Zumea kaleko Olajauna tabernaren itxierak ika-mika piztu du sarean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 27a, 01:00

Urtarrilaren 5ean ixtera doazela, horixe zioen Olajaunako tabernako arduradunen adierazpenak. Soinu arazoak tarteko, Udalak baldintza berriak ipini dizkie. Bereziki ordutegiari dagokionez: 23:00tarako itxi beharko dute. Albisteak sarean zabalpen handia izan zuen, eta Udalak erantzuna argitaratu zuen: Ez dela bapatean hartutako erabakia izan, azken hiru urteetan konponbidean jartzen saiatu diren arazoa baizik. Sarean gaiak interes handia piztu du.

Bi aldeen adierazpenak:

Olajauna tabernaren komunikatua:

Berri txarrak.!!!

Pena handiz, urtarrilaren 5etik aurrera Olajauna itxi beharko dugula kontatu nahi dizuegu.
Aurreko astean, Alkatetzaren bidez eta Andoaingo Udalaren izenean, Olajaunari ez ohiko ordutegi bat ezarriko zitzaiola jakinarazi zitzaigun, non 23.00etatik aurrera ezin izango genuen taberna zabalik izan.
Ordutegi horrekin Olajauna zabalik mantentzea ezinezkoa egiten zaigunez, ixtea besterik ez zaigu geratzen.

 

Andoaingo Udalaren erantzuna:

OLAJAUNA TABERNAREN INGURUAN ZABALDU DEN MEZUARI, UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA.

Sare sozialetan zabaldu berri denez, Andoaingo Udalak alkatetzaren bidez, bat-baten ez-ohiko ordutegi bat ezarri omen dio Olajauna tabernari, gaueko 11etan itxiaraziz.

Hau ez da bapatean hartutako erabaki bat. Andoaingo udaleko alkatetzatik duela 3 urte hasi ginela konponbide bat bilatu nahian (bilera ugari eginez inplikatutako pertsona guztiekin). Gure udal gobernu taldeak bi irizipide izan ditu beti mahai gainean gaiari heltzeko unean:

- Ostalaritza profesional baten eskutik gaueko giroa egon dadin baldintzak sortzea.
- Bizilagunen eta herritarren atsedenerako eskubidea bermatzea.

Bi irizpide hauek beste taberna batzuk beste zonalde batzuetan sortutako kexei aurre egiteko erabili dira ere.

Azken urtean, insonorizazio frogak egin zaizkio, eta astebururo, ostiralero eta larunbatero ordu luzez soinu mugak modu handian hautsiz aritu da lanean. Txosten teknikoek argi eta garbi adierazten dutenez, taberna ez dago ondo insonorizatua gaueko jarduna izateko. Hau notifikatu zitzaion, eta neurriak hartzeko gonbitea egin zitzaion. Alegia, bere esku dago beharrezkoa den inbertsio ekonomikoa egin eta arazoa konpontzeko. Erantzunagatik ikusten dugu ixteko erabakia hartu duela.

Inork ez du aktibitate profesional bat garatzeko eskubiderik horretarako beharrezkoak diren baldintza guztiak bete gabe. Are gutxiago, jardun horrek beste herritar batzuen bizitza kalitatea kaltetzen duenean. Hau nahikoa ulergarria dela iruditzen zaigu.

Gure aldetik, gaiari soluziobide bat topatzeko lehenengo egunetik agertu genuen borondate berberarekin jarraitzen dugu. Arazoak konpontzeko ardurak hartu behar dira eta biktimismoak ez du gehiegi laguntzen bide horretan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!