Urnietako Udalak aditzera eman duenez, zaborren bilketa sistema berria martxan jarri du landagunean. Orain arte indarrean zeuden lurrazpiko edukiontzien ordez, edukiontzi grisak txertatu dituzte: “Edukiontzi berri horiek sarraila elektronikoa dute, eta erabiltzaile bakoitzak edukiontziak ireki ahal izateko bere txartela izan behar du. Beraz, oraindik txartela jaso ez duenak Udaletxeko Bertan bulegora bila joan beharko du”. Ixtearen arrazoien artean dago landa eremuan bizi ez diren pertsonak edukiontzi horiek kontrolik gabe eta modu desegokian erabiltzea saihestea.
Baserri eremu horietan errefusaren edukiontzi grisa egunero ireki ahal izango da, “landaguneko pertsona dezentek edukiontzien irlak etxetik urruti samar dituztelako”.
Aldaketa bilketa guneetan
• Bere horretan mantendu dira: Benta, Xoxoka, Besabi, Gurutzeaga, Pagoain eta Saletxeberri.
• Desagertu dira: Bidegurutzeta, Ormazarreta, Goiko Barkaiztegi, Artolea eta Azkonobieta.
• Berriak sortu dira: Otxotegiko ur biltegia eta Goibieta.
Aldaketarekin hondakinen bilketarako sistema berria herrigune osora zabaldu da. Herrigunean aldaketak emaitza onak eman ditu: Udalak emandako datuen arabera, urtebetean %17,7 igo omen da birziklatzea.