"Auzotarrak bertan erostera ohituta daude"

Abenduaz geroztik, Ana Roig andoaindarrak Gurmendi kaleko Karrika auzoan dagoen supermerkatuaren ardura bere gain hartu du. 

Langile huts izatetik ardura postuetara igaro da. Auzotarrak eta herritarrak hurbil daitezen, asteburuetako ordutegi berezia nabarmendu nahi du. Auzokoa ez denarentzat, supermerkatua herrigunetik Sorabillara doan Karrika etorbideko azken bihurgunetik gertu dago. Ibaira doan kale bat beherago, zehazki. 

Dendaren ardura hartu duzu, duela gutxi. Langile aritu ziren lehenik, eta orain arduraduna zara. Erantzukizun handia al da?

Lanaldia beretsua da, aldaketa handiena ordutegian dago. Diru kontuak, fakturazioa... erabaki asko eta ardura handikoak ditut orain. Lehen lan egitearekin nahikoa zen.

Zein da zure erronka nagusia?

Gaur gaurkoz, erosleen aldetik oso erantzun ona jaso dugu. lana badut, eta ez dut kexa agertzeko motiborik. Zerbitzu hobea eskaintzea, horixe da buruan dudana. Inbertsioa egin dut, eta horri buelta ematea da nire lehentasuna.

Zer nolako funtzioa betetzen du auzo bateko dendak?

Hau ez da nik sortutako ekimena, berrogeita hamar urte dira ireki zenetik. 

Auzotarrak bertan erostera oso ohituta daude. Euren egunerokotasunean txertatuta dago gure dendara hurbiltzea.

Auzotarra izango da, eta adinekoa, bezeroen artean gehiengoa. Oker al gabiltza?

Gehienbat bai, baina gazte jendea ere hurbiltzen hasi zaigu eta hori guretzat lagungarria da.

Zer da supermerkatuan erosleei eskaintzen diezuna?

Eskaintza bereziak egiten ditugu astero, baina bertako barazkiak eta fruta edukitzen saiatzen naiz. Andoaingo txerrikiak ditut, haragia bertakoa da ere.

Andoaingo inguruko auzoetatik hona hurbiltzeko eskaintza berezirik egiten al duzu?

Lehen esandakoaz gain, igandean eta jai egunetan supermerkatua goizez zabalik dago. Ezustean, jai egun batean, senitarteko edo lagunarteko bazkari bat etxean antolatu behar duenak hemen aurkituko gaitu. Horrez gain, Eguneko ogia eta prentsa erosteko aukera dago hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!