Puntako kirol instalazioa eraikiko dute Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 20a, 01:00

Kiroldegiaren eraberritzerako egitasmoa ezagutzera eman du Udalak, batzarraldian oniritzia eman eta gero. Federatu mailako taldeak, Eskola Kirola egitasmoa, lagun taldeak eta norbanakoak... denen beharrak kontutan hartu dituztela adierazi dute

2019tik aurrera argia ikusiko duen behin-behineko egitasmoak sei mila eta bostehun metro karratuko hedadura izango du, iraganean aztertu zirenak baino gehiago. Ordutik hona zer da aldatu dena? Udalak adierazi duenez, egitasmoa handitu egin da estalitako padel pistak, eskaladarako gune berria, banakako aldagela gehiago eta erabilera anitzerako areto gehiago egingo direlako. Azterketa geotekniko baten arabera, gainera, lurzorua hobetzea aholkatzen zen. Horrek guztiak egitasmoaren kostua nabarmen handitu du, iraganean aipatzen ziren

5 milioi eurotik 8 milioi eurora pasaz. Udalak aditzera eman duenez, behin egitasmo handia egiten hasita, etorkizunera begira tajuzko egitasmoa lantzea hobetsi du: “Ikuspegia etorkizunean jarrita jokatu da, Urnietak garatzen jarraituko duela kontuan hartuta eta hurrengo hogeita hamar urteetarako instalazioa izango dela jakinda. Beraz, azterketak hurrengo urteetan sortzen joango diren beharrak ere aurreikusten ditu, eta behar horiei erantzuna emango die. Kiroldegia hobekuntza gehiago hartzeko diseinaturik dago, eta etorkizunean beste mota bateko beharren bat sortuko balitz ere erantzuteko aukera eskainiko luke”. Erabaki potoloa azaroaren 27ko Udal batzarraldian hartu zen, EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EE aurka agertu zen.

Nolakoa izango da etorkizuneko kiroldegia? 

Aldaketa handi samarra espero da: “Eraikinaren sarrera igerilekuaren solariumaren alboan kokatuko da, egun teniseko pistak dauden lekuan. Eraikina bertikalki zatituta geratuko da eta erabiltzaileak lehen bi solairutan pilatuko dira. Beheko solairuan aldagelak eta gela desberdinak kokatuko dira: muskulazioa, spinninga, arte martzialak, areto balioaniztuna… Lehen solairuan kirol pistak, padeleko kantxak eta teniseko pista egongo dira. Ikusleen eremua ostera, bigarren solairuan kokatuko da”. Futbol zelaia, atletismoko pista, eskubaloiko pista eta igerilekua bere horretan mantenduko dira.

Puntako instalazioak izango direla iragarri dute: ”Ez die inbidiarik izango inguruko kiroldegiei”. Tabernarik ez da aurreikusten egitasmoan, ezta estalitako igerilekurik ere. Udan tabernaren funtzioa egin dezakeen egitura ipiniko dute, igerileku irekiaren ondoan. Urnietako herriaren tamaina kontutan hartuta, igerilekua ixtea ez dela bideragarria ondorioztatu dute.

Ostiral honetan obraren pleguak onartuko dituzte eta, okerrik ezean, udan Urnietako kiroldegi berria eraikitzeari ekingo diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!