Nerea Jauregik begi zorrotza erakutsi du "Prezio zehatza" lehiaketan

Nerea Jauregik irabazi du Salkin Andoaingo merkatarien elkarteak antolatutako “Prezio zehatza” lehiaketa. Elkarteak Kale Nagusiko erakuslehioan makina bat produktu jarri zituen, eta horiek guztiak batuta prezio zehatza asmatzea zen lehiaketak proposatzen ziena Andoaingo herritarrei.

Erakuslehioan ikusgai jarritako pruduktuek 2.047,09 euroko prezioa osatzen zuten, eta Nerea Jauregik 2.047 euro jarri zuen boletoan. Oso-oso gertu ibili zen, hortaz. Berak azaldu duenez, produktuz produktu kalkuluak egiten aritua zen etxean. Zenbaitetan, erosle bezala pilatuta dauzkan eskarmentuari eta intuizioari egin zien kasu, eta besteetan, oso argi ez zeukanean, interneten kontsultak egin zituen.

Salkin merkatari elkarteak ostiralean egin zuen sari ematearen ekitaldia, erakuslehioaren aurrean. Jauregi lehiaketako irabazleaz gain, bertan izan ziren Luis Angel Orte Salkin elkarteko lehendakaria, Sandra Viera elkarteko dinamizatzailea, Gloss jantz dendako Manoli Palacios eta Ormendi kirol dendako Izaskun Mendizabal.

Viera pozik azaldu zen lehiaketak oso harrera ona eduki duelako andoaindarren aldetik, eta asko izan direlako parte hartu dutenak. Izan dira begi zorrotzez jokatu dutenak, eta izan dira prezio zehatzetik urrun samar ibili direnak goitik zein behetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!