Karobien ibilbidea, Amasan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko urt. 2a, 01:00

Amasa auzoan Musturiazpi eta Etxazarretako karobiak garbitzeko eta argitara jartzeko egindako lanak aurkeztu dituzte Amasa-Villabonako Udaleko ordezkariek eta Burdina taldeko kideek. Datorren urtean Amasa auzoan bost karobien inguruko ibilbidea osatzeko egitasmoaren berri eman zuten.

[Argazkiak]

Musturiazpi baserritik gertu, Aranerreka bazterrean kokatzen den karobia berreskuratu dute Burdina elkarteko kideek azken aldian, eta bertan egin zuten agerraldia.

Ander Otañok elkarteko kideak adierazi zuenez,  oinezko zein korrikalari ugari ibiltzen da Villabona eta Amasa batzen dituen Aranerrekako bide horretan, eta horientzat ikusgai jarri nahi izan dugu karobi zaharra, belar eta sasi artean ezkutatua zegoena. Zein parajeetan dagoen ikusita, konturatzen zara zer nola funtzionatzen zuen karearen industria txiki honek: errekak dakarren urak sua erregulatzen zuen, eta ingurutik biltzen ziren egurra eta kareharria konbustio gisa erabiltzen zen labean, auzotarrentzat kare bizia lortzeko”.

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak eta Eneko Urdangarin zinegotziak adierazi dutenez, Udalak Burdina elkartearekin hitzarmena sinatu du auzoko karobiak txukundu eta mantentzeaz gain horien zabalkunde kanpaina egiteko etorkizunean. Izagirre alkatearen hitzetan “pena ematen zigun gure aiton eta amonek eraiki eta erabili izan zuten ondare historiko hori galtzea. Karobi horiek bistan jartzearekin batera belaunaldi ezberdinek jakin ahal izango dute zer nolako eraikin mota ziren, alegia baserrien labeak izaten zirela eta kare bizia lortzen zutela bertan; gero, lortutako kare hori, ongarri gisa edo etxeen hormak margotzeko edo ikuluak garbitzeko erabiltzen zutela”.

 

Karobien ibilbidea

Burdinarekin sinatutako hitzarmenari esker, Amasa auzoan bost karobiez osatutako ibilbidea irekiko da 2019. urteari begira, Amasak eta Villabonak bat egin zuten 400. urteurrenaren ospakizunaren karira. Bost karobiek osatuko dute ibilbidea. Musturiazpi baserri inguruan bi karobi kokatzen dira, eta beste hirurak Floreaga, Mikeliartza eta Etxazarreta izenekoak dira.

Burdina elkarteako kideek gaur aurkeztu dituzten Musturiazpiko eta Etxazarretako karobiak txukundu dituzte azken asteetan. Beste hirurak egoera onean daude aspalditxotik, bertako bizilagunek bere gain hartu izan dituztelako mantenimenduko lanak.

Ibilbidean zehar hainbat panel informatibo ipiniko dituzte hurrengo hilabeteetan, beraz. Handiena Amasako plazan egongo da, eta bertatik abiatuko da ibilbidea. Gainera, esku-orri informatibo bat ere argitaratuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!