Dolua, pasa beharreko prozesu naturala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 22a, 01:00

Maite dugun pertsona baten heriotzak eragiten du dolua. Prozesu naturala da, pasa beharrekoa. Eguberrietan, areagotu egin daiteke doluan daudenen ezinegona.

Minbiziaren aurkako elkartean lan egiten du Leire Jauregi psikologoak. Laguntza psikologikoa eskaintzen diete gaixoei eta haien senideei. Dolua bizitzen ari direnei laguntzea ere egokitzen zaie Minbiziaren aurkako elkarteko psikologoei. Eguberrien atarian, euren telefonoak joka aritzen dira etengabe. Doluan daudenei, ezinegona eragiten diete egun berezi horiek.

Leire Jauregik azaldu du dolua zer den. “Dolua prozesu naturala da. Maite dugun pertsonaren heriotzak eragiten du. Pertsona hori garrantzitsua da guretzat, eta baita berarekin genuen harremana ere. Doluak eragiten duen sufrimendua handiagoa edo txikiagoa izango da pertsona horrekin genuen harremanaren arabera, edota heriotzaren inguruko  beste zenbait aldagaien arabera, baina doluak beti ekarriko du sufrimendua”.

Ez da gaixotasuna, gaixotu dezake

Dolua ez da gaixotasuna, baina zenbait sintoma sorraraz ditzake. “Izan ere, dolua oso estresantea da eta gure gorputzak denbora luzean egiten du borroka estres horren aurka. Horren eraginez, zenbait sintoma agertzen da batzuetan: buruko mina, lorik egin ezina, arnasa falta, gosea galtzea eta ondorioz pisua galtzea, edo antsietateak eraginda gehiegi jan eta pisua hartzea… Alderdi hori ere zaindu behar da eta arreta berezia jarri behar zaie agertzen joaten diren sintoma horiei. Ohikoa izaten da dolua egiten ari den pertsona sendagilearengana joatea gisa horretako sintomak dituelako. Horrelakoetan, laguntza psikologikoa eskaintzen da, dolua ondo bideratzen laguntzeko”, azaldu du Leirek.

Fase ezberdinak

Doluan dagoen pertsonak fase ezberdinak igarotzen dituela azaldu du Leire Jauregik. “Fase bakoitzean, prozesuan aurrerapausoak ematen laguntzen duten egitekoak badaudela azaltzen diegu. Lehendabizikoa, esaterako, galeraren errealitatea onartzea izango litzateke. Agurreko erritualetan partea hartzea, hildako pertsonaz iraganean hitz egitea…, horixe izango litzateke lehen fase horretan egiteko nagusia”.

Galeraren emozioak eta minak bizi eta sentitzea da dolu prozesuko bigarren egitekoa. “Emozio horiek anestesiatzen baditugu, medikazio desegoki bidez esaterako, momentu horiek errazago pasako ditugu, baina aurrerago atera egingo dira. Emozioak bizi egin behar dira. Emozio horiei hitza jartzeak asko laguntzen du. Mina, haserrea, tristura, kulpa, antsietatea…, horiek izaten dira ohikoenak”. Kulparen indarra nabarmendu nahi izan du Leire Jauregik. “Lan handia ematen digu kulpak. Maite genuen hura salbatzearen fantasia sortzen da maiz; gehiago egin genezakeela pentsatuz”.

Autoestimua

Hildakoa ez dagoen egoeretara egokitzea da hurrengo pausoa. Gertuko norbait hiltzen denean, rol aldaketa gertatzen da. “Esaterako, bikotekidea falta bazaigu, autoaren ITV-a pasatzen ikastea egokituko zaigu agian, edo etxeko konponketa txikiak egitea, edo otorduak prestatzea, plantxa egitea… Ordura arte egin ez duguna egitea egokituko zaigu”. Egoera horietan senitartekoek hartzen duten jokabidea ere aipatu du Leire Jauregik. “Kasu askotan, familiako kideek eta lagunek, laguntzeko asmotan, ardura guztiak hartzen dituzte eta ez diote aurrera egiten uzten dolua egiten ari denari. Gauza berriak ikastea ez da erraza eta pixkanaka hasi behar da; errazago zaigun horretatik, edo garrantzia handiena duenetik. Fase zaila da, baina oso aberasgarria ere izan daiteke. Dolua ez da inork aukeratzen duen zerbait noski, baino zentzu batean aberasgarria izan daiteke. Gauza berriak egiten ikas dezakegu, eta autoestimarentzako oso onuragarria da”.

Doluaren azken fasea, hildakoa emozionalki birkokatzea izango litzateke. “Bizitza ez da inoiz berdina izango, baina bizitzen jarraitzen dugu eta bizitza ona izan dezakegu”, azpimarratu du piskologoak.

Gabonak eta dolua

Gabonak oso egun bereziak izaten dira. Telebistako iragarkiak, kaleko argiak…, guztiak gogorarazten digu Gabonetan gaudela. Doluan daudenentzat, bereziki mingarriak izan daitezke egun horiek. Leire Jauregik azaldu duenez, “iraila edo urria inguruan nabaritzen dugu Gabonen inguruko kezka sortzen hasten dela. Ospakizun egun horietan zer egin, nola jokatu…, zalantza asko sortzen dira”. Dolua bizitzen ari direnen artean ohikoa den fantasia edo nahi bat aipatu du Leirek: “Gabonak iritsi aurretik lo hartu, eta urtarrilaren 7an esnatu nahiko luketela esaten dute. Eguberri egun horiei ihes egin nahi izaten diete. Izan ere, talka handia egoten da norberak barruan bizi duen oinaze eta tristura, eta kanpoan ikusten den pozan artean; argiak, gabon kantak…, Talka hori kudeatzea ez da batere erraza”.

Ohiturak aldatu

Ohitura asko errepikatu egiten dira Gabonetan. Leire Jauregik azaldu duenez, “badakigu otorduak zein etxetan egingo ditugun, nor etorriko den berandu, nork edango duen behar baino gehixeago…, gertuko norbait falta dugunean, zaila da hori guztia kudeatzea”. Gabonak iritsi baino lehen etxekoekin biltzeko gomendioa egin du Leire Jauregik. “Etxeko norbait falta denean, denok dolua egiten ariko gara. Horrelakoetan, beharrezkoa da elkartu, eta Gabonetan zer egingo dugun adostea. Behar bada, ondo etorriko da ohituraren bat aldatzea, otorduak beste etxe batean egitea, adibidez. Garrantzitsua da hori guztia adostea eta, batez ere, aislamendua saihestea”.

Babesa eta erritualak

Ingurukoengan babesa bilatzearen eta erritual berriak sortzearen garrantziaz ere aritu da psikologoa: “Falta zaigun horren omenezko kandelatxo bat piztea, haren inguruan hitz egitea…, beharrezkoa da. Izan ere, mahaiaren inguruan gauden guztiak falta den horrengan pentsatzen ari bagara eta isiltasunean murgilduta bagaude, zergatik ez atera gaia, nahiz eta denak negarrez bukatu”.

Umeak eta dolua

Gabonak bereziak dira guztientzat, baina are bereziago umeentzat. Haiek kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du Leire Jauregik. “Aitona-amona, gurasoren bat, anai-arrebatxoren bat galdu duten umeak doluan daude, eta garrantzitsua da haiekin hitz egitea. Badakigu oso gogorra dela, baina beharrezkoa da. Ez du balio ezer gertatzen ez denaren itxurak egitea. Umeen garapenaren araberako hitzak aukeratuz aritzea garrantzitsua da, bestalde. Gabonen inguruan, egokia izaten da, adibidez, haiekin ere erritualen bar sortzea; izar bat marraztu eta zuhaitzean jartzea…”

Amaiera duen bidea

Dolua prozesu naturala da, eta amaiera dauka. Amaiera hori iristen denean, “joan zaigun pertsona hori gogoratzen dugu noski, baina oinazerik gabe, minik gabe”. Dolua indibiduala da, pertsona horrekin genuen harremanaren arabera, norberaren errekurtsoen eta egoeraren arabera, inguruan duen jendearen arabera…, bakoitzak bere prozesua garatzen du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!