Andoaingo Caritas elkarteak Kaletxikin biltegia ireki du, iraganean Edurne kirol denda izan zen egoitzan bertan. Astehelenero eta asteazkenero egongo da irekita, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Bertan, nahi duenak arropa utzi ahal izango du.
Elkarteko arduradunek deia luzatu nahi diete Andoaingo herritarrei, laguntzaileak behar dituztela gogoraraziz. Hiru boluntario behar dituzte, elikagaien eta jantzien sailaz arduratzeko eta astean behin oinarrizko sukaldaritzari buruzko ikastaroa emateko.
Gainerakoan, benetako beharrei erreparatuta, gazteentzako arroparen premian direla adierazi dute.
Ohiko eginkizunak
Caritasek bere ohiko eginkizunak betetzen jarraitzen du, premia handiak dituztenen alde lan eginez. Eguneroko jardun hori Zumea kaleko egoitzan eta Agustin Leitza Kaleko erretoretxean egiten ari dira.
Eskolaz kanpoko ekintza lagungarri gisa, eskola txikia delakoa martxan dute. Boluntarioki ari diren zazpi irakasle ari dira zeregin horretan. Laguntza osagarri hori jasotzera berrogei haur hurbiltzen ari dira. Aurten, zazpi irakasle horiek alboan laguntzaileak izango dituzte. La Salle-Berrozpeko eta Leitzarango zenbait ikasle dira, eskola txikian laguntzeko prest daudenak.