Hamar milioi euroko inbertsioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 21a, 01:00

Urnietako Erratzu industrigunean dago Esnelat enpresa, Iparlat taldeko fabrikarik handiena. 200 pertsonak lan egiten dute bertan eta, enpresak adierazi duenez, Gipuzkoako behi esne guztiko ekoizpenaren %98a bertatik kudeatzen dute.

Horrelako tamainako enpresa izanik, eta esnearen sektorean duen garrantzia ikusirik, Urnietako fabrikak eraberritzea behar beharrezkoa du. 2019an lehentasuna ontziratzeko sistemaren eraberritzea da, eta hori aurrera eramateko hamar milioi euroko inbertsioa egingo dutela adierazi dute. Joan zen asteartean, inbertsio horien berri jaso eta berrikuntzak bertatik bertara ezagutu asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari nagusiak Urnietako Esnelat fabrikara hurbildu ziren. Zehazki, Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa ingurunea eta Lurralde orekako diputatua. Erratzu industrigunean harrera egin zieten Iparlat enpresa taldeko eta Kaiku kooperatibako ordezkariek.

Esnelat enpresak bidalitako oharrean, Ahaldun Nagusiaren adierazpenak bildu zituzten. Esnelateko fabrikan egiten ari diren inbertsio eta berrikuntza ahalegina nabarmendu zituen: “Lurraldeko industriak, elikagaien sektorean ere, bere etorkizunerako apustuak berrikuntzan eta bere produktuen kalitatean oinarritu behar ditu. Ahalegin hori Gipuzkoa guztiaren etorkizunaren mesedetan izango da". 

Markel Olanok fabrikaren oinarrian dauden abeltzainei ere aipamen zuzena egin zien: “Etorkizunera begira modelo hau sendotzen jarraitzeko eta sektoreak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko Kaiku kooperatibarekin eta Gipuzkoako abeltzainekin dagoen lotura eta erlazio estua bermerik onena dira”.

Izan ere, Kaiku kooperatibako abeltzainak dira Iparlateko fundatzaileak. Eurena da akzioen gehiengoa eta esne hornitzailerik handienak ere eurak dira.

Ekoizpen prozesua bertatik bertara

Urtarrilaren 14an egindako bisitaldi instituzionalean, Esnelatera hurbidu zirenek ibilbidea egin zuten fabrikan zehar.. Besteak beste, esnekiak ontziratzeko bost lerro berrietako lehenengoaren abiaraztea ikusi ahal izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!