Bidez-Bide zerbitzuak ibilgailu berria dauka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 10a, 01:00

Hernani, Urnieta eta Andoaingo baserri auzoetan bizi diren adineko pertsonei eta mugikortasun arazoak dituztenei furgoneta egokitu baten zerbitzua eskaintzen zaie, horiek behar dituzten eginkizunak egin ditzaten (anbulatoriora joan, erosketak egin...). Bada, ibilgailu berri bat dauka zerbitzu horrek, eta gaur aurkeztu dute Urnietan.

45.000 euro inguruko kostua izan du ibilgailu berriak; horren erdia, egokitzapen lanetara bideratu da. Ibilgailu berriak zazpi erabiltzaileentzako tokia dauka, gidariaz gain.

Andoain, Urnieta eta Hernaniko Udalek bere gain hartzen dute zerbitzuaren kostua eta ibilgailuaren mantenua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko departamendua ibilgailua erosteaz arduratzen da.

Bidez-Bide ekimenak astelehenetik ostiralera goizeko 08:00etatik 12:00etara eskaintzen du zerbitzua, eta abian jarri zenetik, zerbitzuak hainbat eginkizun bete izan ditu: mugikortausn gutxiko edo eta 65 urtetik gorako pertsonak herriko zerbitzu publikoetara hubiltzea, erabiltzaileen autonomia sustatzea, gizartea bazterketa saihestea eta baserri eremuko harreman eta loturak bultzatzea.  

Andoaingo alkate Ana Carrerek, Urnietako alkate Mikel Pagolak, Hernaniko gizarte zerbitzuetako zinegotzi Xabier Lertxundik eta Behemendi elkarteko Juan Karlos Alberdik eta Begoña Berastegi gidariak aurkeztu dute ibilgailu berria.

Alberdik, Bidez-Bide zerbitzua nondik datorren gogoratu du. “Orain hamabi bat urte Nekazal eremuetan baserriz baserri azterketa egin genuen, jakiteko ea zein egoeratan bizi zen bertako jendea. Zenbait ondorio atera ziren. Adibidez, ohartu ginen kaleko jendearekin alderatuz gero, baserri giroko jendearen bataz besteko adina 20 urtez igotzen zela. Gabezien artean, nabarmendu zen adinekoek garraio zerbitzua behar izate zutela, nahiz eta seme-alaben babesa eduki. Era horretan, eta behar horri erantzuteko orain 10 bat urte, Hernani, Urnieta eta Andoaingo Udalek bat egin eta Bidez-Bide zerbitzua abian jarri zuten, Behemendi elkartearekin batera”.

Hiru udal ordezkariek Bidez-Bide zerbitzuak eskaintzen duen erabilgarritasuna eta funtzio soziala azpimarratu dute, eta gonbitea luzatu diete nezakal gunetako biztanleei zerbitzua erabil dezaten, eta baita ere Buruntzaldeko beste hiru herriei bildu daitezen ekimenera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!