Polikiroldegia berritzeko diru-laguntza jaso du Urnietako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 22a, 01:00

8 milioi inguruko kostua izango du polikiroldegiko berritze lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik 470.000 euroko diru-laguntza jaso du Urnietako Udalak. Goizean sinatu dute hitzarmena Mikel Pagola alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko Foru Diputatuak.

[Bideoa]

Bi ekarpenetan gauzatuko da erreforma berritzeko diru-laguntza. Kirol sailetik 249.000 euroko laguntza emango du aldundiak lehenengo faserako. Diru horrekin honako berritze-lanak egingo dira: eraispenak, eraisketak eta hondakinak; lur mugimenduak; eta zimendatzea, forjaketa sanitarioa eta zolatak.

Aldundiko kultura sailetik, berriz, 220.000 euroko ekarpena egingo da, eta eraikinaren barruan erabilera soziokulturala izango duten espazioetara bideratuko da.

Denis Itxaso Kirol eta Kulturako Foru Diputatuak adierazi duenez, "badakigu udaletxe txikientzat ez dela erabaki erraza, beharrak asko dituztelako eta kirol ekipamenduak orokorrean oso garestiak izaten direlako mantentzen. Alde horretatik gure esker ona erakutsi nahi dizuegu, ikusten dugulako Urnietako Udalak lehenetsi egin duela inbertsio hori, agian beste aukera batzuen artean".

Garatuko diren 5.600 metro karratu berriekin kiroldegi berri batetaz hitz egiten ari garela gehitu du Pagolak; egungo kiroldegiko "bizkarrezurra" dela aldatzen dena azpimarratuz.

Aprobatuta erreformarako proiektua
Kiroldegiaren erreformarako proiektua 2018ko abenduaren 17an ospaturiko udalbatzarrean onartu zen. Laster aurkeztuko dira herritarren aurrean kiroldegiak izango dituen ezaugarriak eta eskainiko dituen zerbitzuak lehen eskutik ezagutu ditzaten.

Behin kiroldegiaren erreformaren proiektua onartuta, 2018ko abenduaren 21ean ospaturiko udalbatzarrean onartu ziren obraren pleguak, zeinak Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman publikatu ziren. Orain, interesa duten enpresek haien proposamenak aurkezteko epea dute 2019ko otsailaren 14ra arte.

Ondoren, udaleko teknikariek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte, eta azkenik, obra esleituko dute. Esleipena gauzatu ostean hasiko da erreforma. Udako denboraldia amaitutakoan izatea aurreikusten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!