Pebeten omenezkoa aurrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 19a, 01:00

Igandean, 11:00etan jokatuko dituzte faborito garbirik gabeko bi finalderdiak, Villabonako Bearzana pilotalekuan. Iñaki Lizasok igorri du joan zen asteburuko partiden inguruko kronika:

"Eskuz binakako elite txapelketa da Antton Pebet Memoriala. Eta ezustekoak toki guztietan bezala, maila honetan ere gertatzen dira. Exposito eta Alduntzin 21-14 galtzen joan ziren pasa den larunbatean Santxo-Bergera bikotearen aurka eta zeruko izar guztiak elkartu zirenez, Bergeraren eskua mindu zenez eta Santxok partida amaitzen jakin ez zuenez, 21-22 irabazi zuten Exposito eta Alduntzinek. Ordea, Expositok ez du jokatuko dagokion finalerdia, badirudi beste txapelketa batean hitza emana zuela hilabeteak lehenago eta ezingo du Villabonan izan. Bere ordezkoa baina, ez da edozein izango. Eta Antton Pebet txapelketako antolatzaileak pozarren daude.

Larunbatean DV txapelketa ospetsuan finala jokatuko duen eta egun aurrelarien artean joko-punturik onenean dagoen Ioritz Egiguren tolosarrak jokatuko du Alduntzinekin. Bikotea, jokoz, agian sendotuko da. Ez da lehen aldia izango, ordezkoak titularrak baina joko gehiago izaten duela…

Beraien aurkariak Apezetxea goizuetarra eta Murgiondo azpeitiarra izango dira. Villabonako Santio txapelketa irabazi ostean Antton Pebeten finalerdietarako sailkatu ziren Peru Labaka eta Elizegi asteasuarra 22-9 xahutu ondoren. Atzean zein aurrean gehiago izan ziren Ilunpe taldeko pilotariak. Tanto ikusgarriak egin zituen Apezetxeak eta Murgiondo nagusi izan zen atzean. Elizegi etorkizun handia duen pilotaria dela erakusten ari da baina Murgiondo bezalako harri gogorren aurka gehiagotan aritzeak ez dio kalterik egingo. Peru Labakak bere aldetik eskua ez zuen bere onenean eta ez zuen egunik onena izan.

Jokatu zen beste final laurdenekoan Xabi Urbieta eta Urruzolak ongi irabazi zuten Maiz eta Aranalde (Aldaveren ordez aritu zen) oriotarraren aurka. 22-11 izan zen azken emaitza baina hasieratik ikusi zen Maiz Behar Zanako pilotariak eta Aranaldek aukera gutxi izango zituztela. Urbieta izan zen partidako izarra. Tantoak erraz bukatu zituen, golpez fresko ikusi zen eta defentsan fin. Urruzolak berea fin egin zuen. Dena den, gehiago estutu beharko dute beraien jokoa Salaberria eta Balerdi bikote gaztearen aurka.

Albizturgo Eneko Labaka eta Telletxearen aurka 22-14 irabazi zuten. Salaberriak pilota harrapatu ahala amaitu zuen. Inspiratua, txispaz, pilota gosez dago goizuetarra. Atzean berriz Balerdi du, azken garaian gorakada handia eman duen atzelari sendoa. Indartsua da oso Balerdi, boleaz, defentsatik erasora pasatzeko gaitasuna duena.

Beraz, bi partida ikusgarri izango dira igandean Villabonan 11:00etan hasita:

  1. Urbieta-Urruzola & Salaberria-Balerdi.
  2. Egiguren-Alduntzin & Apezetxea-Murgiondo.

 

Oharra: Hotzari aurre egiteko, antolakuntzak berogailua jarriko du.

 

LARUNBATEAN ERE FINALERDIAK

Gipuzkoako txapelketari dagokionez, eskuz banakako 3 finalerdi izango dituzte Behar Zanako pilotariek.

Goizeko 11:00 hasita, alebin errendimendu mailan Ekialde adarrean Unax Barberok Zumaiako ordezkaria izango du aurkari eta jarraian Asier Aranburuk Oiartzungo pilotariaren aurka jokatuko du.

3. partidan eta 1. Mailako Nagusietan, Jon Urbietak LAPKEko Quina-ren aurka jokatuko du Gipuzkoako Finalerdia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!