Elurtea iragarri zuten hasieran, euriaren eraginez alerta egoera piztu ondoren. Ez da horrelakorik gertatu, eta astea aurrera doan heinean arrisku egoerarik ez dela emango ondoriozta daiteke. Bart gauean telebista kamerak Zumea kalean ziren, Allurraldera doan Langara zubiaren ondotik azken ordukoa zuzen-zuzenean emateko prest. Albisterik ez zegoen, ordea. Eta albisterik ez zegoela frogatzeko, metro gutxira zuten erreferentzia onena. Pare-parean, gainera. Zumea kaleko Ernaitza liburudendan ez zuten liburu edo produktu bakarra tokiz aldatu. Ibaiak gainezka egin behar duenean, Garikoitz Plazaolak eta lagunek lan handia hartu ohi dute zorutik gertuen dauden liburu, aldizkari eta bestelako produktuak kentzen. Horrelakorik ez da gertatu, oraingoan. Arriskurik ez zegoen seinale.