Eguberri giroko asteburua, kultur ekitaldiz beterikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 14a, 01:00

Andoainen eta Urnietan antzerkia, dantza eta musika proposamenak nagusituko dira asteburu honetan. Tradizioz beteriko Eguberrietako ekitaldiak iristear direnean, bi herriak kulturaz blaituko dira egun hauetan. Aukera zabala da.

Agenda hitzorduz beterik dago, urtea amaitzen ari denean. Laster iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta harekin batera tradizio bilakatu diren kantu errondak eta musika kalejirak. Pena galanta hartuko dute aurten Urnietako euskaltzaleek, Iñistorrak antolatu ohi duen Santomas ospakizuna ez baita egingo. Lastima! Herriko baserritarren sagardoa jai giroan dastatzeko aukera aparta zelako. Hura ere euskal tradizioari lotutako festa zen. Eguberriak iritsi aurretik, ordea, Andoaingo eta Urnietako kultur programatzaileek egitarau kosmopolita antolatu dutela esan daiteke. Federico Garcia Lorcaren literatur mundua, Afrika aldeko dantza tribalak, haurrei eta helduei zuzenduriko antzerki emanaldiak..., etxean geratzeko aitzakia gutxi dago egunotan.

Musika ikasleen emanaldiak
Ikasturtearen lehen txanpa igarota, bi herrietako ikasleen emanaldi ugari programatu dituzte datozen egunetarako.

Pausokaren aldeko jaialdia
Abenduak 14, ostirala. 19:00. Hernani. Biteri.

Salsa, tangoa, bachata, milonga, funkya, sevillanak, euskal dantzak... Dantza eta magia jaialdia, elkartasun kutsukoa.

7ak bat gaiztoetan gaiztoena
Abenduak 14, ostirala. 21:30. Andoain. Bastero.

Komedia, satira, sarkasmoa. Atx teatroa konpainiak horrela aurkezten du bere ikuskizuna: "2018an 200 urte bete dituen Victor Frankenstein inspirazio moduan hartuta, gure kulturako eta beste kulturetako zazpi bekatu kapitalak hartuz gizaki berri bat sortuko dugu, basatia, gupidagabea….

Euria
Abenduak 16, igandea. 17:00. Andoain. Bastero.

Markeliñe konpainiaren ikuskizuna, familia guztiarentzat. Akrobazia eta magia saioa, hitzik erabili gabeko antzerki saioan.

Lorca
Abenduak 16, igandea. 19:00. Urnieta. Sarobe.

Garcia Lorcak hurbilekoei idatzitako gutunetan oinarrituriko narrazioa da asteburu honetan Urnietako Saroben eskainiko duten “Lorca, la correspondencia personal” antzezlana. Gema Matarranz eta Alejandro Vera aktoreak igoko dira taula gainera, Juan Carlos Rubioren zuzendaritzapean aritzeko. Bi aktoreek gorpuzten dute poeta, batzuetan gizon eta besteetan emakumezko.

Af NDanza
Abenduak 18, asteartea. 20:00. Andoain. Bastero.

Dantzari gazteek osatzen dute  
AF Ndanza, tribuetako musikari eta dantzarien artean hazi direnak Ugandako “Música para salvar vidas” giza proiektuaren parte dira. Saioan zehar, argiz eta itzalez beteriko errealitatea islatuko dute. Lema zehatza dute: "Derrigorrezkoa da borrokatzea, guraso afrikarrak dituen Espainian bizi den neskatila, emakumeen mutilazioa egiteko jaioterrira  eraman ez dezaten". Ikuskizunak bi zati ditu: lehenengoan Afrikako irudiak eskainiko dituzte, eta bigarrenean antzezlan txikia, musika oinarri duena, emakumeen mutilazioa gaitzesten duena.

Musika ikasleen emanaldiak
Abenduak 20-23

Emanaldi ezberdinak Andoainen:
Abenduak 20, osteguna:
18:00 Andoaingo Udal musika eskolako tailerretako ikasleen Gabonetako emanaldia Basteron.
Abenduak 22, larunbata:
12:00 Soinuak musika eskolako ikasleen emanaldia Basteron.
18:00 Bertso poteoa eta trikiti doinuak kalez kale.
Abenduak 23, igandea:
12:00 Gipuzkoako haur abesbatzen Gabonetako kontzertua Basteron.

Abenduak 18-20
Lourdes Iriondo musika eskolako ikasleen emanaldiak Urnietan:
Abenduak 17, astelehena:
18:30 Instrumentu ezberdinekin osaturiko emanaldia, eta musika hizkuntza tailerreko ikasleen emanaldia.
Abenduak 18, asteartea:
18:30 Pianoa, trikitixa-pandero eta biolina ikasten ari direnen saioa.
Abenduak 19, asteazkena:
18:30 Musika tailerreko ikasleen emanaldia.
18:30 Instrumentu ezberdinekin osaturiko emanaldia.
Abenduak 20, osteguna:
18:30 Klarinetea, saxofoia eta pianoa ikasten ari direnen saioa.

Irunberriren urteurrena
Abenduak 13-16
Ospakizun sorta zabala

Hogei urte betetzen dira aurten Irunberri elkartea ireki zutenetik.
Abenduak 13, osteguna:
19:00 Pintxo-pote berezia. 3nber garagardoaren aurkezpena eta kata.
Abenduak 14, ostirala:
22:00 EH-ko Mus Txapelketa.
23:00 DJ Mai.
Abenduak 15, larunbata:
16:00 Pala txapelketa mixto azkarra.
19:00 Kantujira.
21:00 Afaria Irunberri elkartean. Txartelak Irunberri tabernan salgai.
Abenduak 16, igandea:
17:00 Umeentzat txokolatada eta jokoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!