Amara auzoan ospatuko dira bi ekitaldiak, urtarrilaren 20an, igandearekin, donostiarrentzat urteko egunik handiena den San Sebastian egunean hain zuzen.
Lehenengoa, arratsaldeko 20:00etan izango da, El Sauce elkartearen aurrean. Badira hogei urte Oiartzabalek elkarteari ereserkia osatu ziola, baina hitzik gabea zen. Danborrarekin jotzeaz gain abestu ere egin nahi zuten elkarteko kideek, eta horrela bada, hitzak ipini dizkio Berrondok. Doinua osatua ikusi dute orain elkarteko kideek. Pozik daude eta esker ona adierazi nahi die publikoki Andoaingo bi musikariei.
Amara auzoko Santiagomendiren eskutik helduko da bigarrengo omenaldia. Aurten bere XXV. urteurrena betetzen ari dela-eta, arduradunek ereserkiaren beharra ikusi, eta Oiartzabali jo zuten konposatzeko eskaera eginez. Oiartzabalek doinua osatu berri du, eta Berrondok hitzak jarri dizkio. Egun bereko gauerdian, 00:00etan, Donostiako martxa jo ondoren estreinatuko dute ereserki berria, eta bertan egotera gonbidatu dituzte bi musikariak. Esker oneko omenaldia eskaintzkeo asmoa du elkarteak. Ekitaldian, Andoaingo hainbat musikari egongo dira presente, izan ere Gora Kale Txiki txaranga elkarte horren danborradaren oinarri musikala izan da azken bost urtetan.
Emankorra bihurtu da Oiartzabalek eta Berrondok azken urtetan osatu duten bikotea, eta zazpi dira dagoeneko sortu dituzten doinuak, denak ere SGAEn erregistratuak daudenak.
Gora Kale Txiki txarangak hiru danborradei jarriko die doinua aurtengo San Sebastian egunean. Lehen aipatutako Santiagomendirekin ez ezik, baita Deusto unibertsitatearekin (09:00etan) eta Altzako eskola publikoko gurasoen elkartearekin (16:00etan) ibiliko dira kalean gora eta kalean behera.