Mikel Berraondo pilota erakuslea asteazkenean hil zen

Andoainen zesta puntaren alde lan nekaezina burutu zuen Mikel Berraondo Lamarain asteazkenean hil zen Donostian, 93 urte zituela. Juana Garmendiarekin ezkonduta zegoen, eta bi semeren aita zen: Iñaki eta Nestor.

Aiurri-ri 2010eko ekainean eskaini zizkion adierazpenak: Elkarrizketa

Arrate pilotalekua bere bigarren etxea izan zela esan daiteke, 80ko hamarkadaz geroztik Gaztelekuko zesta puntako jokalarien prestatzailea izan baitzen urtetan eta urtetan. Elkartearen administrazio tramiteak egiten zituen, eta batik bat, zesta puntako saila eraman zuen. Bere semeak balira bezala ikusten zituen zesta puntarekin ilusioz beterik Arratera prestatzera azaltzen ziren gazteekin. Aiurri 2010eko ekainean eskaini zion elkarrizketan aitortu zuenez, “ni oso gustura ibiltzen naiz eurekin, eta eurek ere nirekin halaxe ibiltzen direla pentsatzen dut. Belarritik tira egin behar zaienean, tira egiten zaie, baina eskuzabal jokatzen saiatzen naiz batez ere”.

Gazteen erakusle izateaz gain, Gazteleko elkartearen bestelako eginkizunetan ere gogoz iaiotu zen gizona. Esate batera, jokorako materiala prestatzen aritzen zen. “Zesta punta kirola garestia da eta materialaren kostoa aurrezteko zenbait lan egin behar izaten ditut: pilotak josi, saskiak konpondu...”. Saskiak garestiak direla eta, uda partean Ameriketatik etortzen ziren pilotariekin zorrotz aritzen zen negoziatzen, eurek erabilitako zestuak ahalik eta merkeen erosi eta Gaztelekuko gazteen eskura jartzeko.

 

Bi omenaldi

Esker oneko bi omenaldi eskaini zizkioten Andoainen, urtetan zesta puntari eta gazteen kirol formakuntzan erakutsi zuen eskuzabaltasuna zela eta. San Juan jaietan biak. Lehena, 2008an izan zen, Jai Alive enpresak eta Andoaingo udaleko Kirol patronatuak antolatuta. Hunkigarria izan zen ekitaldia, pilotari gazte eta ez hain gazteen, Gaztelekuko eta Gipuzkoako hainbat pilota eskoletako kideen, udal ordezkarien, lagunen eta zaletuen txalo zaparrada jaso baitzuen. Pilota partiduekin mailako eta afizionatu eta profesional mailako pilotariekin osatutako jaialdiak biribildu egin zuen ekitaldia. Dena esatera, eguna ez zen horren zoriontsua gertatu Mikel Berraondorentzat, izan ere egun batzuk lehenago tronbosi txiki batek jo zion, eta omenaldira ezin izan zuen berak nahiko lukeen bezain indartsu agertu.

Handik bi urtera, Gazteleku pilota eskolaren eskutik heldu zen merezitako omena, San Juan torneoko finalarekin batera. Arraten jendaurrean esker oneko ekitaldia egin ostean, eta eguna amaitzeko, Gazteleku osatzen zuten kide guztiekin afari eder batean parte hartu zuen, Ontza elkartean.

 

Soraluzetik Andoainera

Soraluzen 1925ean jaio zen, baina bertako beste hainbat herrikideren antzera, lanbideak Andoainera ekarri zuen, hain zuzen SAPA lantegira. 1961ean etorri zen Andoainera, bertan egiten ziren kanoien zuzenketa lanak egitera. Calonge auzoan jarri zen bizitzen emaztearekin batera, eta han familia bi semeak jaio ziren.

Betidanik eduki zuen pilotarako zaletasuna, eta Arrate pilotalekua 1977an ireki zutenez geroztik hango ikusle porrokatuenetakoa izan zen. Horrela, eta halako batean, Rafael Elizondo pilota erakusle famatuak zesta puntako eskolan murgildu zuen.   

Azken urteetan, Sapatik erretiroa hartu zuenean Donostiara joan zen bizitzera, emaztearekin batera.

 

Bi pilotarien semea

Zesta puntarako zaletasuna bi semeei itsatsi zien, Nestor eta Iñakiri; Arrate pilotalekuko harrobian hezitakoak izan ziren biak. Nestor Gipuzkoako txapelduna izan zen 1985ean. Benidormen egin zuen debuta profesionaletan, 1987an, eta ondorengo urteetan Milan (Italia) eta Orlandoko (Florida, USA) frontoietan jokatu zuen. Iñakik ere Benidormen anaiarekin batera egin zuen debuta. Hark baino ibilbide laburragoa egin zuen hala ere, hiru urtera zesta punta utzi egin baitzuen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!