Amara auzoan ospatuko dira bi ekitaldiak, datorren urtarrilaren 20an –igandearekin–, donostiarrentzat urteko egunik handiena den San Sebastian egunean.
Lehenengoa, arratsaldeko 20:00etan izango da, El Sauce elkartearen aurrean. Badira hogei urte Oiartzabalek elkartearen ereserkia konposatu zuela, baina orduko hura instrumentala zen. Danborrarekin jotzeaz gain, elkarteko kideek ereserkia abestu ere egin nahi zuten, eta horrela bada, doinuari hitzak ipini dizkio Berrondok. Ereserkia osatuta dute, orain, elkarteko kideek. Pozik daude emaitzarekin, eta hori dela eta Andoaingo bi musikariei esker ona adierazi nahi die.
Amara auzoko Santiagomendiren eskutik helduko da eguneko bigarrengo omenaldia. Aurten, sortu zeneko XXV. urteurrena ospatzen ari direla-eta, arduradunek ereserkiaren beharra ikusi dute. Oiartzabalengana jo zuten orduan, konposaketarako enkargua eginez. Oiartzabalek doinua osatu berri du, eta zeregin hauetarako lankide duen Berrondok hitzak jarri dizkio. Egun bereko gauerdian, 00:00etan zehazki, "Donostiako martxa" jo ondoren ereserki berriaren estreinaldia egingo dute. Estreinaldi horretan egotera gonbidatu dituzte bi musikariak. Bide batez, esker oneko omenaldia eskainiko diete biei. Ekitaldian, Andoaingo hainbat musikarik parte hartuko dute. Izan ere, azken bost urteotan, elkarte horren danborradaren oinarri musikala Gora Kale Txiki txarangarena da.
Ibilbide emankorra
Emankorra da Oiartzabalek eta Berrondok azken urteotan osatu duten bikotea. Zazpi dira dagoeneko sortu dituzten doinuak, guztiak ere SGAE Espainiako egile eskubideen elkartean erregistratuak daudenak.
Aurtengo San Sebastian egunean, Gora Kale Txiki txarangak hiru danborradei doinua jarriko die. Santiagomendirekin ibiliko dira kalez kale, baina baita Deusto unibertsitatearekin eta Altzako eskola publikoko guraso elkartearekin ere. Unibertsitatearekin goizeko 09:00tan arituko dira, eta guraso elkartearekin arratsaldeko 16:00tik aurrera.