Errege Magoaren adierazpena bere testuinguruan

Esaten denaren eta esan nahi denaren artean alde handia dago, eta gaurkoan Andoainen horrelako zerbait gertatu dela esan daiteke. 

Gaztelania erabat menderatzen ez duen pertsona arrunt bat, Udaletxeko balkoira igo eta mikrofonoaren aurrean eta dozenaka lagunen aurrean jarritakoan nahastu egin da. 'Benetako erregeak gurasoak dira' adierazi du, egunerokoan kontutan hartu edo maite behar ditugunak etxekoak (gurasoak, senideak) direla esan nahi izan duenean. Anekdota hutsean gera zitekeen, baina Andoaingo Baltasarrek bota duen esaldia hainbat bideotan grabatuta geratu da, eta horren zabalkundeak gainerakoa egin du. Sare sozialen garaian, txispa edonon eta edozein unetan zabaldu daiteke trending topic bilakatzeaino. Gaurkoak Andoaingo mugak zeharkatu ditu, eta estatu mailako albistea bilakatu da.

Gertaera testuinguruan jarriz, Baltasar paperean aritu den pertsona ez da Andoainen bizi baina herriko ikastetxe batean ikasten duen haur baten aita da. Kabalgata hasteko ordu gutxiren falta, antolatzaileak errege magorik gabe zeudela, Baltasarren senitartekoekin harremanetan jarri ziren. Pertsona honi proposatu zioten langintza horretan aritzea, eta azkenean Andoainera hurbildu da Baltasarren paperean aritzeko. Aurretik inolako entsegu edo prestaketarik egin gabe, hainbat ordu eman ditu prozesioan: prestaketa lanetan, kabalgatan zaldi gainean, udaletxeko balkoian eta ondoren haurrei muxuak eman eta argazkiak ateratzen.

Udaletxeko balkoiko adierazpena eta gero, hainbat pertsonek mikrofonoaren aurrean esan duena aurpegiratu diote Baltasarri. Hau, nonbait, bere azalpenak ematen aritu da eta azkenerako lehen planoan agertzen den bideoa grabatu du argibide zehatzak emanez. Gaizki ulertzea izan dela, eta etxekoak direla zaindu behar ditugunak. Hori adierazi nahi izan duela.

Aiurrik, urte osoan bezala, herriko gertaera asko jasotzen ditu argazki, bideo eta kroniken bidez. Ia unean uneko transmisioa egiten du sare sozialen bitartez. Sare sozialak unean unekoa zabaltzeko dira, eta Aiurrik hori egiten du beste tokiko hedabide askok bezalaxe. Dagoeneko famatua den esaldiaren eszena hori gertatu denean Aiurriko kazetari bat bertan zen, eta bertatik zabaldu da esaldi horren bideoa. Aiurriko kazetaria, gehiago jakin nahian, Baltasarrengana gerturatu da eta haren bertsioa entzun du. Baltasarri Aiurrin adierazpenak egiteko aukera eskaini zaio, nahi izatera elkarrizketa baten bidez. Une horretan ez da hitzordua zehaztu baina datozen egunetarako hitzartu dira. Solasaldia eta gero, Aiurrik albistea editatu du Baltasarren bertsioa erantsiz.

Bitartean, Aiurriko bideoa eta Goikoplazatik grabatutako bideo gehiago, bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan eta estatu mailako hedabide nagusietan. Duela minutu gutxi Aiurrik bideoa sareetatik kentzea erabaki du, eta arrazoia honakoa da: Unean uneko gertaera zabaltzeko zentzu informatiboa zuelako, bideoa zabaltzea erabaki du. Bideoak ordu gutxira informazioarekin zerikusirik ez zuen beste zereginetarako erabiltzen zela ikusita, Aiurriko timeline edo denbora lerrotik kentzea erabaki da.  

Gertaera, lehen unetik, atsekabez bizi izan dute antolatzaileek. Orduak aurrera joan ahala, Baltasarren paperean aritu diren senideak haserre eta kezkatuta agertzen dira. Bereziki, gaiak hartu duen dimentsioarekin. Ezustean eta azken orduan Errege Magoaren paperen jarri dena pertsona arrunta baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!