2019ko aurrekontuetan parte hartzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 9a, 01:00

Udalak aurten ere herritarren esku jarri du ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera. 150.000 euroko diru kopurua bideratuko du, iaz baino 25.000 gehiago. Hainbat bide zabaldu ditu, herritarrek proposamenak egin ditzaten.

9.951.850 eurotako aurrekontua aurreikusia dauka Udalak 2019ari begira, eta beraz, guzti horren %1,5 bideratuko da herritarren parte hartze prozesura.  Mikel Pagola alkatearen hitzetan, “herritarren parte hartzea bultzatzen duen eta Urnietaren hobekuntza helburu duen prozesua da hau”. Jorge Segurado Hirigintza alorreko zinegotziak eta biek agerraldia egin zuten atzo udaletxean, parte hartze prozesuari buruzko xehetasunak emateko.

 

Bide ezberdinak, eskura

Dagoeneko ireki da epea hirigintza arloan, auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten ekimenak proposatzeko Udalari, eta urtarrilaren 28an amaituko da.

Bidez ezberdinak jarri ditu Udalak eskura, proposamenak helarazteko. 

- Etxe guztietan banatu diren informazio liburuxkan dagoen formularioa bete, eta honako tokietan jarri diren kutxetan utzi liteke: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Anbulatorioa, Egape ikastola, Magale, Azkorte eta Jubilatuen egoitza. Herrian zehar ere hainbat postontzi jarri dira.

- Udaleko wegunean dagoen formulario digitala betez.

- Urtarrilaren 18 eta 19an ipiniko diren karpetan. 18an (ostirala), Etxeberri plazan (10:00-14:30) eta Guria tabernaren inguruan (17:00-20:00). 19an (larunbata), kiroldegiaren kanpoaldean (10:00-14:30).

- Urnietako APP-aren bitartez.

 

Bete beharreko baldintzak

Zenbait baldintza bete beharko dituzte proposamenek: Udalaren eskumenak diren obrak, hirigintza eta mantentze lanei lotutakoak izatea; ekonomikoki edo eta teknikoki bideragarriak izatea; iraunkortasun ekonomikoa edo finantzarioa bermatzea; Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzea; Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzea; eta, Udal-eskumenekoak izatea.

 

Lekaion, aurkezpen publikoa

Parte hartze prozesuaren nondik norakoa azaltzeko asmoz, Udaleko arduradunek Lekaioan hitzaldia eskainiko dute urtarrilaren 10ean, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera.  

 

Iazko proposamen ugari, gauzatuta

2018an herritarrek egin zituzten proposamenen artetik hamaika bideratzea erabaki zuen Udalak eta horietatik bederatzi jada gauzatu dira. Hona zeintzuk diren:

- Lizardi 1-3ko atzeko partean dagoen espazioa hobetu egin da (eremua asfaltatu, eserlekuak ipini eta haurrentzako jolasak margotu lurrean).

- Arantzubi.Santa Leokadiako baranda berritu da.

- Lekungo tunelaren ondoan atseden gune bat egin da.

- Eserleku gehiago jarri dira herriko puntu desberdinetan.

- Txakurrak ibiltzeko leku bat egokitu da.

- Lore gehiago landatu dira herriko gune esbedrinetan.

- Eteneta elkartearen ondoan zebra-bide bat egin da.

- Belandi-Akan kalean abiadura mantsotzeko “kojin berlindarrak” jarri dira.

- Zebra-bide garai bat jarri da Pintore kalean.

Bestalde, Txoritagaindik Salestarrentara doan bidea konpontze lanak laster gauzatuko da. Hamaikagarren proposamenari, Dendaldegi eta M. Yurramendi arteko arrapalaren desnibela jaistea hain zuzen, ez zaio heldu momentuz; izan ere, uste baino dezente garestiagoa ateratzen zen.

Zehaztu behar da herritarrek egindako beste bi hobekuntza ere bideratu direla, nahiz eta beste 2018ko aurrrekontuetako beste partida batzuk erabili horretarako. Garratza baserrirantz doan espaloia berritu da eta Arrilimoiko zubiko baranda konpondu.

Udaleko ordezkariek jakinarazi zutenez, aurreko urtetan abian jarritako parte hartze prozesuetan egin diren zenbait proposamen ezin izan ditu gauzatu, gehienezko kostua (25.000 euro) gainditzen zutelako, Horien artean, aipa daitezke plazak, parkeak eta igerilekua estaltzea, eta, eskailera mekanikoak edo igogailuak ipintzea. 

 

2019ari begira, beste zenbait ekintza

Udalak 2019ari begira beste zenbait ekimen aurreikusita dauzka:

- San Juan 23, 25, 27, 29ko irisgarritasuna eta mugikortasuna.

- Plazido Muxika plazako atzeko parteko sarreraren irisgarritasuna (Jubilatuen Egoitzaren aldetik).

- Irisgarritasuna Azkorte kalean.

- Langardako argiteria LED sistemara pasatzea: bigarren zatia.

- Txoritagaingo parkearen eta ingurunearen atonketa.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!