Kros solidarioa ospatuko dute igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 20a, 01:00

Dagoeneko laugarren ediziora iritsi da Asteasuko Kros solidarioa. Urtarrilean egin izan dute orain arte, Eguberrien atarian egingo dute aurtengoa.

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratzen dute Kros solidarioaren bidez lortutako dirua. Duela lau urte abiarazi zuten ekimena, eta jasotako erantzunak antolatzen jarraitzeko indarra eman die asteasuarrei.

Abenduaren 23an ospatuko dute aurtengo lasterketa. Adin guztietako korrikalariek izango dute bertan parte hartzeko aukera. 11:00etatik 11:30etara izena-emateko aukera zabalduko dute. Bost euro ordainduko dute helduek, euro bakarra haurrek. Esan bezala, bildutako dirua Segundo Montes Komunitatera bideratuko dute. 11:30etan emango zaio hasiera kirol probari. Txikienak izango dira lehenak. 2009tik aurrera jaiotakoek, 500 metroko ibilbidea egingo dute guztira. 2005 eta 2008 artean jaiotakoen txanda izango da gero, eta bi kilometroko ibilbidea egingo dute hauek.

Lasterka, edo oinez

11:45ean, itzuli solidarioari ekingo diote. Korrika, oinez, kalejiran…, norberak nahi duen moduan egin ahal izango du itzulia, eta ez da sailkapenik egongo. Parte-hartzea sustatzea da itzuli solidarioaren helburu nagusia, lasterketako lehiatik kanpo, kirol ekitaldiko parte izateko aukera zabaltzea.

Eguerdiko 12:00etan ekingo diote kadete, jubenil eta senior mailakoen lasterketari. 4 kilometro egin beharko dituzte kadete mailako lasterkariek, 6 kilometro gainerakoek. Oso giro polita sortu ohi da Kros solidarioaren inguruan. Jende asko elkartzen da lasterkarien jarduna txalotzera. Aurreko edizioan, oso eguraldi hotza izan zuten. Elurra ez zen urruti eta hala ere, jende asko animatu zen lasterketan parte hartzera eta baita bide bazterretik txaloak eta animoak eskaintzera ere. Eguraldi hobea espero dute aurtengorako.

Segundo Montesera

Sari banaketaren ondoren, hamaiketako ederra izaten dute zain lasterkariek, indarrak berreskuratzeko. Izen-emateekin bildutako dirua, Segundo Montes Komunitatera bideratzen da urtero. Aurten, Aiztondoko udal ordekariak izan dira El Salvadorren, bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzen. Pili Legarra Asteasuko alkateak parte hartu zuen bidaia horretan eta itzuleran azaldu zuenez, “hunkigarria izan da. Udalok Euskal Fondorako bideratzen dugu dirua, edota gure herrietako ekimen ezberdinetatik lortu eta hara bideratzen dena zeinen ondo erabiltzen duten eta zenbat etekin ateratzen dioten ikusteko balio izan digu bidaiak. Urari lotutako proiektuak izan dira bereziki Aiztondotik diruz lagundu ditugunak, eta euren bizi kalitatean zenbateko eragina izan duen ikustea polita izan da. Horrez gain, bereziki hunkitu nau bekadunen ekimenak. Hemendik bidalitako diruari esker egin ahal izan dituzte ikasketak eta horrek duen garrantziaz jabetzeko ere balio izan digu bidaiak”.

Hitzaldia, urtarrilean

Urtarrilaren 3rako antolatu dute Aiztondoko udal ordezkariek El Salvadorrera egindako bidaia horren inguruko hitzaldia, eta argazki emanaldia. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, udaletxeko ikus-entzunezkoen aretoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!