Ignacio Tanco: Orbitak, sateliteak eta pasioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 20a, 01:00

Oso lanbide berezia dauka: “sateliteak gidatzen ditut”. Pasioa dario hitz bakoitzean, eta astronomia, mundu ezezagun hori, ulerterraz bilakatzen du bere azalpen sinpleekin. Ignacio Tanco da. Darmstadt (Alemania) eta espazioaren artean bizi den urnietarra.

Ordubete eman du solasaldiak, baina bi edo hiru izan zitezkeen. Ignacio Tancori bere lanaz galdetzeak arrisku hori dauka. Hasten dela hitz egiten, eta ez duela bukatzen, espazioa bezalaxe. Senideak bisitatzen ari da, Gabonak diren aldiro bezala. Urnietak pertsonai ezagun, ilustre asko ditu, eta Ignacio multzo horretako podiumean jarri beharko litzateke. Bera bezalako inor, edo gutxi ezagutuko duzulako. Non eta zure lagun koadrilako kideak ez diren satelite operadoreak! Ignacio hala da. Sateliteak eraman, gidatzen ditu Europako Espazioaren Agentzian, Darmstadt-en. 'Juice satelitearen operazio buru da, hain zuzen ere, eta lurtarrontzat informazio baliotsua biltzea da bere erronka potoloena: “Egunen batean gure planeta maitetik ihes egiteko beharrean bagaude, badaezpada”. 

Ignaciok betidanik eduki izan du garbi zer izan, ikasi nahi zuen: espazioan, edo espazioarekin zerikusia zeukan zerbait. “El Diario Vascok argitaratzen zuen zientziari buruzko atala, ostiraletan. Voyager espazio-zundak Neptuno pasa zuela irakurri nuen, eta orduan konbentzitu nintzen: nik hori egin nahi dut”, dio. Marianistas ikastetxeko informatika irakaslearen bitartez beka bat eskatu zuen AEBetan, Illinoisko unibertsitate batean. Lau urte egin zituen han, ingeniaritza aeronautikoa ikasten. “3.5eko nota gainditu behar zen urtero, 4tik, bekari eusteko, eta jakina, asko ikasi behar izan nuen”. Gauza asko utzi zituen hemen, baina ez da damutzen. “Ez naiz iraganera begiratu zalea, behin erabaki bat hartuta. Erabakiak hartu egiten dira, eta kito. Orain, zer gertatu den ikusita, erabaki zuzena izan zen, poztasun pertsonal eta profesional handia ezagutu baitut”.

Unibertsitatea bukatuta, krisi ekonomiko handi samarra omen zeukaten AEBetan, “garai txarra lanposturen bat bilatzeko”, eta urtebete ikasten jarraitzea erabaki zuen Michigango Unibertsitatean, espazio-ontzien eraikuntzan espezializatua. 90. hamarkada hasieran hainbat konstelazio bidali zituzten espaziora, eta Motorola etxeak Iridium satelite bidezko sakelakoaren proiektua abiatu zuen orduan. “Sekulako dirutza erabili zuten, eta langile piloa behar zuten. Gure ikasgelako guztiak batera kontratatu gintuzten”. Virginian egon zen lau urtez lanean. Unibertsitatean egun emaztea dena ezagutu zuen, eta bertan etxea erosi zuten, “gure tokia hura izango zelakoan”. Baina… 

“Kontua da gu, europarrok, eta beraiek, estatubatuarrak, oso ezberdinak direla, hainbat kontutan. Ez nintzen erabat eroso sentitzen han, Europan baino muturreko joera markatuagoak daude, oinarrizko kontuetan. Esaterako, gehien duenak zerga gehiago ordaintzea normaltzat jotzen da hemen, ba han ez dute onartzen, guk Europan onar dezakegun bezala. Edo lan sistema bera. Nik lau egun opor izan nituen lehen lan urtean, eta laugarrenean hamar egun baino ez. Eta zubiak, astebete Gabonetan eta beste… Ezer ez”. Trukean, han dagoen lan aukera itzela omen. “Ikasketak bukatu eta 6-9 hilabetean lan talde bat neukan nire ardurapean, eta sateliteak bidaltzen ari nintzen/ginen espaziora, konstelazio bat eraikitzen. Hori orduan ez zegoen Europan, geroago iritsi da”.

Europarako jauzia

12 orduko lan txandak egin zituzten emazteak eta biek, bost urte luzez: “06:00tatik 18:00tara lau egun, arratseko 18:00tatik 06:00tara beste lau egun, eta hurrengo lau egunak libre. 70 satelite jarri genituen espazioan, konstelazioaren martxa ikaragarria zen, baina inbertsioa ere itzela, eta lortzen zituzten bezeroak, oso gutxi. 1999an porrot egin zuen enpresak, baina AEBetako Gobernuak gurea enpresa estrategikoa izango zela erabaki zuen, eta Boeing enpresari jabetza ia-ia musu truk eman zioten. Haiek, noski, estatubatuarrak ez ziren guztiak martxa egin genezakeela erabaki zuten”.

Lan bila hasi zen Ignacio, eta Italiara joan, zientzia-satelite bat bidaltzeko espaziora. Emazteak hilabete batzuk gehiago egin zituen Virginian, baina berehala Europara etorri eta Alemanian, Darmstadt –en lortu zuen lana. “Printzipioz Italian elkartzekoak ginen, nik gustukoa bainuen Avezzano, Apeninoen bihotzean. Espaziora bidaltzen ziren sateliteen kontrol gune batean aritu nintzen… Behin satelitea bere tokian jarrita, ba beste lan bat bilatu behar izan nuen”. Mars Express proiektuan, Martera eraman behar zen satelite batean aurkeztu zen. “Ez neukan eskarmenturik halako planeta arteko jardunetan, baina saiatu nintzen. 2001 urtea zen. Ez nuen lortu, baina egin zidaten elkarrizketari esker Rosetta proiektuan lortu nuen postua, Alemanian, emaztearekin batera”. Eta orduz geroztik han errotu da. “Zenbaitetan, sentitzen duzu ez daukazula halako erabakimenik zure etorkizunaren inguruan. Ni gustuko nuen lana zegoen tokira joan izan naiz beti, ez alderantziz”.

2003an Europako Espazio Agentziak lanpostu finko bat eskaini zion, ordura arte kanpo langilea zelako, “eta hala segitzen dut egun. Operazio burua naiz, eta orain Juice izeneko satelite batekin nabil lanean. Jupiter-era joateko lanean gabiltza”. Operazio burua, satelite operadorea… Jabetzen ote da Ignacio bere lanaren berezitasunaz, zailtasunaz? “Jabetzen naiz, bai. Espainian, adibidez, Madrildik kanpo apenas dago espazio ingeniaritzarik. Nik sateliteak eramaten ditut, eta Darmstadt-en badaude euskaldunak. 4.000 bat lagun gabiltza zentro hartan lanean”.

Satelite operadorea

Jendea harritu egiten omen da bere lana zein den esaten duenean: “Planeta artean mugitzen diren sateliteak kontrolatzen ditut’, esaten duzu, eta jendeak behiak trenari nola, hala begiratzen dizu. Nahiko lanbide arraroa da, bai. Zientzia-fikzio puntu bat du. Baina egiten duguna berezia da, eta daukagun lana hain ezberdina, pribilegiatuak sentitzen garela. Emaitzak bakarrik interesatzen zaizkigu, etekin zientifikoak, eta ez ekonomikoak. Gizatasunaren etorkizuna hobeagoa izan dadin egiten dugu lan”. Nabari zaio, bai, gustukoa duela.

Juice sateliteko proiektuan murgilduta dago orain erabat Ignacio. Irakurri azalpena, ea aho bete hortz geratzea saihesten duzun…  “Sateliteak Jupiter planetan eta bere ilargi Ganimedesen orbita-txertatze bi egiteko erronka dauka. 7 urteko misioa da, 30 hegaldi Jupiter-eko ilargien inguruan. 20 urte atzera halakorik egiteko gai izango ginela esan izan baligute, erotuta ote geunden esango ligukete. Jupiter-ek eguzki-sistema txiki baten antza handia du, ez dago antzeko beste ezer gurean. Jupiter-etik gertu lau ilargi daude (Galileo Galileik identifikatutakoak, lau mende atzera): Io, Europa, Ganimedes eta Calisto. Io-k bolkanismo ikaragarria du, orbitatik ikus daitekeena, eta argazki benetan ikusgarriak erakusten dituena. Europa ere oso famatua da, ez baitauka apenas kraterrik, lur azala izotzezkoa baita. Lur azal azpian ozeano bat daukala uste da, eta horrek erakusten digu bizitza zantzuak egon daitezkeela bertan. Esan honi galdera ikur guztiak jarri behar zaizkio, halere, baina Eguzki sistematik kanpo nonbait bizitza egotekotan, Jupiter-eko Europa ilargian egon liteke. Ganimedes eta Calistok ere arroka eta izotz nahasketa dute lur azalean, eta litekeena da izotza azpian Ozeanoren bat egotea. Hori ezinbestekoa da, ura derrigorrezko osagaia baita bizitza egoteko. Juice sateliteak ilargi horiek zehatzago esploratzea du helburu, informazioa biltzea. Sateliteak 7 urte beharko ditu hara iristeko, egun daukagun teknologiarekin ezin delako satelitea haraino bidali. Gizakia asko jota ilargira irits liteke, eta hori arrisku handia hartuta. Martera ezinezkoa, eta Jupiter-era, ba pentsa… Robot-ekin irits gaitezke”. Hartu arnasa! Ulertzen erraza, ezta? Tancoren meritua!

Galdetzea ere, gehitxo, agian. Gizakia ilargian egon, egon da? “Noski. Gezurra izan balitz sobietarrek ere antzeko pelikularen bat sortuko zuten, eta ez dute sortu”. Egun astronautak espaziora bidaltzeko erabiltzen den teknika hamarkada batzuk atzera Yuri Gagarinek erabilitako teknologiaren nahiko antzekoa omen. Espazioa ezagutzeko bidean kolaborazioa ba al dago, edo arlo horretan ere lehena izateko borroka ezkutua dago? “Lankidetza, egon, badago. Aurkaritza ere bai. Europako Espazio Agentzia estatubatuar eta errusiarrekin lankidetzan ari da, ez hainbeste txinatarrekin. Ilargiaren urruneko alderaino iritsi berri dira txinatarrak. Ni poztu egiten naiz, uste dut gizatasunaren lorpena dela, ez txinatarrena. Eta gure agentziak informazio berria lortzen duenean, ba berdin. Agian mende batzuk barru lurretik hanka egin beharko dugu natura hondamendiren bat gertatzen bada, eta nora joan bilatu beharko da… Kolaborazioa ona da, helburu komuna dugu”.

1.000 milioiko proiektua

Europako Espazio Agentziak finantzatzeko sosak Gobernuek jartzen dituzte, “sektore estrategikoa delako”. Gastuak handiak direla onartzen du Tancok, baina “zerekin alderatuta? Satelite bat orbitan jartzeko erabiltzen den suziriak 200 bat milioi euro balio du, Juice proiektuak 1.000 milioi balio du: jaurtiketa, satelitea eta jarraipen lana, baina 15 urteko proiektua da. Zenbat diru erabiltzen du Europak yogurt-en ekoizpena babesteko? Europako Espazio Agentziaren urteko aurrekontua 3.500 milioi eurokoa da. Zenbat balio du tanke batek? Edo hegazkin-ontzi batek? Zertara bideratu nahi da dirua? Ze begiekin begiratzen zaion, proiektuen kostua beti da ezberdina”.

Nolakoa da Ignacioren egunerokoa bere lanean? “Ordutegia malgua da, baina 08:00tan sartzen naiz lanean, eta 17.30-18.00ak aldera egiten dut martxa. Erosoa da. Orain sateliteko operazioak garatzen ari gara, lurreko software guztia osatzen, kontrol lana. Gure ordenagailuari Windows-a kendu, eta beste sistema operatibo bat jartzea bezalakoa. Nahiko lan konplexua da, baina udarako bukatu behar dugu. Bide batez, satelitearen diseinuaren jarraipena ere egiten dugu. Tolosan, Frantzian ekoizten ari dira, eta sei bat astez behin batzartzen gara atal guztiak nola doazen ikuskatzeko. Satelitea 2022an bukatu beharko litzateke, eta urte horretako maiatzean jaurtitzea espero da”.

Alemanian ondo bizi dira. “Bizi baldintzak, sozialki-eta, oso onak dira. Horrek laguntzen du. Egia da klima hotza dela, eta neguan kosta egiten dela, baino tira, ondo bizi gara. Herrimina izan nuen, noski, hasieran, baina galdutakoa baino askoz gehiago irabazi dut. Segituan Alemaniako hiritar bilakatzeko azterketa daukat. Donostiara, Urnietara itzultzeko aukera izango banu, ez dakit hartuko nukeen, benetan. Semea eta alaba ditut, Hector eta Lucia, 14 eta 12 urte, eta oso alemaniarrak dira, hori ere aintzat hartu behar da dagoeneko”.

Etorkizunari buruz ez du hausnarketa handirik egiten: “Hiru-lau urtera begiratzen dut, ez harago. Hori bukatzean pentsatuko dut zer egin. Baina oinak lur azalean mantenduta”. Eta gizatasuna, zer? “Gu joango gara, lekua egin behar dugu, bizitza horrelakoa da. Aukera banu, gizatasuna espezie interplanetarioa izatea nahiko nuke, planetarioa baino. Horretarako teknologiarik ez daukagu, oraindik, baina ez gaude urrun. Belaunaldi batean Martera iristeko teknologia garatzeko gai izan gaitezke. Laster herritar aberatsenek orbita hegaldiak egin ahal izango dituzte, eta interesa eta inbertsioa mantentzen bada, gizatasunak jauzi kualitatibo handia emango luke”.

“Ez dago pribatutasunik, dena zaintzen dute”

Sateliteekin lana egiten duen norbaiti gure egunerokoa zaintzen ote duten galdetzea baina ezer hoberik ez. Erantzuna, garbia: “Dena zaintzen dute, baina ez sateliteen bitartez, sakelakoaren bitartez baizik. Pribatutasuna desagertzen da erabat sakelakoa daukazun unetik: zure iritziak, zaletasunak, pentsamenduak… jakin nahi dituenak jakin egiten ditu. Kito. Kontua zera da: gure iritziek nazioarteko segurtasunean ze garrantzi duten”. Eta sare horretatik kanpo bizi nahi bada zer? “Ba off-the-grid bizi behar duzu bai edo bai. Alegia, sare elektronikoarekin inolako kontakturik eduki gabe. Horretarako prest al gaude?”.

Erreportajea argitaratzerako Darmastadt-en egongo da bueltan. Urnieta jaioterriko oroitzapen berri asko eramango ditu berarekin: “Urtero etortzen naiz, eta whatsapp taldea dugu. Zaldundegira afaltzera joaten direnean ikusten ditut. Santa Kruz elkarteko bazkide ere banaiz, eta etortzen naizenean usadio zaharrak mantentzen saiatzen naiz”. Sateliteak eramaten dituen urnietar baten abenturak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!