Andoaingo Udal egutegiko argazkilariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 19a, 18:53

Andoaingo Udal egutegia banatzen hasi orduko, interes bizia pizten da herrikideen artean. Udalak herri mailako lehiaketa bidez bildu ditu argazkiak, azken bi urteotan. Hauexek egutegiko argazkilarien lekukotzak.

Sari banaketa ekitaldia egin zuten Basteron, abenduaren hasieran. Argazkia ateratzeko ekimena oso bestelakoa izan zen, argazkilari batetik bestera.

Manuel Casellas, urtarrila

"Ez naiz hemengoa, andaluziarra baizik. Eta ulertzekoa denez, nire begiek gutxitan ikusi dute elurtea. Normalki ez daukazunak eragiten dizulako arreta. Zumea plazan bizi naiz, eta balkoitik aterata dago argazkia. Emaztea da bertan ageri den modeloa. Ez nuen nahi leku jakin batekin erraz identifikatuko zen paisajea izatea, eta uste dut lortu nuela".

Jose Angel Amuchastegui, otsaila

"San Martin eliza Andoaingo elementu esanguratsuenetakoa izan zitekeela pentsatu nuen, eta horri heldu nion. Ideia batzuk buruan bueltaka zebilzkidan, bi batik bat: zaharra eta modernoaren arteko kontrastea, eta, denboraren joana. Eta bi ideia horiek, askorako ematen duen elizaren eraikineko harriekin lotu nituen. Denboraren tunela kontzeptuarekin geratu nintzen azkenean. Argazki perfektua gogoan, elementuek bat egin zuten".

Aitor Alkain, martxoa

"Herrian ezezagun samarra den Ubarango zubiari bota nion begia. Beti erakarri izan nau. Alde batetik harrizko egitura dauka, eta bestetik, berritua dago. Txanponaren bi aurpegi, erabat desberdinak. 

Zubia kokatzen den Ubaran bailara bisitatzera gonbidatu nuke edonor. Merezi du, argazki kamera gainean eraman, ala ez. Argazkiak zuk nahi duzuna erakutsi dezakeela uste dut. Une jakin batean biltzen diren hainbat elementuk emaitzean eragina dute: eguneko argi naturala, zeure egoera animikoa, lekuak pizten dizkizun oroitzapenak..."

Natalia Artetxe, apirila

"Andoaingo paisaia bereizgarrienetakoa da Unanibiako zubia. Tipikoa izan daiteke argazkia besterik gabe, baina paperezko ontziak, bere txikitasunean, protagonismoa hartzen du. Akaso horrek ukitu berezia ematen dio. Harri artean, nola edo hala, jarri nuen kamera. Txuri-beltzaren zale amorratua naiz, eta argazkia horrela atera nuen".

Xabier Huitzi, maiatza

"Maiatza Andoaingo jai guztien hasiera markatzen duen hilabetea da. Musika Bandako instrumentistak ageri dira, musika delako kalean festa jartzen duen elementua; gainera, musikariak Luis Fracaren Andoain martxa jotzen ari ziren instantean harrapatu nituen. Erretratuak egiterako orduan pertsonak agertzea dut gogoko, eurak izan daitezela protagonista, paisaiak baino gehiago". 

Itziar Gutierrez, ekaina

"Edari lata batekin egin nuen, solarigrafiaren teknikaz baliatuz. Magia moduko zerbait da, ez baitakizu zer aterako den. Goikoplazan laugarrengo pisuan bizi diren aitona-amonen balkoitik atera nuen, elizari begira baitago. Balkoiko hormara itsatsi nuen lata, eta sei hilabeteko prozesua izan zen: udan jarri eta neguan kendu. Marra horietan euriaren edota eguzkiaren ibilbidearen arrastoak aurki daitezke..."

Hilario Rodeiro, uztaila

"Belen Veiras emaztea eta bion arteko kontua izan zen. Plazaolako bidegorritik oinez gabiltzanetan, zubiak beti piztu izan digu arreta berezia. Behin baino gehiagotan joan behar izan genuen argazkia ateratzera. Kamioirik gabeko egunean, argi zoragarriko eguna egokitu zitzaigun". 

Xabier Alkorta, abuztua

"Zenbaitentzat zatarra da, Lasarte-Oriatik Andoainera, N1 errepide bazterrean dagoen Belkoaingo harrobi zaharreko eraikina. Niretzat badu xarma, eta horrexegatik aukeratu nuen. Berriki margotu dute, baina nik aurretik egin nion argazkia. Gau batean izan zen, flasha erabili gabe". 

Juanan Lazkano, iraila

"Baztertuta geratzen da Sorabilla, eta Andoaingo auzo hori aldarrikatu nahi izan dut. Irailarekin identifikatzen dut batez ere Sorabilla, festak ospatzen direlako orduan. Iraganean tradizio izan zuen oilasko jokoaren ordez, bizikleta jarri nuen. Oilasko jokoaren ordez, bizikleta jokoa. Kamera estenopeikarekin lortu nuen argazkia. Errebelatu ostean, orduan ikusten duzu emaitza".  

Julian Guerrero, urria

"Lasarte-Oriatik natorren bakoitzean, begiak eskuin aldera joaten zaizkit, txoratuta geratzen naiz azaltzen zaigun paisaia bukolikoarekin: ibaiaren ur emaria beherantz, basoa alde banatan, etxea urrunean... Behin, autoa bazter batean aparkatu eta halaxe atera nuen argazkia; oraindik ezkutatu ez zen egunsentiko argi polit horrekin osatu nuen erretratua. Uste dut lortu nuela erabateko armonia batzea".  

Roberto Trutxuelo, azaroa

"Kamera estenopeikarekin atera nuen, etxean egindako kaxa batekin, alegia. Teknika artesanala da: minutu eta bost minutu artean itxaroten duzu zuloa edo objetiboa irekita argia sar dadin, eta gero etxean errebelatu egiten da. Zergatik Santakrutz? Auzo horretan hazi naiz, eta inguruak sentimentalki lotzen nau. Gogoan dut, adibidez, bataioetan elizaren atarian zer nolako txanpon festa edukitzen genuen. Aita eta osabaren argazki erakusketa jarri den urtean saritu izanak esanahi berezia dauka niretzat, etxetik jaso baitut argazkigintzarako zaletasuna". 

Jon Aizpurua, abendua

"Aurtengo Errege egunekoa da erretratua. Egundoko elurtea bota zuen. Herria den-dena paralizatuta geratu zen, eta emaztea eta biok Plazaolako bidegorrian barrena abiatu ginen. Kamera lurrean jarrita argazkiak ateratzea dut gogoko, gertutasuna islatzen delako. Eta horrelaxe egin nuen. Irudiaren erdian dagoen pertsona emaztea da. Zeru zabalean, berriz, ilargia ageri dela ematen du, baina efektu optikoa baizik ez da. Farola bat da, inguru guztiari argia ematen diona. Argi horrek horiztatu egiten zidan argazki guztia, eta zuribeltzera pasa nuen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!