen jaio zen 1925, baina hango beste hainbat herrikideren antzera, lanbideak Andoainera ekarri zuen, hain zuzen Bazkardon dagoen SAPA arma lantegira. 1961ean etorri zen Andoainera, eta lehen urte haietan fabrikatik gertu dagoen Alejandro Calonge auzunean bizitzen jarri zen. 

Betidanik eduki zuen pilotarako zaletasuna, eta Arrate pilotalekua 1977an ireki zutenetik hango ikusle fidelenetakoa izan zen. Pixkanaka, Rafael Elizondo pilota irakasle ezagunak zesta puntako eskolan murgildu zuen.   

Azken urteetan, Sapatik erretiroa hartu zuenean, emaztearekin batera Donostiara joan zen bizitzera.

Bi pilotarien aita

Zesta puntarako zaletasuna bere bi semeei itsatsi zien, Nestor eta Iñakiri; Arrate pilotalekuko harrobian hezitakoak izan ziren biak. Nestor Gipuzkoako txapelduna izan zen 1985ean. Benidormen egin zuen debuta profesional mailan. 1987an eta ondorengo urteetan Milango (Italia) eta Orlandoko (Florida, USA) frontoitan jokatzen aritu zen. Iñaki anaiak ere Benidormen egin zuen debuta. Hark baino ibilbide laburragoa egin zuen, ordea, hiru urte eta gero zesta-puntaz aritzeari utzi egin baitzion.

Arrateko zaindaria joan da.

Klubari estuki lotuta

Gazteleku elkartean zesta-puntaz arduratzen den Igor Lizasoainek adierazi duenez, kirol sustatzaile bikaina izan zen Mikel Berraondo: “Erraztasun guztiak jartzen zizkion zesta-punta probatu nahi zuen edonori. Gure kasuan, kuadrilako lagunok hamaika urte genituela, Gaztelekura hurbildu ginen zesta probatu nahi genuela esanez, eta harrezkero beti eduki izan genuen ondo-ondoan, edozertarako prest. Bazekien jenio bizia ateratzen, baina normalki gazteekin esku ona zeukan. Oso oroitzapen onak dauzkat berarekin estatuko hainbat tokietara lehiatzera joaten ginenekoa. A Coruñara, Huelvara, Valentziara, Bartzelonara... Pilotariok txoratzen ibiltzen ginen halakoetan, gustuko kirola egiteaz gain bidaiatzeko aukera izaten genuelako, eta iruditzen zait berak ere guk adina gozatzen zuela. Berarekin asko ikasi nuen kirolari dagokionez, baina giza baloreak transmititzeko garaian ere fin aritzen zen; errespetua zen berak gogokoen zuen ezaugarria, errespetua kantxan eta kantxatik kanpo. Pertsona onbera zen, eta zesta-punta barru-barruan zeraman. Klubarengatik dena emateko prest dauden horietakoa izan zen, eta Fermin Altunarekin batera Gazteleku egituratu eta modernizatu egin zuela esango nuke.
Dohain bereziak zituen administrazio lanetarako eta erakunde publikoetatik laguntzak jasotzeko”. 

Hemeroteka:

 

[Mikel Berraondo, Arratera itsatsitako bizitza]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!