"Zuk ez duzu ordezkorik", gazteen auto istripuak saihesteko kanpaina

“Don´t be Dummy-Zuk ez duzu ordezkorik” bide hezkuntza kanpaina Andoainen burutu da gaur eguardian. Besteak beste, Andoaingo Jon Iturralde eta Lanberto Otermin udaltzainen eta Mikel Zubeldia suhiltzailearen lekukotzak entzun dituzte ikasteetxetako ikasleek.

Aita Larramendi ikastolako, Leizaran Institutuko eta La Salle Berrozpe ikastetxeko 15-16 urteko 307 ikaslek parte hartu dute Basteron egin den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak sortu duen egitasmo ibiltaria da “Zuk ez duzu ordezkorik”, gazteengan trafiko istripuei lotutako kontzientzia sortzeko helburuz.

Batetik, Dummy (auto istripuen entsegutarako erabiltzen den manikia) pertsonaiaren eskutik eta zenbait irudi muntaien bidez, gazteek istripuak izatea areagotzen duten faktoreak azpimarratu dira; hala nola, distrazioak, abiadura, gazteen izateko modua, alkohol eta drogen kontsumoa...

Bestetik, zirkulazio istripu batean aritzen diren larrialdi zerbitzu ezberdinen zereginak azaldu zaizkie gazteei, eta horretarako, testigantza pertsonalak entzun dituzte. Osakidetzako larrialdietako langile bat eta bizikletan zihoala auto batek jota hildako neska gazte baten ahizpa bideoz mintzatu dira, eta Basteron bertan izan dira Jon Iturralde eta Lanberto Otermin Andoaingo udaltzainak, Mikel Zubeldia Andoaingo suhiltzailea eta Iruñeko Alaitz Arbilla (auto istripu bat zela medio, lau urtez geroztik gurpildun aulki batean ibiltzen den gaztea). Azken hiru horiek modu pertsonalean bizi izandako gertakizun latzak, edonor hunkitzeko modukoak, kontatu dituzte.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!