Esperantzaren indarra

Adunan bizi da Toni Muntadas-Prim. Kataluniarra izatez, Euskal Herrian sortu du familia. Bizipen gogorrak egokitu zaizkio familiari, eta Tonik, liburua idatzi berri du.

Duela zenbait hilabete hasi zen Toni Muntadas-Prim liburua idazteko ideiari bueltak ematen. Bi seme-alaba dituzte Tonik eta bere emazte Amaiak, eta bide zaila egokitu zaie. Seme zaharrenak istripu larria izan zuen sei hilabeteko haurtxoa zenean. Ito egin zen sehaskan. Denbora luzea eman zuen arnasik gabe eta horrek ondorio larriak eragin zizkion. Bigarren haurra jaio eta denbora gutxira konturatu ziren hark ere arazoak zituela, ez zela gainontzeko haurrak bezala garatzen ari. Autismo zantzuak dituela jakin zuten laster. Arazoak arazo, aurrera egin du familiak. Esperantzari eutsiz, eta lan handia eginez, bi umeak aurrera egiten ari dira euren garapenean. Bere bizipenak liburu batean bildu ditu Tonik.

Landutako esperantza

“El poder de la esperanza” da liburuaren izenburua. Helburu nagusi batekin idatzi zuen liburua Tonik. “Horrelako egoeraren bat bizitzen ari diren gurasoengan pentsatuta idatzi nuen. Beti dago esperantza, beti dago zerbait egiteko aukera, irtenbideak bilatzeko eta lantzeko aukera. Egiten duzun horrek ez ditu beti emaitza borobilak emango, baina aurrera egin behar da. Irtenbide eta lanketa horri esker, gure umeek aurrerapauso handiak eman dituzte. Esperantzaren mezu hori zabaldu nahi nuen”.

Duela zenbait hilabete hasi zen Toni liburuari forma ematen. “Lehendabiziko saiakeran, ordura arte gertatu zitzaizkigun gauza guztien bilketa moduko bat egin nuen. Medikuen txostenak bildu…, ahalik eta informazio gehiena eman nahi nuen”. Lehen saiakera hura emazteari eman zion irakurtzeko, “eta ez zitzaion batere gustatu. Arrazoi osoa zuen. Informazio pila bat sartu nuen lehen saiakera hartan, baina ez zeukan haririk, eta ez zeukan bihotzik”.

Lehen liburua

Beste zenbait hilabete behar izan zituen liburuari gaur egun duen egitura emateko. “Ordu asko eta asko eman nituen liburuarekin. Idazten dudan lehen liburua da, eta asko ikasi dut prozesuan. Pozik nago emaitzarekin. Jendeak gustura irakurtzen du, hasi eta buka. Tentsio handiko egoerak bizi izan ditugu, baina gure bizitza ez da drama bat. Momentu dibertigarri asko bizitzen ditugu. Hori guztia islatu nahi nuen”, azaldu du Tonik. “Izan ere, mundu guztiak ditu arazoak, guztiok ditugu kezkak. Arazo horiei eta momentu horiei eutsi, eta aurrera egin dugu”, gaineratu du.

Argitaratzeko bidea

Liburua bukatuta, internet sarean begiratu zuen Tonik, argitaletxe bila. Sei argitaletxetara bidali zuen bere proposamena, eta haietako bik onartu zioten testua. “Azkenean Mandala argitaletxeak egin zuen aurrera, eta sekulako poza hartu nuen. Kontratua sinatu, liburuaren azala aukeratu eta beharrezko aldaketak egin genituen. Abuztuan erregistratu zuten liburua, eta urria amaieran jaso genuen lehen alea. Prozesu motela izan da guretzat. Ez genuen mundu hau ezagutzen, eta oso luze egin zaigu”.

Salmenta kopuru polita lortu du dagoeneko “El poder de la esperanza” liburuak. “Gure inguruko jendeak oso erantzun ona eman du. Adunan, esaterako, ale asko saldu ditugu. Gure umeak bertako eskolara joaten dira, eta ondo ezagutzen dituzte gure bizipenak. Oso eskertuta gaude jendeak eman digun erantzunarekin”. 2018an Mandala argitaletxeak izan duen libururik salduena da Tonirena.

Harrera beroa

Dagoeneko jende askok irakurri du Toniren liburua eta jendearen erantzuna jasotzen ari da. “Erreakzio horiek ikaragarriak izaten ari dira. Liburua jendearengana iristen ari da eta hori oso pozgarria da niretzat. Irakurtzen ari zirela euren seme-alabak besarkatzera joan direla esan digute batzuk, beste batzuk negar egin dutela…, mezu horiek guztiak oso politak dira, oparia da. Liburuaren bidez sentimentuak sorraraztea ikaragarria da”.

Katarsia

Tonik azaldu du bere sentimentu guztiak ere agerian utzi dituela liburuan. “Zintzoa izan nahi nuen, eta sentimentuak agerian utzi. Amaiak eta biok negar asko egin dugu ohean, ez delako erraza barruan duzuna ateratzea. Lurrikara handia izan dugu gure bizitzan eta sentimentu asko ditugu barruan pilatuta; hori ezin daezkutatu. Liburua idazteak katarsi moduan balio izan digu”.

Egunerokoa

Toniren familiaren egunerokoa ez da erraza, nahiz eta ikasturte honetan pixka bat lasaitzea lortu duten. “Adunako eskola txikira joaten dira seme-alabak. Arratsaldetan, egunero-egunero joaten ginen iaz Donostiara, terapia ezberdinak lantzera. Askotan, baita eguerditan ere. Aurten, Pausoka elkarteari esker, asko aldatu da gure egunerokoa. Astean bi edo hiru aldiz joaten gara bertara, eta bertan jasotzen dituzte behar dituzten terapia guztiak, tokiz mugitu gabe. Hau luxua da guretzat. Pertsonak gara orain. Umeak ondo ari dira arlo ezberdinak lantzen eta gu askoz ere lasaiago gabiltza”, dio Tonik.

Udan atseden hartu ohi dute eta atseden hori ere nabaritzen dutela azaldu du Tonik. “Aisialdiko ekintzak egiten ditugu. Presio handia izaten dute haur hauek urte osoan zehar, lan handia egiten dute eta atseden horrek onura handia egiten die. Ikasturtean zehar landutako hori guztia asentatu egiten zaie eta aurrerapausoak ematen dituzte”.

Izaera baikorra

Sei hilabeteko haurtxoa zela izan zuen istripua seme zaharrenak, eta berehala hasi zen estimulazio berezia jasotzen. “Sendagileek ez ziguten esperantza handiegirik ematen. Ez zuela hitz egingo, ez zela oinez ibiliko…, oso etorkizun iluna jarri ziguten, baina zerbait egitea erabaki genuen. Aukerak eman nahi genizkion umeari, eta horri eutsi genion”. Oso baikorra da Toni eta horrek lagundu egin dio. “Emaztea askoz ere errealistagoa da, eta oreka polita lortu dugu. Gure umeen arazoek asko elkartu gaituzte. Ezgaitasunen bat duten umeen familia gehienei gertatzen zaie hori”.

Gizartearen aldaketa

Toniren iritziz, ezgaitasuna ikusteko modua aldatzen doa gizartean. “Lehen estigma moduko bat zen eta ume horiek etxean gelditzen ziren. Orain beste modu batera hartzen ditu gizarteak. Gure umeak eskolara joaten dira normaltasun osoz. Eta guk horixe nahi dugu gure umeentzat; normaltasuna. Normaltasun hori ez da beste familiek dute normaltasunarekin alderatzeko modukoa izango ziurrenik, baina gure normaltasuna da, eta guri baliagarri zaigu”. Lan eginda, garapen handia lortzen ari dira Toniren seme-alabak eta horixe da liburuaren bitartez zabaldu nahi izan duen mezua.

Ezgaitasuna duten umeen garapenean inbertsioa egitearen beharraz ere aritu da Toni: “Haurrak direnean egindako aurrerapauso guztiak onuragarriak dira, haientzat eta gizartearentzat. Seme zaharrenarekin ezertxo ere egin gabe geratu izan bagina, ia erabateko ezintasuna izango luke orain agian eta etorkizunean gure kargu egon beharko luke, eta gizartearen kargu. Gaur egun, bera bakarrik eskolara joateko gai da. Hasieran egindako inbertsio hura behar-beharrezkoa izan zen. Erakundeek garbi izan behar dute hori”.

Aingura

Ezgaitasuna duten bi ume izateak, “lurrikara suposatu du gure bizitzetan. Inork ez du horrelakorik espero. Guk oso barneratuta dugu gure bizimodua aldatu egin zela, eta hori horrela izango dela betiko”. Bide horretan, terapia ezberdin asko probatu dituzte. “Izan ere, minik egiten ez dien guztiarekin proba egiteko prest egon baikara”, azaldu du.

Liburuak aingura gisa balioko diela ere azpimarratu du Tonik. Liburua idatzi zuenetik hilabete gutxi batzuk pasa badira ere, umeen garapen mailak aurrera egin du. “Etorkizunean, liburua irakurrita konturatuko gara nondik gatozen, zein zen gure egoera”.

Bizipen gogorrak

Oso egoera gogorrak bizi izan ditu Toniren familiak eta “estres egoera horretan ez da erraza erabaki egokiak hartzea. Buruz jokatzen saiatzen gara, baina batzuetan zaila da, noski”. Seme zaharrenak sehaskan izandako istripu larria burutik kendu ezinda ibili da familia osoa denbora luzean: “Ito egin zitzaigun umea eta geroztik, umea lo zegoen bakoitzean ehunka aldiz joaten ginen ondo zegoela begiratzera, bere arnasa sentitzera, ukitzera”. Zorte handia izan zutela ere azpimarratzen du Tonik hunkituta: “Gure semea hilda hartu nuen sehaskatik eta bizira itzuli zen. Zorte handia dugu orain gure artean dagoelako. Semea hilda eduki ondoren, zer dago ba okerragorik? Hortik aurrera, guztia opari bat da”.

Indarra eta zoriontasuna

Gizakiaren indarra ere azpimarratu du Tonik. “Oso nahasketa berezia dugu. Ahulak izan gaitezke, eta baita ikaragarri indartsuak ere. Zenbait egoeratan gainezka egin dezakegu, eta oso egoera gogorretan aurrera egiteko gaitasuna ere badugu. Haur txikien indarra eta bizitzeko gogoa zenbatekoa den ere ikusi dugu gure bizitzan, ikaragarria”.

Seme-alaben zoriontasuna da garrantzitsuena Adunako familia honentzat. “Umeak gustura ikusten ditugu. Eskolan, herrian, etxean… Guk zoriontasun hori nahi dugu beraientzat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!