"Musua" ikuskizun berriena Basteron eskainiko dute

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi saio eskainiko dituzte Andoainen, urtarrilaren 26an. Bi saioetarako azken sarrerak salgai daude Basteron bertan eta Kutxabank-en salmenta gunean.

Amalurrari, urtaroei eta izaki nahiz gizaki bizidunei estuki lotuta dagoen ikuskizuna taularatzen ari dira, Euskal Herri osoan barrena. Datorren asteburuan Basteron arituko dira, hain justu ikuskizunaren muntaiarako erabili izan duten agertoki berean.

Leire Bilbao idazlea da diskoaren kantu bakoitzaren atarian hizlari, kontu kontari edota abeslari agertzen dena. Maisuki, gainera. Hauxe da, aurkezpen modura, idazleak landu duen aurkezpen iradokitzailea: “Mundua mundu denetik, eguzkia biraka ari da eta gu haren inguruan. Eta dei egiten dio lurrari esnatzeko, azaleko zomorroak astindu eta mozorrotzeko. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan eta kilkerrak kanpora atera udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu izan negu izan uda, egin arren euria, atera arren eguzkia, apurtu arren zeruan tximista… Ihauterietan, San Joanetan, Gabonetan ohitura zaharrak mantendu eta berriak sortzera jolasten dugu. Munduak biraka segi dezan. Eguzkiak ez ezik, musuek ere biraka jartzen dutelako mundua. Eta musuek biraka jartzen gaituztelako gu. Eta zu?”.

Sarrerak martxa onean saltzen ari dira, baina oraindik ere erosteko aukera badago. Basteroko  lehiatilan, eta baita Kutxabankek sarreren salmentarako duen gunean ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!