Ikuszirkus zikloaren XII. edizioa iristear da, Andoaingo Udalaren eta Bastero Kulturgunearen eskutik. Bakarrik, lagun artean edo familian gozatzeko moduko ikuskizunak dira.
Abenduak 26
Malicia! Cia antzerki taldeak “El punto de la i” ikuskizuna eskainiko du, sare sozialetan argazkiak elkarbanatzeko dugun behar horretan oinarrituta. Gure bizitza pertsonalean izan dezakeen eraginaz jardungo dute.
Abenduak 27
Kataluniako EIA zirkuaren “InTarsi” ikuskizunak 2017an MAX sarietako bat irabazi zuen, eta urte bat lehenago ikuskizun berritzaile onenari saria eman zieten. Ikuskizun indartsua, poetikoa, dibertigarria eta gizatiarra da. Hauxe da aurreratu daitekeena: Lau akrobata bata bestearengandik ikasten, bultzaka, batak bestea jaurtitzen… eguneroko bizitza zirkora eramanda.
Abenduak 28
Aragoitik Cia. Capicuak “Entredos” antzezlana eskainiko du. Irudimenaren eta errealitatearen arteko jokoa irudikatuko dute Basteron. Sinopsiak horrela dio: "Protagonistak, bat-batean eskuan katiluaren ordez zapata aurkituko du.
Zapata eskuan duela, erantzun bat bilatzen hasi eta emakume bat bilatuko du. Ametsetan ari da edo esna dago?". Keinu bidezko antzerkia, zirkua, dantza eta objektuen manipulazioa.
Abenduak 29
Hilaren 29an, hondakinen artetik mundu berri bat eraiki nahi duten hamabi pertsona hurbilduko dira Basterora. (Cia)3 antzerki taldearen “Mur” antzezlanean zuzeneko musika eta umorea uztartzen dituzte: “Bakarrik bagoaz, azkarrago iritsiko gara; elkarrekin bagoaz, urrunago iritsiko gara”.
Abenduak 30
Ikuszirkus jaialdiari amaiera emateko, Madrildik etorritako Nueveuno antzerki taldeak Sinergia 3.0 antzezlana eskainiko du. Musika, eszenografia eta argiteria, emozioaren eta ikuskizunaren mesedera egokitzen dute. Malabareak, objektuen manipulazioa, ariketa bertikalak eta dantza uztartuko dituzte emanaldi osoan zehar.