Euskadiko Fisioterapeuta onenaren saria jaso du Juanma Moralesek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 11a, 01:00

Tolosarra jaiotzez, Urnietara bildua azken bi hamarkadetan, 2018ko Euskadiko Fisioterapeuta Onenaren saria eman berri diote Juanma Moralesi (43 urte).

Ernio kontsulta dauka Tolosan, eta handik milaka lagun pasatzen dira urtean. Hilabeteetako itxaron zerrenda dute, gauzak txukun egiten dituztenaren seinale. Moralesek, ordea, meritua kentzen dio bere jardunari: “Gaixoaren sakrifizioak dakar mina desagertzea; gu laguntza ematera mugatzen gara”. Biologiaz gain, norbanakoen sineskerek eta egoera sozial ezberdinek minaren pertzepzioan duten garrantzia nabarmentzen du fisioterapeutak.

Nor da Juanma Morales?
Tolosan jaio zen 43 urteko hiritarra. Urnietan 20-21 bat urte daramatzat dagoeneko, Alicia emaztea bertakoa delako. Tolosan egiten dut lan, kontsulta batean. Fisioterapeuta naiz lanbidez.

Zure ikasketen laburpentxo bat?
Escolapios-en ikasi nuen, Tolosan, eta gero TAFID ikasketak egin (Teknikoa Kirol eta Heziketa Fisikoan). Nota hobetu behar nuen erizaintzan sartu ahal izateko, eta hala egin nuen, fisioterapiaren adarrean. Sorian hiru urte egin nituen ikasten (Espainia), gero praktikak han eta hemen, osteopatiako master bat… Txilen ere egon izan naiz, 4 urte, Frantziako osteopata batekin, lauzpabost aldiz urteko, joaten nintzen aldiro 10-15 eguneko egonaldiak eginez. Han hainbat ikastaro ere eman izan ditut, ez baitaude gurean bezain aurreratuta. Espainia fisioterapia inbasiboan munduko erreferentzietako bat dela esango nuke (injekzio bidezko fisioterapia). 18 urtez geroztik ikasten ari naiz etengabe. Osteopatia master bat dut, Txilen beste bat, doktoretza eta gerrialdeko disko-herniari buruz tesia egiteko aukera eman zidan hirugarren master bat… Orain fisioterapia inbasiboari buruzko beste master batean murgilduta nago buru-belarri.

Fisioterapeuta jardunean arituta ere, ikasten jarraitzen duzu etengabe.
Medikuntza arloan ezin duzu jardun eta kito. Nire leloa “mugitzen ez den ura usteldu egiten da”, eta hala erakusten diet kontsultara etortzen diren guztiei. Louis Gifford aitzindaria izan zen gure garaiko fisioterapian, eta hark nirea egiten dudan esaldia bota zuen: Minaren aurkako terapiarik onena mugimendua da.

Zer egiten duzu zure kontsultan?
Denetarik: ziztada lehorrak, elektrolisia, Maitland edo McKenzie metodoak, osteopatia teknikak…

Kontsulta dotorea daukazue Tolosan…
200 metro koadro ditu. Lehen txikiago batean egon ginen. Quiron Klinikan ere aritu izan naiz. Bertako eta Poliklinikako hainbat doktorerekin aritzen naiz elkarlanean, gaixo asko bidaltzen dizkigute. Ni traumatologian aritzen naiz, batez ere. Artikulazio arazoak aztertzen ditut, ukabileko mina, tendoiak, lunbalgiak… Eliteko kirolariak hartzen ditut, baina herritar xumeak ere bai, noski. Bidasoa eskubaloi taldeko kanpo-fisioterapeuta naiz, Real Union-eko jokalari batzuk ere baditugu, kirolari asko… Ebidentzian oinarritzen dena bilatzen dugu, tratamendu egokia egiteko. Alegia, zientifikoki eraginkorrak diren teknikak erabiltzeko joera dugu, ebidentziaren bitartez. Esate baterako, dagoeneko ez dugu ultrasoinurik erabiltzen, zientifikoki eraginkorrak ez direla frogatua dagoelako. Ekografiak erabiltzen ditugu gaixoarekin feed-back antzeko bat egiteko, alegia, bezeroak gure lanarekin ze hobekuntza eta aldaketa ematen ari diren ikus, sentitu dezan. Zaintiratuak, lepoko minak, bizkarrekoak… sintoma ezberdinak dituen gaixoa etortzen da. Guk hipotesi bat egiten dugu, eta min hori sor dezaketen zergatiak baztertzen saiatzen gara, banan bana, mina sortzen duen jatorria hobeto identifikatzeko.

Bezero askok eminentzia baten pare jartzen zaituzte…
Nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, eredu biopsikosozial batean oinarrituta. Hitz potoloa da, baina ulerterraza. Gaixoen biologiari garrantzi handia ematen diogula esan nahi du, eta horregatik ematen diogula garrantzi handia ekografiari. Beste modu batera esanda, orkatilan bihurritua jasan duen pertsonari, bihurritu hori aztertzeaz gain, zerk eragin duen aztertzen saiatzen gara. Artikulazio mailan beste lesio batzuk egon daitezke, neurologia alorrean bezala… Psiko-a ere aintzat hartu behar da, gaixoak bere sineskerak dituelako minaren inguruan. Asko sufritu badu, ez dio garrantzirik emango lesio arin bati. Inoiz minik izan ez badu, garrantzi handia emango dio edozein lesio txikiri. Arlo sozialak ere badu bere garrantzia. Bulego batean lanean ari den funtzionarioak mina badu baja hartuko du. Autonomo batek, aldiz, mina jasateko modukoa bada, lana egingo du, lana egin behar duelako. Era berean, minaren sentipena asko aldatzen da Andaluzian edo Urnietan bizi.

Elektrolisia edo EPIa delakoa erabiltzen duzulako zara ezagun. UKE eskubaloiko hainbat jokalari beldurtuta joan omen izan dira zure kontsultara…  
Baina kontent irtengo ziren, ezta? EPIa zera da: korronte galbaniko bat aplikatzea gaixoari, orratz baten bitartez. Mina sortzen du, bai, baina onura asko ekartzen ditu. Halako eragin mekaniko eta kimikoa eragiten du lesioan. EPI horretaz gain neuromodulazioa ere egiten dugu, nerbioak bilatu eta estimulatu, gaixoak dituen sintomak bilatzeko.

Ia ezinezkoa da zure kontsultan tokitxo bat bilatzea.
Nire agenda bete-betea dago. Hilabeteetako itxaron zerrenda dugu, baina ez dakit horren arrazoi zehatza.

Aitortu nahi ez baduzue ere, agerikoa da zure lana ondo egiten duzulako joaten dela hainbeste jende zure kontsultara, ezta?
Lehen esandakoa errepikatuko dizut: Nire lana ondo egiten saiatzera mugatzen naiz.

Eta zein da, zehatz-mehatz, zure lana?
Normalean azterketa azkar bat egiten diot bezeroari, eta gero lankideek hartzen dute kasu bakoitzaren ardura. Langile guztiak hilean behin edo bitan batzartzen gara, demagun ostiral arratsaldetan, eta gure artean halako azterketa klinikoa egiten dugu. Alegia, batek besteari bizkarra, lepoa artatu, eta  hausnartu, fisioterapeuta guztiak lan molde berean jardun gaitezen. Gerta liteke nik ikastaroren bat egin izana, eta ikastaro horretan ikasitakoa lankideei azaltzea. Beti gure jarduna hobetzeko asmoarekin.

Zenbat langile zarete?
Une honetan zazpi gara, eta kontsultatik egunero 50 lagun baino gehiago pasako dira. Nik halako azterketa arinagoa egiten diet askori. 20-25 bat bezero artatzen ditut, egunero.

Zure etxekoek diote ordu asko sartzen dituzula, eta lo ordu gutxi egin. Egia?
Loarena jaiotzekoa da. Maite dut nire lana, eta normala da orduak eskaintzea.

Zergatik zara ogibidez fisioterapeuta?
Gaztetan arazo batzuk eduki nituen belaun eta hanka batean, eta orduan egin zidaten azterketa edo diagnosia ez zen oso zuzena izan. Horrek mundu honetara bideratu ninduen, jendeari laguntzea atsegin dut, gaizki dagoen norbait osatzen ikustea… Gainera, kasuen %60-70 guregana etortzen den gaixoaren meritua da, ez gurea. Guk ez dugu miraririk egiten, laguntzeko gaude. Gaixoak sakrifizio batzuk egin behar dituela onartzeko prestutasuna behar du, baina baldin badu, guk ematen dizkiogun ariketak egiteko borondatea erakusten badu, asko aurreratzen dugu. Gaixoak bere lesioan eta tratamenduan inplikatzea da gure erronka.

Atsegin ez duzuen zerbait izango da…
Ez zait gustatzen ondo menderatzen ez ditudan jardueretan murgiltzea. Neurologia, adibidez.

Sari potolo bat jaso berri duzu: Euskadiko Fisioterapeuta onenaren saria. Kontent?
Bai, bai, nola ez. Euskadiko Fisioterapeuta Eskolak urtero Fisioterapeuta Onenaren saria ematen du, eta 2018koa niri eman didate. Goretti Aranburu Bilboko lankide batek proposatu zuen nire izena. Arrazoi zehatzik ez daukat, baina 2018an nire doktoretza-tesia Fisioterapiako mundu mailako Kongresuan aurkeztu nuen, eta seigarren tesi bisitatuena izan zen. Horregatik izango da, agian. Fisioterapia garaikidean nire jakintza handitzeko grina mantentzen dut, eta hori ere aintzat hartuko zuten. Fisioterapia garaikidea eta fisioterapia aurreratuagoa uztartzeko erronkak erakartzen nau, ekografia bezalako bitartekoekin. Niri eman didate saria, baina beste askok ere merezi zuten. Jende askok egiten dugu lan fisioterapia sustatzeko, fisioterapia Osasun arloan errotuagoa egon dadin, egun ez baitago. Guk geuk ere errua badugu jardun horretan, intrusismoa dela-eta. Ikasketak ez dituen jendeak ezin du baditugunon maila berean egon. Baina ikasketak dituztenen artean ere, bada jenderik erabateko bermerik ez duten teknikak erabili zaleak direnak. Horiek alboratzen joan beharko genuke pixkanaka. Ezagutu izan dut kontsultara etorri, eta adituetan adituena aho bete hortz uzteko moduko tekniken berri ematen dizuten gaixoak… Seriotasunez jokatzen ez badugu, ez gaituzte inoiz lanbide seriotzat hartuko.

Gorputza zaintzea poltsikoaren osasunaren baitakoa dela esan izan da. Alegia, sosak daudenean bakarrik gogoratzen garela minari erremedioa ematea. Hala al da?
Aldaketa gertatu da ohituretan. Lehen apenas ematen zitzaion garrantzia gorputzeko minari. Gaur egun bai, gero eta gehiago. Batzuk handia ematen diete, beste batzuk gutxi. Batez besteko bat egingo bagenu, oraindik gure gorputzari behar adina arretarik ez diogula eskaintzen esango nizuke. Guk pauta batzuk ematen dizkiogu guregana etortzen denari, baina hortik aurrerakoa, lesioan eta tratamenduan inplikatu edo ez, gaixoaren esku dago.

Erronkarik geratzen al zaizu?
Mordoa. Kirola oso gustuko dut, asko motibatzen nau taldeetan egoteak, nahiz eta alor horretan diru askorik ez egon, futbolean izan ezik. Aukera emanez gero, eskubaloia hautatuko nuke, mugimendu eta kontaktu handia dagoen diziplina delako. Eta askoz ere itxurakeria gutxiago duena. Asobal Ligan aritzen den jendea artatzen dugu gurean, eta herritar arruntak dira, elitean arituta ere.

Bidasoa taldea aipatu duzu. Esne-mamitan dabiltza haiek orain. Zure meritua ere izango da, ezta?
Ekarpentxoa egiten diot Ricardo Jimenez buru den mediku atalari, baina Jacobo Cuetara eta Borja Burguete entrenatzaileen eta bereziki jokalariena funtsezkoa da.

Bukatzeko, aholkuren bat fisioterapeuta izan nahi duenarentzat.
Ikas dezatela, formatu, eta lana egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!